Edukira joan

Market Garden Operazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Market Garden Operazioa
(II. Mundu Gerra)

Frontea Mendebaldeko Frontea
Paratxutista aliatuak Herbehereetako zeruan
Borrokalariak

AEBak

Erresuma Batua

Polonia

Alemania
Indarrak
35.000 gizon, airez-garraiaturikoak (paratxutistak batez ere) 20.000 gizon
Biktimak
18.000-19.000 baja, hildakoen, zaurituen, desagertuen eta bahituen artean 2000 hildako
6.000 zauritu
Ondorioa
Nijmegen eta Eindhovengo zubiak hartu arren, Aliatuek ez zuten Arnhemgoa segurtatu eta operazioak porrot egin zuen: frontea Alemania eta Herbehereen artean egonkortu zen
Market Garden ondoren

Market Garden Operazioa (1944ko irailaren 17a - 1944ko irailaren 25a) Aliatuak Herbehereetan egiten saiatu ziren operazio militarra izan zen, Bigarren Mundu Gerraren baitan. Hauxe dugu, 1940ko Dunkerkeko erretiradaz geroztik, Aliatuek mendebaldeko frontean izan zuten porrot nagusia.

Operazioa burura eramatearen erantzukizuna airez garraiaturiko dibisioen gain zegoen, hein handi batean. Alemaniarren lerroen gibelera jauzi eginez, paratxutista aliatuen helburu taktikoa Herbehereetako ibai garrantzitsuenak zeharkatzen zituzten hainbat zubi hartzea zen. Atzetik, Belgikako muga gaindituta, aliatuen hainbat unitate blindatu herrialdean sartu ziren. Zubien gaineko kontrola irabazita, Aliatuen asmoa Herbehereak zeharkatzeko korridore bat irekitzea zen. Korridore horrek, teorian, Aliatuek Mosa eta Rhin ibaiak gurutza zitzaten ahalbidetu behar zuen: behin muga natural hori zeharkatuta, erasotzaileen asmoa, Siegfried Lerroa saihestuz, Ruhr ibaiaren haranari eraso egitea zen, alemaniarren industriagune nagusia, gerraren amaiera izugarri azkartzeko.

Hasiera batean, Aliatuen operazio militarrak lehen helburuak lortu zituen, batez ere estatubatuarrek Waal ibaiaren gaineko Nijmegengo zubia irailaren 20an hartu zutenean. Britainiarrek, ordea, ez zuten Arnhemen Rhin ibaiaren gaineko zubia hartzerik izan. Alemaniarrek kontraerasoa abiatu zuten, eta britainiarrek Arnhemen zuten Airez Garraiaturiko Lehen Dibisioa erabat suntsituta, operazioaren osotasuna hondoratu zuten: hura izan zen alemaniarrek Mendebaldeko Frontean izan zuten azken garaipen taktikoa.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]