Metafora

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Metafora hitza grezieratik dator, μεταφορά (μετά + φορεῖν), euskaraz “haratago daraman hitza”. Metafora tropo bat da. Sustraian bi osagaien arteko antzekotasuna dago non errealitate bat beste baten izenarekin ordezkatzen den; bati erreferentzia egiterakoan bestearen izena erabiltzen da.[1] Adibidez, perlak eta hortzak konparatzea metafora klasikoa da: “zure ahoaren perlak”. Hortzak esan beharrean, perlak aipatu ditugu.

"Zure begietako itsasoa", metafora klasikoa

Metafora erretorikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literaturan antzinatik erabilitako figura da metafora. Tradizionalki hiru elementu aipatzen dira: irudi erreala, irudi asmatutakoa eta haien arteko antzekotasuna. Horren arabera lehen aipatu dugun adibidean “hortzak” elementu erreala dira, “perlak” iruditakoa eta haien arteko antzekotasuna kolorea, dirdira, e.a.

Metaforak mota desberdinetakoak izan daitezke:

  • Metafora soila edo arrunta: bi hitzak bata bestearen ondoan agertzen direnean.
      • “Zure hortzak perlak dira”
  • Metafora purua: hitz erreala desagertzen denean, bakarrik asmatutakoa agertuz.
      • “Zure perlek liluratzen naute”[2]

Tradizionalki ere metafora eta konparazioa berezitu egin dira. Haien arteko desberdintasuna honetan datza: konparazioan bi elementuen arteko antzekotasuna markatu egiten da (“zure begiak itsasoa bezalakoak dira”) eta metaforan identifikazioa ematen da (“zure aurpegiko itsasoa”). Dena dela, gaur egun, egile askok biak identifikatzen dituzte, konparazioa metafora mota bat bezala aurkeztuz.

Gaur egun literatura garaikidean beste metafora mota bat erabiltzen da: metafora ameslaria; metafora mota honetan bi terminoen arteko lotura ez dago garbi, irrazionalagoa da. Esaterako, “ilargia zeruan aizto bat da” hasieran behintzat ez dago oso garbi “aizto” eta “ilargi” arteko lotura.

Metafora eguneroko hizkuntzan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguneroko hizkuntzan sarritan metafora erabiltzen dugu, horretaz kontzientea izan gabe. Fenomeno hori hitz berriak sortzeko bidea da. Adibidez, ordenagailuko sagua aipatzen badugu hor tresna teknologikoa eta animalia konparatu egin ditugu eta, ondoren, identifikatu. Beraz “ordenagailuko sagua” metafora baten bitartez sortutako hitz berri bat da.

Ordenagailuko saguak metafora batean du bere oinarria.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Jon Kortazar, 557 or.
  2. Jon Kortazar, 558 or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]