Mendiriz Mendi Elkartea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mendiriz Mendi Elkartea
Mendiriz Mendi Elkartearen logoa.
Kokapena
Arkitektura

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendiriz Mendi Elkartea (Hernani, Gipuzkoa) 1946ko ekainean jaio zen Hernani Kirol Kluba (Club Deportivo Hernani, CDH) elkartearen baitako atal gisa. 1954ko abuztuaren 1ean, Juán Otamendi Emery eta Antonio Agirresarobe lagunak Argualas (3.046 m) mendiaren gailurrera igo ziren, eta igoera horrekin Mendiriz Mendi Elkartea Estatuko Mendi Federazioan (FEDME) sartzea lortu zuten (Mendi Federazioan sartzeko ezinbesteko baldintza baitzen 3.000 m-tik gorako gailurren bat zapaltzea). 1955. urtean elkarteak Santa Barbarako baselizaren eraikuntzan parte hartu zuen. 1964an, CDHri lotuta jarraitzen zuen arren, erakunde autonomo bihurtu zen, eta urte horretan eratu zen taldearen lehendakaritza, eta hainbat lehendakari izan ditu elkarteak (Periko Puente, Antton Garin, José María Larretxea, Arantxa Karrera, Arantxa Zuza, Mikel Zugasti, Inaxio Sanz, Prontxio Urdangarin, Guillermo González, Josetxo Zuza…, besteak beste). 1974. urtean, Joxe Legarretaren ekimenez, lehenengo zuhaitz-eguna ospatu zen, gaur egun oraindik ere otsaileko asteburu batean egiten dena, Hernaniko Udalaren eta Ereñotzuko auzokideen laguntzarekin. 1978an Mendizale Astea berreskuratu zen, eta azaroko bigarren astean ospatu ohi da. 1980. urtean lehenengo argazki-lehiaketa antolatu zen, Mendizale Astearen baitan. 1984eko uztailean Mendiriz Mendi Hilargiaren Argipean aldizkariaren lehenengo alea argitaratu zen (1987ko ekaina bitartean zazpi ale argitaratu ziren). 1986an Club Deportivo Hernanitik erabat banandu eta Mendiriz Mendi Elkarte independiente gisa sortu zen. 1990ean Mugarri Festa jarri zuen martxan, udalerriko mugetan barrena urtero egiten den ibilbidea. Egun, San Miguel (irailaren 29a) egunaren ondorengo asteburuan egin ohi da eta udalarekin batera antolatzen da. 1996an ospatu zen Klubaren 50. urteurrena. Elkartearen 50 urteak jasotzen dituen aldizkaria argitaratu zen eta Euskal Herriko 49 gailur eta Argualas mendia igo ziren. 2012an Hernaniko Ibilbide Sarea prestatu eta argitaratu zen. 2013an elkartearen weborria argitaratu zen, eta 2018an elkarteari buruzko artikulua, wikipedian.

Bere bidea hasi zuenetik, askotariko mendi-ibilbideak antolatu ditu Mendiriz Mendik (gaur egun, hilabetean bi irteera antolatzen ditu, bat helduentzat eta bestea haur nahiz gaztetxoentzat), eta baita ere mendizaletasuna sustatzeko ekimenak, ikastaroak, proiekzioak, etab. Eta arlo horretan lanean jarraitzen du elkarteak.

Klubaren egoitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bar Frontón, klubeko kideek bertan elkartzeko ohitura zuten, eta bilerak ere bertan egiten zituzten.
  • Apaizetxearen behea.
  • Biteri, Kultur Etxea izan aurretik.
  • Hernaniko Udal Kiroldegia.
  • Cáritas (behin behinean).
  • Iturregi plaza, gaur egungo egoitza, Udalak utzitako aretoa.

Klubaren egoitzan erabilera berezituetarako guneak daude: erabilera anitzeko gela (harrera-lekua, bilera-gela eta liburutegia, non 11 arlotan sailkatutako 300 liburutik gora eta askotariko mapak dauden kontsultagarri), federazio-izapideetarako bulegoa, alokatzen den mendirako materiala gordetzeko gunea eta gela txiki bat proiekzioetarako.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Mendiriz Mendi Elkartea, Mugarri Festa, 25 aniversario. Hernani, 21. urtekaria 2014, 33-37 or.
  • Mendiriz Mendi Elkartea, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Hernaniko udala, Hernaniko Ibilbide Sarea – Hernani Ezagutuz. Hernani, 20. urtekaria 2013, 08-13 or.
  • Mendiriz Mendi Elkartea, Mendiriz Mendi, 50. urteurrena. Mendiriz Mendi Elkartea, 1996.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]