Marielgo exodoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kubatar etorkinak Floridara iristen.

Marielgo exodoa 1980ko apirilaren 15 eta urriaren 31 bitartean, Marielgo portutik abiaturik, Kubatik Estatu Batuetara alde egin zuten kubatarren emigratze masiboa izan zen. Epe horretan 125.000 kubatar iritsi ziren itsasoz hegoaldeko Floridara[1].

1980eko apirilaren 1ean kubatar batzuk Peruk Habanan zuen enbaxadan sartzen saiatu ziren, omnibus batekin hesiaren aurka joz. Erasoa geldiarazten saiatu zenean, Pedro Ortiz Cabrera azpiofiziala hil zen. Egoitza diplomatikora bortxaz sartzea lortu zuten sei kubatarrek babes politikoa eskatu zuten, eta Peruko gobernuak eman zien. Errepresalia gisa, Kubako gobernuak enbaxadako sarrerako zaindariak kendu zituen. Horren ondorioz, lau egunez 10.800 lagun sartu ziren bertako lorategietara[2].

Horiek horrela, Kubako presidente Fidel Castrok, Habanatik 40 kmra dagoen Marielgo portua ireki, eta Kubatik irten nahi zuten guztiei alde egiteko baimena eman zien. Handik aurrera, ehunka ontzi Miamitik Marielera joan ziren, emigratzaileen bila[2]. Iheslarietako batzuek bidaia itsasontzi komertzialetan egin zuten arren, Marielito gehienak pobreak ziren eta segurtasungabeko txalupetan itsasoratu ziren. Egoeraren larritasuna zela eta, Estatu Batuetako Itsasbazter Guardiak eta Itsas Armadako Infanteriak jardun behar izan zuten errefuxiatuei laguntza ematen[1].

Exodoa urriaren 31n amaitu zen, Kuba eta AEBetako gobernuen akordioaren bitartez. Epe horretan 125.000 kubatar inguru iritsi ziren Estatu Batuetara, gehienak Floridara, eta 27 itsasoan ito ziren[1]. Juan Carlos Zaldívarren 90 Miles (2001) dokumentalak eta Brian De Palmaren Scarface (1983), Mira Nair-en The Perez Family (1995) eta Julian Schnabelen Before Night Falls (2000) fikziozko filmek marielitoen gaia landu zuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Mariel Boatlift Globalsecurity.org
  2. a b El éxodo del Mariel conmocionó a los cubanos Caracol.com.co
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Marielgo exodoa