Mutiozabal ontziola

Koordenatuak: 43°16′29″N 2°07′37″W / 43.27464°N 2.12701°W / 43.27464; -2.12701
Wikipedia, Entziklopedia askea
Mutiozabal ontziola
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaOrio
Koordenatuak43°16′29″N 2°07′37″W / 43.27464°N 2.12701°W / 43.27464; -2.12701
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XX. mendea
Ondarea
66-2

Mutiozabal ontziola Orioko ontziola da.

2018ko otsailaren 9an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mutiozar ontziola Orioko udalerrian dago, Oria ibaiaren azken meandroaren ezkerraldeko ertzean, bokalera iritsi aurretik. Bere hegoaldean, lurzatiak GI-634 errepidearekin muga egiten du; errepide horretan zehar Donejakue Bidea doa. Historikoki, estuarioko eta balio kultural eta natura-balio handiko paisaia honetan arrantzari lotutako jarduera ekonomikoak (arrantza, ontzigintza, kontserba-fabrika, merkataritza, eta abar) gauzatu dira, eta frogatuta geratu da nolako garrantzi ekonomikoa zuen 1293an, dokumentu bidez egiaztatu baita Orioko kaia burdina-esportatzaile garrantzitsutzat jotzen zela garai hartan. Merkataritza-jarduera horrek izandako arrakastaren ondorioz, ontzi-industriak berealdiko indarra hartu zuen Usurbilen eta Orion, eta, neurri txikiagoan, Aian ere bai.

Oria ibaiaren ur-bazterrak, gutxienez XIX. mendera arte, Gipuzkoako ontzigintzako ingurune garrantzitsuenetako batzuk izan ziren, eta, zenbait unetan, are Espainia osokoak ere. Ibaiertzetan, tamaina desberdinetako ontziolak zeuden, ekoizpena alturako nahiz baxurako arrantzaren beharrak asetzera bideratzen zutenak; kabotajeko nahiz Indietako itsas bideetako merkataritzari, eta burdin mineralaren eta are Errege Armadaren garraioari begira ere egiten zuten lan. Industria hura aldeko faktore batzuei esker hedatu zen, hala nola arroak mailak ezartzeko zituen ezaugarri topografiko bereziak, inguruko mendietako kalitate handiko egurraren ugaritasuna, materialak eta tresnak ontzigintza-instalazioetaraino garraiatzeko erraztasuna, eskulan eraginkor eta kualifikatuaren ugaritasuna eta ontzien metalezko elementuetako asko fabrikatzen ziren bailaran burdinolak egotea.

Ontziola ibaiaren beste aldetik (1967)

Ontzigintza tradizionalaren funtsezko osagaia zura zen, eta ontzia osatzen zuten atalak egiteko zuhaitzik egokienak hautatuz hasten zen itsasontzia egiteko lana. Behin ontziolan, gila eta brankako korasta muntatzen ziren lurrean, gero popakoa, eta azkenik kostilak. Hori egindakoan, alferrak eta bagrak muntatzeko unea iristen zen, eta, orduan, iltzatze- eta torlojutze-lana hasten zen: lehenengo, atzeko mataderak; gero, branka eta popa; ondoren, forrua muntatzen zen, eta, bukatzeko, iltzeak enbutitzen ziren. Ontzia eskuilatu, bikeztatu, lixatu, masillaztatu eta margotu ondoren, lana bukatutzat jo zitekeen.

XVI. mendearen bigarren erdialdekoak dira ontziak Oria ibaiko ontzioletan egiten zirela zioten aurreneko albisteak; mailetako ekoizpen-erritmoa hainbestekoa zen ezen, 1600. urterako, lan hori eskualdeko nabarmenetako bat baitzen. XVI. mendetik XIX. mendera bitartean, Oria ibaiaren bazterretan gutxienez sei ontziola zeuden: Usurbilen, Mapil, Aginaga, Rutarte eta Urdaiaga; Orion, Erriberako ontziola, eta Aian, Altxerri eta Arratolako mailak. Ontziola horiek lur-eremu txikietan kokatuta egoten ziren eta ez zuten azpiegitura handirik behar izaten: espazio batzuk ziren soilik non zenbait maila ezarri baitzituzten eta gizonak eta materialak biltzen baitziren ontziak eraiki eta konpondu bitartean. Jarduera XVIII. mendearen bukaerara arte mantenduko da. Mende hartako erdialdeko urteetan, ontzigintzaren ardatz nagusia Oriora aldatu zen, partikularrentzako ontzi txikiak egiten hasi baitziren. XIX. mendearen hasieran, euskal ontziolen jarduera, eta zehatz esanda, Gipuzkoakoena, atzera egiten hasi zen, eta I. Gerra Kalistaren ondoren, goraldi bat bizi izan zuen non, sekulako aurrerakada egin baitzuten egurrezko ontziak egiten zituzten ontziola tradizionalek, eta hori paradoxikoa da, garai hartan nabigazio atlantikoan nabarmentzen hasi baitziren lurrunak mugiarazitako burdinazko ontziak. Egoera berri horrek nabarmen murriztu zuen ontziola kopurua arroan, mende bukaeran; XX. mendearen zati handi batean, oraindik ere ontzigintza zen Orioko jarduerarik garrantzitsuenetako bat.

