Martin Elizakoetxea
Martin Elizakoetxea | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Azpilkueta, 1679 |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Michoacán, 1756ko azaroaren 19a (76/77 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | apaiz katolikoa |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Martin Elizakoetxea (Azpilkueta, 1679 – Michoacán, Espainia Berriko Erregeorderria, 1756ko azaroaren 19a) nafar elizgizona izan zen. 1736-1745 bitartean Durangoko apezpikua eta 1745-1756 bitartean Michoacángoa izan zen[1].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baztan bailarako Azpilkueta herrian jaio zen, 1679an. Gurasoak Juan Elizakoetxea eta Katalina Dorre Etxebarria izan zituen. 1698an, 19 urte zituela, Alcaláko unibertsitatean sartu zen. Hiru urteren buruan Arteetako batxiler titulua erdietsi zuen, eta ondoko urtean lizentzia. 1706an eman zioten ikasle laguntza bati esker, teologia ikasi ahal izan zuen; 1711n doktoregoa lortu zuen. Zenbait urtez ordezko irakasle izan ostean, 1714an doktrina tomistaren katedra lortu zuen Arteetako fakultatean[1].
1716an Espainia Berrira joan zen, Mexikoko Katedraleko kalonje kargua hartzera. 1726an Mexikoko Unibertsitateko kantzelerario izendatu zuten, eta 1729an Katedraleko dean. 1736ko otsailaren 28an Klemente XII.ak Durangoko Elizbarrutiko apezpiku izendatu zuen. Oso apezpiku ibiltaria izan zen: 1737ko garizuma eta 1738ko martxo artean elizbarruti osoa bisitatu zuen, 2.000 legoa baino gehiago ibiliz[1].
1745ean Michoacángo apezpiku izendatu zuten. Orduan oso auzi luze eta korapilatsua piztu zen Elizakoetxea eta Durangoko Katedraleko kalonjeen artean. Azkenik, 1755ean, arrazoia eman batzitzaion ere, afera hau kolpe latza izan zen azpilkuetarraren eliz karrerarentzat. Michoacángo gotzainaldian ia elizbarruti osoa bisitatu eta parrokia guztietan lehen hezkuntzako eskolak ireki zitezen agindu zuen. Santa Rosa ikastetxeko eliza eta San Pedro apaizgaitegia eraikitzeko dirua eman zuen. 1756ko azaroaren 19an hil zen[1].
Sorterrira igorri zuen diruaren bitartez, Azpilkuetako San Andres eliza birmoldatu zen[2].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d Luis Miguel GUTIÉRREZ TORRECILLA: Martín de Elizacoechea, un navarro obispo en América (1679-1756) Príncipe de Viana aldizkaria, 202 (1994). Dialnet.unirioja.es
- ↑ Azpilkuetako San Andres parrokia Baztangoudala.eu