Edukira joan

Lagos

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Koordenatuak: 6°27′N 3°24′E / 6.45°N 3.4°E / 6.45; 3.4
Wikipedia, Entziklopedia askea

Artikulu hau Nigeriako hiriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lagos (argipena)».
Lagos
Lagos
Èkó
hiria
Administrazioa
Estatu burujabe Nigeria
Nigeriako estatuLagos Estatua
AlkateaBabajide Sanwo-Olu (en) Itzuli
Izen ofizialaLagos
Jatorrizko izenaLagos
Èkó
Posta kodea100001–112005
Geografia
Koordenatuak6°27′N 3°24′E / 6.45°N 3.4°E / 6.45; 3.4
Map
Azalera1.171,28 km²
Altitudea10
Demografia
Biztanleria15.070.000 (2022ko martxoaren 21a)
1.166.380 (2019)
Dentsitatea12.866 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera1472
Telefono aurrizkia010
Ordu eremuaUTC+01:00
Hiri senidetuakBukarest, Atlanta, Brusela, Kairo, Cotonou, Fukuoka, Istanbul, Jaipur, Montego Bay, Newcastle upon Tyne, Nurenberg, Ancient Olympia Municipality (en) Itzuli, Port-of-Spain, Ra'anana (en) Itzuli, Rio de Janeiro, Salzburgo, Taipei, Tbilisi, Tolosa Okzitania, Maputo, Belo Horizonte eta Gary
Hizkuntza ofizialaingeles
http://www.lagosstate.gov.ng/

Lagos Nigeriako hiri nagusia da, 17 milioi biztanle inguru dituena, Afrikako handienetako bat, bigarrena Egiptoko Kairoren ondoren.[1] Nigeriako hiriburua izan zen, 1991n hiriburutza Abujara aldatu zen arte. Nigeriako hiriburu komertziala izaten jarraitzen du Lagosek. 6° 34′ 60″ N eta 3° 19′ 59″ E koordenatuetan dago.

Hiria zenbait uharteren gainean altxatzen da, Lagoseko aintzira hegoaldetik eta inguruko lurretik ixten dutenak. Jatorriz, «Eko» izeneko herrixka txiki bat zen, eta Atlantikoko kostako portu natural bakanetako bat zen, kokaleku ezin hobea Europarekin harremanak egiteko. XV. mendetik aurrera, portugaldar itsastarrek merkataritza gune bat eraiki zuten uhartean, eta Lagos izena eman zioten, Portugal hegoaldeko hiri baten oroiminez. Espezieak, bolia eta esklaboak saltzen zituzten bertatik. Britainiarrek 1807an hartu zuten hiria, esklaboen trafikoa kontrolatzeko saiakeratako batean. Lagos 1900ean sartu zen Nigeriako kolonian.

Merkataritza gunea Lagos uhartea da, berez, lehorrari lotua hiru zubi luzeren bidez: Eko, Carter eta Third Mainland Bridge. Ikoyi eta Victoria uharteak ere lotuta daude Lagos uhartearekin. Portua Apapan dago, Lagos uhartearen aurre-aurrean. Hiriko beste auzo batzuk, lur irmoan kokatuak, dira: Ebute-Meta, Surulere, Yaba (Lagoseko Unibertsitatea dagoen lekua), Mushin eta Ikeja, Murtala Mohammed nazioarteko aireportua dagoen lekua.

Lagoseko klima Nigeriako hegoaldearen antzekoa da. Bi denboraldi euritsu daude: indartsuena, apirila eta uztaila artean; eta ahulago bat, urria eta azaroa artean. Abendua eta martxoa bitartean igarotzen da lehor denboraldirik luzeena, eta urtarrileko euri prezipitazioa 35 mm baino ez da. Sasoi lehorrean, hautsez betetako haize lehorrak (Harmattan izeneko haizeak) iristen dira Saharako basamortutik, iparraldean. Urtarrileko batez besteko tenperatura 27 °C (79 °F) izan ohi da, eta uztailekoa, 25 °C (77 °F). Hilabeterik beroena martxoa da, batez beste 29 °C (84 °F) tenperaturarekin.[2]

