Marielgo exodoa
Marielgo exodoa | |
---|---|
Mota | emigrazio |
Denbora-tarte | 1980ko apirilaren 15a - 1980ko urriaren 31 |
Herrialdea | Kuba eta Ameriketako Estatu Batuak |
Marielgo exodoa (gaztelaniaz: éxodo del Mariel) kubatarren emigratze masiboa izan zen, 1980ko apirilak 15 eta urriak 31 bitartean Kubatik Estatu Batuetara alde egin zutenak, Marielgo portutik abiaturik. Epe horretan, 125.000 kubatar iritsi ziren itsasoz hegoaldeko Floridara.[1]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1980ko apirilaren 1ean, kubatar batzuk Peruk Habanan zuen enbaxadan sartzen saiatu ziren, omnibus batekin hesiaren aurka joz. Erasoa geldiarazten saiatu zenean, Pedro Ortiz Cabrera azpiofiziala hil zen. Egoitza diplomatikora bortxaz sartzea lortu zuten sei kubatarrek babes politikoa eskatu zuten, eta Peruko gobernuak eman zien. Errepresalia gisa, Kubako gobernuak enbaxadako sarrerako zaindariak kendu zituen. Horren ondorioz, lau egunez 10.800 lagun sartu ziren bertako lorategietara.[2]
Horiek horrela, Kubako presidente Fidel Castrok, Habanatik 40 kilometrora dagoen Marielgo portua ireki, eta Kubatik irten nahi zuten guztiei alde egiteko baimena eman zien. Handik aurrera, ehunka ontzi Miamitik Marielera joan ziren, emigratzaileen bila.[2] Iheslarietako batzuek bidaia itsasontzi komertzialetan egin zuten arren, marielito gehienak pobreak ziren eta segurtasungabeko txalupetan itsasoratu ziren. Egoeraren larritasuna zela eta, Estatu Batuetako Itsasbazter Guardiak eta Itsas Armadako Infanteriak jardun behar izan zuten errefuxiatuei laguntza ematen.[1]
Exodoa urriaren 31n amaitu zen, Kuba eta AEBetako gobernuen akordioaren bitartez. Epe horretan, 125.000 kubatar inguru iritsi ziren Estatu Batuetara, gehienak Floridara, eta 27 itsasoan ito ziren.[1] Juan Carlos Zaldívarren 90 Miles (2001) dokumentalak eta Brian De Palmaren Scarface (1983), Mira Nair-en The Perez Family (1995) eta Julian Schnabelen Before Night Falls (2000) fikziozko filmek marielitoen gaia landu zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Mariel Boatlift. globalsecurity.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-23).
- ↑ a b El éxodo del Mariel conmocionó a los cubanos. Caracol Radio, 2005eko apirilak 9, web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-23).