Mintzapraktika
Mintzapraktika euskararen erabilera sustatzeko ekimen orokorra da, Euskal Herri osoko mintzalagun, berbalagun, mintzakide edo solaskide taldeak biltzen dituena. Helburua hiztunak arlo teorikotik praktikara igarotzea da, gizartean ikusgarri bihurturik eta beti ere boluntariotzan oinarrituta. Horretarako, mendirako txangoak, ekitaldi kulturalak eta abar antolatzea ohikoa da.
Hamabost urte baino gehiagoko ibilbidea dute ekimen horiek, eta gaur egun Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan martxan daude, 40 udalerritan eta 2.000 bat parte-hartzailerekin.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aitzindaria Donostiako Mintzalagun ekimena izan zen 1993an, eta ordutik hedatuz joan dira antzeko egitasmoak Euskal Herrian zehar. 2000an Bizkaiko erakunde publikoak herrialde hartan mintzapraktika antolatzen hasi ziren. Azkenik, 2007an Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetarako koordinazio moduan, "Mintzapraktika" ekimena abian ipini zuten AEK, Topagunea eta Eusko Jaurlaritzak.
Urte batzuk lehenago, 1989an Kataluniako Generalitateak eta 19 udalerrik sortu zuten Consorci per a la Normalització Lingüística erakunde publikoa martxan ipini zuten, voluntaris per la llengua izeneko ekimenak lankidetzan egiteko asmoz. Katalunian, ohikoa da mintzapraktika taldeetan Espainiatik kanpotik bertaratutako herritarrek parte hartzea.
Halaber, Galizian ere 2007an erakunde publikoak lehenengo ekimenak sustatzen hasi ziren.