Tenperaturak eta euriak Lagosen
hilabeteak[3][4] urt ots mar api mai eka uzt abu ira urr aza abe
gehieneko tenperaturak (°C) / (°F) 31 / 88 32 / 89 32 / 90 32 / 89 31 / 88 29 / 85 28 / 82 28 / 82 28 / 83 30 / 85 31 / 88 31 / 88
gutxieneko tenperaturak (°C) / (°F) 25 / 76 26 / 79 27 / 80 26 / 80 26 / 78 25 / 77 24 / 75 24 / 75 24 / 76 24 / 76 25 / 77 25 / 76
batez besteko euria (cm) / (inch) 1,25 / 0,49 2,14 / 0,84 5,38 / 2,12 10,96 / 4,31 15,49 / 6,10 23,15 / 9,11 9,77 / 3,85 4,24 / 1,67 10,2 / 4,02 12,72 / 5,01 3,22 / 1,27 1,17 / 0,46

Gune interesgarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lagoseko Murtala Mohammad nazioarteko aireportuaren nazioarteko terminala.

Aintziraren inguruko lehorrean daude bizitoki gehienak eta gaueko bizitza guztia, musika klubekin. Inguru berean dira estadio nazionala, unibertsitatea eta tren geltokia; bertatik ateratzen dira trenak Kanorantz. Hiriko gune erakargarrien artean daude Museo Nazionala, Tafawa Square —gerrari buruzko monumentuengatik ezaguna—, Independence House izeneko etxe orratza —1963an eraikia—, zenbait merkatu —horien artean Balogunekoa— eta brasiliar auzoa, guztiak Lagos uhartean; baita Antzoki Nazionala eta zenbait hondartza ere. Hiriak bi aireportu ditu: Murtala Mohammed nazioarteko aireportua eta Lagos Domestic Airport izenekoa, barneko hegaldietarako.

Lagos, jatorriz, joruba herriaren awori azpitaldeak bizi zen. Merkataritzak talde ugari erakarri zituen bertara, besteak beste, ijebuak XV. mendean, eta binisak XVI. mendean.[5][6][7] Aworitarrak gaur egun Iddo deitzen den uharte batean ezarri ziren, eta gero Eko izeneko Lagos uharte handienean.[8] Haien agintari Olofinek uhartea bere hamar semeen artean banatu zuen.[9] Horietako batek, Aromirek, piperra landatu zuen ondoko Lagos uhartean. Yoruben errege Iga Idunganranen jauregia, gero gune honetan eraiki zena, beraz, hitzez hitz «piper baserriko jauregia» deitu zuten.[10]

Aworitarren ezarrera gertatu eta denbora batera, uhartea benindarrek eraso egin zieten, lurraldean mendean hartu nahirik. Alabaina, aworitarren kemena k behin eta berriz kanporatu zituelarik, benindarrek estrategiaz aldatzea erabaki zuten: indar erakustaldirik egin gabe, baimena eskatu zuten bertara sartzeko, eta baimen hori lortu zuten.[11]

1472an, portugaldar esploratzaileak iritsi zirenean, merkataritza lanetan hasi ziren,[12] dirudienez, geroago, beste europar batzuek egin zuten bezala.[13] Lagos (portugesez «aintzirak») portugaldarrek kokalekuari emandako izena izan zen. Historian zehar, inguru horretan finkatu ziren joruba etniako talde borrokalari batzuen bizilekua izan zen. Aworitarren noblezia hasieran bertan finkatu ondoren, estatua portugaldarren eskuetara iritsi zen lehen aldiz XV. mendean.[14]

