Marthasterias glacialis

Wikipedia, Entziklopedia askea
Marthasterias glacialis
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaEchinodermata
KlaseaAsteroidea
OrdenaForcipulatida
FamiliaAsteriidae
GeneroaMarthasterias
Espeziea Marthasterias glacialis
Linnaeus, 1758

Marthasterias glacialis Ozeano Atlantikoaren ekialdean bizi den itsas izarra da[1]. Arantzaz jositako bost beso luze ditu.

Gure kostaldean aurkitzen den itsas izar handienetakoa da. Harrapari handia ere bada eta molusku haztegietan triskantzak egin ditzake.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lineok deskribatu zuen 1758. urtean Systema Naturae liburuaren hamargarren edizioan. Asterias glacialis izena eman zion. 1878. urtean Jullienek Marthasterias generoa sortu zuen aurkitu berri zuen Marthasterias foliacea itsas izarrarentzat, baina berehala ikusi zen espezie bera zirela eta Marthasterias glacialis izena hautatu zen bientzat.

Aurrez itsas izar bera aurkitu zen Hegoafrikako kostaldean eta orduan espezie beraren bi espezie ezarri ziren:

  • Marthasterias glacialis f. africana (Müller & Troschel, 1842)
  • Marthasterias glacialis f. rarispina (H.L. Clark, 1923)

2023ko urrian erabaki zen bi espezie desberdin zirela; Marthasterias africana eta Marthasterias glacialis[2].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marthasterias glacialis itsas izarra eta Sphaerechinus granularis itsas trikua.

Marthasterias glacialis itsas izar nahiko handia da, 25-30 cm inguruko tamaina hartzen duena, nahiz eta 80 cm-ko alerik ere aurkitu izan den[3].

Erdialdeko diskoa txikia da eta handik bost beso lirain eta arantzatsuak ateratzen dira. Tarteka 8 beso dituzten izarrak ere ikusten dira[4]. Beso bakoitzak kono itxurako arantza zurizko hiru lerro ditu punta morea edo horia dituztenak. Arantza bakoitzaren inguruan pedizelarioak ditu, besoa garbitzeaz arduratzen diren luzakinak dira[3].

Besoaren oinarrizko kolorea desberdina izan daiteke alerik alera, gris-berdexka edo marroia gehienetan. Itsas izar gazteen kolorea apalagoa izan ohi da eta helduena, eta sakonera handiagotan bizi direnena ere, biziagoa da. Besoak zurrunak dira eta sekzio nahiko borobila dute. Muturrerantz estutzen doaz[5]. Beso bakoitzaren puntan orban arrosa bat ageri da, ozeloaren funtzioa betetzen duena. Besoen azpialdean hanka anbulakralen launa lerro ageri dira, itsas izarrak desplazamendurako erabiltzen ditu[6].

Erdiko diskoak kupula txiki bat eratzen du eta kolorez ilunagoa da. Inguruan arantzaz osaturiko pentagono bat du[4]. Azpialdean uzkia eta plaka madreporitikoa du, uraren iragazketa kontrolatzen duen karezko egitura.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean aurkitzen da, Norvegiatik hasi eta Cabo Verde uhartediraino. Gineako golkoan ere ikusi izan da. Bestalde, Mediterraneoan ere aurkitzen da[4]. Gure inguruan Zumaiako flyschean eta Urdaibain ikustea ohikoa da[7].

Kostaldeko hondo harritsuetan bizi da, arroka arteko arrakaletan sartzen da harrapariengandik babesteko. Ur sakonagoetan bizi diren izarrak sustratu finagoetan ezkutatzen dira. Argitasun gutxi dagoen tokiak atsegin ditu, dela sakoneragatik, dela uraren uhertasunagatik[3]. 200 metro arteko sakoneran aurkitzen da[6]

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Besoaren muturra: gainaldean arantzak eta azpialdean hanka anbulakralak.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marthasterias glacialis itsas izarra haragijalea da eta aukera badu sarraskijalea ere bai[4]. Molusku bibalbioak (ostrak, muskuiluak...) kontsumitzen ditu nagusiki, baina itsas trikuak, krustazeoak eta bestelako ornogabean ere jaten ditu[6]. Itsas trikuek oskolean aurkitzen diren zuloak gehienetan Marthasterias glacialis itsas izarrak eragindakoak izaten dira[3].

Digestioa kanpoan egiten du. Harrapakina inmobilizatu eta korapilatu ondoren hankekin oskola ireki eta urdaila ateratzen du harrapakinaren haragia digeritzeko[3].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexuak bereizita dituzte. Feromona baten presentziaren ondorioz itsas izar arrek eta emeek aldi berean askatzen dituzte gametoak eta uretan ernaltzen dira. Larbak ur azalera igotzen dira eta zooplanktonaren parte bihurtzen dira. Garatzen direnean itsaso hondora jaisten dira[6].

Istripu batean beso bat edo gehiago galtzen baditu berriak sortzen ditu itsas izar gehienek egin ohi duten eran, eta bereizitako beso hark ere garro berriak sortuko ditu itsas izar bereiz bat bihurtuz[6].

Gizakiarekin harremana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Molusku bibalbioen haztegietan Marthasterias glacialis itsas izarrari beldur handia izaten zaio. Bestalde akurioetan ohikoa da aurkitzea, oso ongi egokitzen baita eta kolore bizi erakargarriak baititu[6].

1995ean, CNRS Roscoff estazio biologikoan itsas izar honen arrautzetatik ateratako proteinekin (kinasa) lan egiten zuen bitartean, Laurent Meijerrek roskovitina aurkitu zuen, ziklinaren menpeko kinasa (CDK), tumoreen aurkako CDK inhibitzaileetako bat bihurtu zena[8].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «WoRMS - World Register of Marine Species - Marthasterias glacialis (Linnaeus, 1758)» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
  2. «WoRMS - World Register of Marine Species - Marthasterias Jullien, 1878» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
  3. a b c d e (Gaztelaniaz) «Estrella de mar (Marthasterias glacialis)» www.malaga.es 2024-01-02 (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
  4. a b c d (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Marthasterias glacialis (Linnaeus, 1758)» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
  5. «Marthasterias glacialis | Centro de Interpretación del Litoral La Maruca» turismo.santander.es (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
  6. a b c d e f «Marthasterias glacialis | DORIS» doris.ffessm.fr (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
  7. «Urdaibai.org. Urdaibaiko Galtzagorriak» www.urdaibai.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
  8. (Frantsesez) Baratte, Blandine; Serive, Benoît; Bach, Stéphane. (2015-05-01). «Le criblage à Roscoff - Une recherche d’inhibiteurs de kinases tournée vers la mer» médecine/sciences 31 (5): 538–545.  doi:10.1051/medsci/20153105016. ISSN 0767-0974. (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]