Moshood Abiola
| Moshood Abiola | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Abeokuta, 1937ko abuztuaren 24a |
| Herrialdea | |
| Lehen hizkuntza | ingelesa jorubera |
| Heriotza | Abuja, 1998ko uztailaren 7a (60 urte) |
| Heriotza modua | giza hilketa |
| Familia | |
| Ezkontidea(k) | Rẹ̀mí Abíọ́lá Kudirat Abiola (en) |
| Seme-alabak | ikusi
|
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Mutilen Batxilergoa Baptista |
| Hizkuntzak | ingelesa nigeriar pidgina jorubera |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | politikaria, enpresaburua, filantropoa, argitaratzailea eta negozio-handikia |
| Ideologia eta sinesmenak | |
| Erlijioa | islama |
| Alderdi politikoa | National Council of Nigeria and the Cameroons (en) |
Moshood Kashimawo Olawale Abiola (Abekouta, Britainiar Nigeria[oh 1], 1937ko abuztuaren 24a - Abuja, 1998ko uztailaren 7a) nigeriar enpresaburu eta politikaria izan zen. Demokraziaren ikurra eta Nigeriako erregimen militarrari aurka egin zion oposizioaren buruzagi garrantzitsuena izan zen. Espetxean hil zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Moshood Abiola Abekoutan jaio zen, 1937ko abuztuaren 24an, herrialdea Britainiar Inperioaren barnean zegoelarik. Joruba etniakoa zen. Kontabilitate-ikasketak egin zituen Glasgoweko Unibertsitatean, Eskozian. Sorterrira itzulita, 33 urte zituela, Telephone and Telegraph (ITT) multinazionalaren Nigeriako sukurtsalaren zuzendari izendatu zuten, eta Afrikarako eta Ekialde Hurbilerako lehendakariorde.
Bere herriko enpresabururik boteretsuenetakoa izatera iritsi zen petrolioaren, merkataritza-itsasketaren eta prentsaren esparruetan, eta negozio pribatuetan izan zuen arrakastagatik, Midas nigeriarra izengoitia ipini zioten. Mezenas gisa ere aritu zen ikasketetarako beka ugari banatuz, eta, oro har, lan handia egin zuen bere dirua eta ezagutzak arraza beltzeko gizon-emakumeen alde erabiliz.
1978. urtean hasi zen politikagintzan, eta Alderdi Nazionalean kargu garrantzitsua izatera ere iritsi zen, baina alderdia eta politika utzi zituen, Muhammadu Buhari boterera eraman zuen 1983ko estatu-kolpe militarraren aurretik.
1993ean itzuli zen berriro politikara Alderdi Sozialdemokratarekin, eta 1993ko ekainaren 12ko hauteskundeetan presidentetzarako hautagai izendatu zuten. Lehen datuen arabera, botoen % 80 lortu zuen Lagos estatuan (biztanle gehien dituena), begiraleen esanetan 1960an independentzia iritsi zenez geroztik Nigerian egin diren hauteskunderik garbienetan; hala ere, hauteskunde-batzordeak bertan behera utzi zituen bozketen emaitzak.[1]
1994ko apirilean presidente izateko zuen eskubidea aldarrikatu eta bere burua estatuburu izendatu zuen. Sani Abacha diktadorearen erregimenak traizioa leporatu eta espetxeratu zuen. 1998ko uztailaren 7an hil zen kartzelan, iturri ofizialen arabera, bihotzekoak jota; familiaren esanetan, berriz, pozoiturik.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Gaur egun Ogun estatua, Nigeriako Errepublika
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Militarrek berreskuratu dute Nigeriako agintea. Euskaldunon Egunkaria, 1993ko azaroak 19, berria.eus (kontsulta data: 2026-9-1).