Lagos britainiar kolonia bezala anexionatua izan zen formalki 1861ean. Horrek eragin bikoitza izan zuen: alde batetik, esklaboen trafikoa desegin zuen; eta, bestetik, britainiarrek zenbait produktu komertzialen gaineko monopolioa ezarri zuten.[15] Gaur egungo Nigeriaren gainerakoa 1887an gehitu zen Britainiar Inperiora, eta 1914an, Nigeriako Kolonia eta Protektoratua ezarri zirenean, Lagos hiriburu deklaratu zen, 1960an Erresuma Batutik independentzia lortu ondoren hiriburu izaten jarraitu zuelarik. Esklabo izandakoak —batez ere Freetown, Sierra Leona, Brasil eta Mendebaldeko Indietatik iritsiak—, eta Nigeria osoko nahiz Mendebaldeko Afrikako beste leku batzuetatik etorritakoei kreole izena ematen zaie. Kreolek Lagosen modernizazioan asko lagundu zuten, besteak beste Portugalgo arkitekturaz ongi jabetuta baitzeuden, Lagos Uharteko arkitekturan ikus daitekeen bezala.[16]

Lagosek hazkunde azkarra izan zuen 1960 eta 1970 urteen artean, Nigeriako Gerra Zibilaren aurretik, herrialdearen hazkunde ekonomikoaren ondorioz. Nigeriako hiriburua izan zen Lagos 1914 eta 1991 artean. Hiriburutza galdu zuen Abuja hiria sortzea erabaki zenean. 1991ko azaroaren 14an, lehendakaritza eta beste gobernu organoak hiriburu berrira eraman zituzten. Hala ere, gobernu erakunde asko luzaroago gelditu ziren Lagosen, Abujako hiria guztiz eraikitzen bukatu zuten arte. Hiriburutza galduta ere, Lagosek jarraitzen du Nigeriako hiri handiena eta eraginkorrena izatean, maila ekonomikoan eta sozialean.[17]

Lagoseko biztanleriaren bilakaera
urtea biztanleak
2025 17.156.000
2020 14.368.000
2015 12.239.000
2010 10.441.000
2005 8.859.000
2000 7.281.000
1995 4.825.000
1990 4.764.000
urtea biztanleak
1985 3.500.000
1980 2.572.000
1975 1.890.000
1970 1.414.000
1965 1.135.000
1960 762.000
1955 468.000
1950 325.000
Iturria: MacroTrends[18]

Lagosen biztanleria, eta Nigeriarena oro har, eztabaida gai izan da XX. mendearen hasieraz geroztik.[19] Arazoa ez da bakarrik gobernuak aldian behin egindako zentsu ofizialaren datuak auzitan jarri ohi dituztela adituek nahiz hedabideek —benetako kopuruetatik bai goregi bai beheregi daudela leporatuta—, baizik zentsuaren ardura duten erakundeek ere ez dituztela aintzat hartzen biztanleriari buruzko datu ofizialak.

2013an, Nigeriako Populazio Batzorde Nazionalaren zuzendari Festus Odimegwuk hala adierazi zuen, kargutik kendu zutenean: «Nigerian ez da errolda sinesgarririk egin 1816az geroztik. 2006an egindakoa ere ez da sinesgarria. Ospe handiko akademikoek eta irakasleek egindako azterketak eta frogak ditut; hau ez da nire iritzia. Egungo legeak aldatzen ez badira, aurreikusitako 2016ko errolda ez da aurrera aterako».[20]

Auzi eta eztabaida horien jatorrian —edo haien iturburuan, nondik begiratzen den— egon daiteke Nigeriako estatu edo probintzia bakoitzaren lehia ekonomikoa, estatu bakoitzaren biztanleriak Nigeria osoaren populazioaren barruan duen proportzioaren arabera banatzen baitira finantzaketa publikoak.[21]

Nolanahi ere den, nazioarteko behatzaileen arabera, Afrikako hiri populatuena da Lagos 2012az geroztik, Kairoren aurretik.[22]

Nigeriako hiririk oparoena da Lagos, eta negozio edo jarduera ekonomiko gehienak hemen pilatzen dira. Lagoseko eta Nigeriako merkataritza, finantza eta negozio enpresa gehienak Lagos uharteko finantza barruti nagusian daude, hiriko eraikin garaienak biltzen dituena. Han daude, halaber, herrialdeko banku eta finantza erakunde gehienak, baita korporazio handien egoitza nagusiak ere. Lagosek bizi mailarik oparoenetako bat du. Nigeriako edo Afrikako zati handi bateko beste hiri batzuekin alderatuta. Horren erakusle da teknologia arloko enpresa gehiago daudela Lagosen, Afrikako beste edozein hiritan baino.[23]

Lagoseko portua Nigeriako portu nagusia da, eta Afrika osoko garrantzitsuenetako bat. Hiru atal nagusitan banatuta dago: Lakoseko portua, Lagos uhartetik gertu dagoen kanalaren ubide nagusian, oso erabilia ez dena; Apapako portua, edukiontzien terminala dagoen lekua; eta Ten Can portua. Azken biak Badagry Creek itsasadarrean daude, mendebaldetik Lagoseko porturantz doana.[24]

Nigeriako itsas merkataritzaren erdia baino gehiago hemen kudeatzen da, eta portuak ontzi aldaketa puntu gisa ere jarduten du itsasora irteerarik ez duten herrialdeentzat, hala nola Txad edo Niger. Urtero 5.700.000 tona zama duten 1.000 itsasontzi inguruk hartzen dute lur Lagoseko portu multzoan.[24]

Egoera soziala, ekonomia informala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Desberdintasun sozialak aski nabarmenak dira Lagosen, oso aberatsetatik oso pobreetara. Lagosek gazte eta familia asko erakarri ditu Nigeriako beste herrialde gehienetatik, bizitza hobe baten bila.[25][26]

Lagoseko auzune batzuetan, Nigeriako eta Afrikako bizitza maila garaienetako bat dute.[27]

Ez dago datu fidagarririk Lagosen dagoen langabezia tasaz, biziraupen mailatik behera bizi den populazioaz eta abar, eta ematen diren datu apurrak eszeptizismoz hartu behar dira. Horren arrazoia da Mendebaldeko Afrikan oso zabalduta dagoen ekonomia informala (ez da nahastu behar merkatu beltzarekin). Soldatapeko ohi lanetan lanpostu gutxi direnez, jendeak bizibidea beste nonbait bilatu beharra dauka. Horrek garatzen du ekonomiaren sektore informala, non ez baitago gutxieneko soldatarik eta langileek ez baitute zergarik ordaintzen, jaiegunik edo lan eskubiderik gabe eta, askotan, segurtasun eskaseko baldintzetan.[28]

Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, Lagos estatuan soilik 5,5 milioi pertsona inguruk —Lagoseko langileen hiru laurden inguru— egiten dute lan ekonomia informalean.[29] Lagos osoan, nonahi ikusten ahal dira saltzaile ibiltariak, artisauak, enpresa txiki eta mikroak, taxi partekatuak, trizikloak eta mototaxiak, etxeko langileak eta sektore informalean aritzen diren beste langile batzuk.[28]

Ekonomia informaleko jarduerak ez dira estatistika ekonomikoetan sartzen. Horren ondorioz, herritarren aberastasuna, baina baita langabezia ere, nabarmen gutxiesten dira ekonomia informal masiboa kontuan hartzen ez bada.[29]

Lagoseko hiru zubietako bat.

Hiriaren barruti edo auzoak lotzeko, zenbait ferry eta errepide erabil daitezke. Hala eta guztiz ere, Lagos barruko komunikazioa gainezka egiteko puntu batera iritsi da, neurri batean hiriaren kokapen geografiko beragatik eta biztanleriaren hazkunde azkarragatik, baina eragin handia dute, baita ere, egoera txarrean dauden hiri bide ugariek eta gidatzeko ohitura txarrek.[30] Nolanahi ere, Mendebaldeko Afrikako errepide sare handi eta zabalenetakoa du Lagosek. Autobide gehienak Alemaniako eraikitzaileek eraikiak dira.[31]

Afrikako beste hiri askotan bezala, autobus maiztuak, taxi partekatuak eta mototaxiak kopuru handitan ibili ohi dira Lagoseko kaleetan barrena. Garraiobide publikoak herritarrez leporaino beteta ibili ohi diren arren, turista gutxik erabiltzen dituzte, lapurreten beldurrez.[32]

Zirkulazio arazo larriak konpontzeko, Lagos Metropolitarreko Garraio Agintaritza sortu zen, 1996an.[33]

Murtala Mohammed nazioarteko aireportua arriskutsutzat jo izan zuten nazioarteko zenbait garraio agentziek, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Garai haietan, ugariak ziren instalazio barruan eta kanpoan turistei egindako lapurretak, eta immigrazioko ofizialei leporatu zieten ustelak izatea, ustezko zergak kobratzeko eta eroskeriak jasotzeko. XIX. mendearen hasieratik, aireportuaren ospea hobetzeko neurriak hartu ziren, segurtasuna ardatz hartuta.[34]

2022an 6,5 milioi bidaiari izan zituen aireportuak, eta Nigeriako aire zirkulazioaren % 50 baino gehiago hartu zuen. Nigeriako irteera eta sarrera hegaldi gehienak Murtala Mohammed aireportutik egiten dira.[35]

Lagos State Ferry Services Corporation enpresak kudeatuta,[36] hiriko zenbait puntu ferryz lotuta daude, Lagos uhartearen eta hiriko alde nagusiaren artean, ontzi eta kai modernoen bidez. Itsasontzi pribatuek zerbitzu ez-erregularrak egiten dituzte zenbait punturen artean. 2021ean, Lagoseko ferryek 2 milioi bidaiari garraiatu zituzten.[37]

Nazioarteko autobideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkataritza eta portu gune gisa garrantzi handia izateaz gain, Lagosek kokapen estrategiko on bat du. Hori dela eta, Nigeriako errepide sare nazionala erabiltzen duten Afrikaz Haraindiko hiru autobideren amaierako (edo hasierako) puntua da:[38]

Lagos ez da lehen mailako helmuga turistiko bat, nahiz agintariek zenbait ekinbide antolatu dituzten turismo gehiago erakartzeko.[40] Gaur egun, Lagos ezaguna da batez ere negozioetara bideratutako hiria izateagatik, erritmo azkarreko komunitate bat. Hiriak Ozeano Atlantikoak bustitzen dituen hareazko hondartza batzuk ditu, horien artean Tarkwa Bay eta Elegushi Beach.[41]

Hotel aukera zabala dago hirian, hiru eta bost izar bitartekoak, horien artean nazioarteko katea ezagunenetakoak.

Nigeriako kultura gune nagusia da Lagos. Portu hiria izanik, britainiar kolonizazioaren abiapuntutik, mendebaldeko eragina indartsuagoa da Lagosen Nigeriako beste edozein hiritan baino. Nigeriar etnia guztiak aurki daitezke metropoli honen arragoa den eltzean, jorubak nagusi direlarik. Hiriko musika eta zinema industriak herrialdeko zentro dinamikoak dira, eta nazioarteko ospea dute.

Surulere auzoa Nigeriako zinemagintzaren erdigunea da, «Nollywood» deitua.[42] Lagos bera da film askoren kokaleku eta eszenatoki: hiria film luzeen ekoizpen ugaritan agertzen da. Film asko Lagoseko Festac gunean filmatzen dira, Arte Beltzen Munduko Jaialdia ere hartu zuena.[43]

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Lagos Population 2025» worldpopulationreview.com (web.archive.org) 2025-04-07 (kontsulta data: 2025-05-04).
  2. (Ingelesez) «Average Conditions - Lagos» BBC - Weather Centre (web.archive.org) 2004-09-30 (kontsulta data: 2025-05-04).
  3. «Climate & Weather Averages in Lagos, Lagos, Nigeria» Timeanddate (web.archive.org) 2024-12-03 (kontsulta data: 2025-05-04).
  4. «Monthly Averages for Lagos, NGA» weather.msn (web.archive.org) 2009-02-13 (kontsulta data: 2025-05-04).
  5. Peil 1991, 5. orr. .
  6. Hutchison 2010, 427. orr. .
  7. (Ingelesez) «Awori People: A brief history and belief of the original indigenes of Lagos» Pulse Nigeria (web.archive.org) 2022-03-06 (kontsulta data: 2025-05-04).
  8. (Ingelesez) «Lagos | City, Population, & History» Encyclopaedia Britannica (web.archive.org) 2019-06-05 (kontsulta data: 2025-05-04).
  9. (Ingelesez) «Lagos History Lecture and no man's land exponents» The Guardian Nigeria News (web.archive.org) 2023-07-22 (kontsulta data: 2025-05-04).
  10. Williams 2005, 35. orr. .
  11. Burns 2023.
  12. (Ingelesez) «Lagos | Nigeria, City, Population, & History» Encyclopaedia Britannica (www.britannica.com) 2025-05-03 (kontsulta data: 2025-05-05).
  13. Green 2020, 163. orr. .
  14. (Ingelesez) «The Origin of Eko» The premier web site of Edo speaking people (web.archive.org) 2009-10-02 (kontsulta data: 2025-05-05).
  15. (Ingelesez) «Lagos-Atlanta Sister Cities Committee» City of Atlanta (web.archive.org) 2011-07-21 (kontsulta data: 2025-05-05).
  16. Smith 1988, 73. orr. .
  17. (Ingelesez) «National Bureau of Statistics» Nigerian State Information (web.archive.org) 2015-11-09 (kontsulta data: 2025-05-05).
  18. (Ingelesez) «Lagos, Nigeria Metro Area Population 1950-2025» MacroTrends (web.archive.org) 2025-03-17 (kontsulta data: 2025-05-05).
  19. (Ingelesez) Fawehinmi, Feyi. (2018-03-06). «Nigeria's population census is fraught with controversy» Quartz Africa (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-08).
  20. Okulaja, Ayo. (2013-10-17). «Jonathan sacks Festus Odimegwu as Population Commission boss» Premium Times Nigeria (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-08).
  21. (Ingelesez) Nash, David. (2024-11-22). «Nigeria's Missing 50 Million People» Effective Altruist Forum (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-08).
  22. (Ingelesez) «Lagos Population 2025» World Population Review (web.archive.org) 2025-04-07 (kontsulta data: 2025-05-08).
  23. (Ingelesez) «Africa's Top 10 Digital Hubs» Africancube (web.archive.org) 2019-01-08 (kontsulta data: 2025-05-08).
  24. a b (Ingelesez) Bhattacharjee, Shilavadra. (2022-05-30). «6 Major Ports in Nigeria» Marine Insight (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-08).
  25. (Ingelesez) Okuneye, P. A; Adebayo, K; Opeolu, B. T; Baddru, F. I. (2016). «Analysis of the Interplay of Migration and Urban Expansion, on Health and the Environment: the Case of Lagos, Nigeria» Committee for International Cooperation in National Research in Demography (CICRED (University of Agriculture, Abeokuta and University of Lagos (web.archive.org)).
  26. (Ingelesez) Draper, Robert. (2014-12-23). «Africa's First City» National Geographic Magazine (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-11).
  27. (Ingelesez) «Luxury living in Lagos» CNBC Africa (web.archive.org) 2016-03-19 (kontsulta data: 2025-05-11).
  28. a b (Ingelesez) Onigbinde, Oluseun. (2017). «Lagos Informal Sector - Taxation & Contribution to the Economy» Heinrich Böll Foundation (Nigeria).
  29. a b (Ingelesez) «The Informal Economy in Nigeria» This Day (web.archive.org) 2022-07-10 (kontsulta data: 2025-05-11).
  30. (Ingelesez) Economic Intelligence Unit. (2013). «The Socio-economic Costs of Traffic Congestion in Lagos» Ministry of Economic Planning & Budget (web.archive.org).
  31. (Ingelesez) Madamombe, Itai. (2006-10-31). «Highways link 15 West African countries» Africa Renewal 20 (3): 14–16.  doi:10.18356/4def088a-en. ISSN 2517-9829. (kontsulta data: 2025-05-08).
  32. (Ingelesez) Badiora, Adewumi Israel; Ojewale, Oluwole Samuel; Okunola, Olasunkanmi Habeeb. (2015). «Perceived Risk and Fear of Crime in Public Transport Nodes: The Experience from Nigerian Transit Environment» International Journal of Criminal Justice Sciences 10-2: 139-151. or. ISSN 0973-5089..
  33. (Ingelesez) «Background» Lagos Metropolitan Area Transport Authority (web.archive.org) 2025-03-15 (kontsulta data: 2025-05-09).
  34. (Ingelesez) «FAA Grants Nigeria Its Highest Air Safety Rating» SSi (Safety & Security Instruction) (web.archive.org) 2015-02-27 (kontsulta data: 2025-05-09).
  35. (Ingelesez) «MMIA, Lagos» Federal Airports Authority of Nigeria (web.archive.org) 2025-04-30 (kontsulta data: 2025-05-09).
  36. (Ingelesez) «LagFerry - Sailing you Safely» Lagos State Ferry Services Corporation (kontsulta data: 2025-05-09).
  37. (Alemanez) Hoffmann, Heiner; Akinleye, Akintunde. (2021-09-12). «Lagos in Nigeria: Eine Woche in der chaotischsten Stadt der Welt» Der Spiegel (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-09).
  38. (Ingelesez) «Volume 2: Description of Corridors» Review of the Implementation Status of the Trans African Highways and the Missing Links (African Development Bank - African Development Fund - United Nations Economic Commission for Africa).
  39. (Ingelesez) Madamombe, Itai. (2006-10-31). «Highways link 15 West African countries» Africa Renewal 20 (3): 14-16. or.  doi:10.18356/4def088a-en. ISSN 2517-9829. (kontsulta data: 2025-05-09).
  40. (Ingelesez) «Unlocking Nigeria's tourism potential: Are we ready for the world?» Marie Claire Nigeria (web.archive.org) 2024-08-12 (kontsulta data: 2025-05-11).
  41. Travelwaka. (2020-12-02). My Day and Night Experience at Elegushi Beach, Lagos. (kontsulta data: 2025-05-11).
  42. (Ingelesez) Andrews, Dudley. (2009-04-28). «What is Nollywood?» Yale Insights (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-11).
  43. (Ingelesez) Olayiwola, Abiodun. (2011). «Nollywood at the Borders of History: Yoruba Travelling Theatre and Video Film Development in Nigeria» The Journal of Pan African Studies 4.5: 183-105. or. ISSN 1942-6569..
  44. (Ingelesez) Williams, Lizzie. (2008). Nigeria. Chalfont St. Peter: Bradt Travel Guides ISBN 978-1841622392. OCLC .191754270.
  45. (Ingelesez) Adebola Adenola, Alhaji Mutiu. (2020-03-19). «The rise and fall of the National Mosque» Daily Trust (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-11).
  46. (Ingelesez) Whiteman, Kaye. (2013). Lagos: a cultural and historical imagination. Exeter: Andrews UK Limited ISBN 978-1908493897. OCLC .868916695.
  47. (Ingelesez) Nwakunor, Gregory Austin. (2020-03-08). «20 years journey to making of Freedom Park» The Guardian Nigeria News (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-11).
  48. (Ingelesez) «Lekki Conservation Centre gets TripAdvisor award» Punch (archive.today) 2014-10-06.
  49. (Ingelesez) «Nigerian National Museum» MoMAA | Affordable Art Gallery & Lifestyle (kontsulta data: 2025-05-11).
  50. (Ingelesez) Coquery-Vidrovitch, Catherine. (1997). African women: a modern history. Boulder: WestviewPress ISBN 978-0813323602. OCLC .35849099.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]