Oria ibaiaren bazterretako ontzigintzaren historian, Mutiozabal familia nabarmendu beharra dago, 131 urtez jardun baitzuen jarduera horretan, 1798tik 1929ra bitartean, Usurbilgo Aginaga ontzioletan, eta geroago, Orioko Arratola eta Mutiozabalekoetan. Garai hartan, hiru belaunalditako kideek erakutsi zuten gaitasun tekniko handia zutela eta beren garaiko aitzindariak izan ziren, merkatuaren ezaugarri berrietara egokitu eta ontzi mota berriak sortu zituztelako.

Zehatz esanda, Jose Manuel Mutiozabal Gipuzkoako ontzigilerik garrantzitsuena izan zen XIX. mendean, eta haren semea, Miguel Antonio, 1888ra arte, Euskadiko handienetako bat. Miguel Antonio nabarmendu zen bai landutako ontzien kopuruagatik bai Frantzian trebakuntza hartu bitartean ikasitako aurrerapen teknologikoak aplikatzen aitzindarietako bat izateagatik. Bere ausardiaren erakusgarria izan zen, esaterako, 1878an fabrikatu zuela Euskadiko lehenengo lurrun-ontzia (2. Ugarte), Laffossey etxeko lurrun-makinaz hornitua eta Lasarteko Laffossey tailerretan egokitua. Ekimen hura bultzada berritzaile bat izan zen Gipuzkoako ontzigintzarentzat, bere burua modernizatu behar baitzuen, Euskadiko portuetara Ingalaterrako burdinazko ontzi asko etortzen zirela ikusita.

Orioko Mutiozabal ontziolaren ibilia 1887an hazi zen: une hartan Sustapen Ministroaren Errege Aginduz eman zitzaion Miguel Antoniori emakida kostaldeko errepidera bitarteko Padura saneatu eta aprobetxatzeko, zubitik Atarrolako arrapala publikora arteko zatia. Mutiozabalek bere bazkideekin batera «Sociedad Mutiozabal, Arín y Arrizabalo» sozietatea eratu zuen, egurraren salmentan jarduteko asmoz, baina laster erabaki zuten altzari-fabrika bat irekitzea, Usurbilgo ontziola familiarreko materialaz eta makinez egina eta hornitua. Jarduera horrekin batera, ontzigintzan ere aritu ziren. 1899an hiru ontzi egin zituzten: Joven Julian goleta-brigantina, Irurak bat baporea eta Donostiako Klub Nautikoarentzako baltsa bat.

1897an eta sozietatea likidatu eta gero, Miguel Antoniok Domingo Ezeiza obra-maisuari enkargatu zion etxebizitza bat eraikitzea zeinari Uriberri izena jarri baitzion. Etxebizitza hura oinplano errektangularrekoa zen eta hiru solairu zituen; erliebeko inpostaz apainduta zegoen, harlangaitz-horma zarpiatuzko murrua eta bi isurialdeko teilatua zituen, eta gailurra fatxada nagusiarekiko zuta zen. 1904an, gatzitze-industrian hasi zen, eskabetxeria etxebizitza-eraikinaren ondoko pabiloi batean eraikiz. Etxebizitza hura oinplano errektangularrekoa zen eta solairu bakarra zuen. Itsasadarrarekiko paraleloak ziren bi hormarte zituen, harrizko euskarrien gainean zeuden egurrezko 5 zutoinek bereizirik zeudenak; bi isurialdeko teilatu bikoitza, pendoloi-zertxen egitura eta zurezko grapa zituen. 1923ra arte, ontzi hura behin eta berriro hartu zuten errentan zenbait kontserbagilek, ondoko etxebizitzaren beheko solairuan prestatu zuen biltegiarekin batera.

1910ean, bapore txikien arrantzak egin zuen aurrerakadak pizturik, Mutiozabalek Orioko Udalari baimena eskatu zion etxe ondoan ontziola apal bat eraikitzeko, eta, gainera, dike txiki bat eraiki zuen, konponketak egiteko, eta arrapalaren gainerako zatia eraikuntza berrirako utzi zuen. 1929an, Murgiondo, Uranga y Cia sozietateari alokatu zizkioten instalazioak, San Jose baporea egiteko, eta Miguel Antonioren heriotzaren ondoren (1931), bere seme Paulino Mutiozabalek hartu zuen ontziolen gidaritza, eta zenbait eraikitzaileri alokatu. Gainerako instalazioak ere alokatu eta kontserbagintzan erabiltzen hasi ziren.

Gainera, Mutiozabalek jakin zuen aldi berean jarduten ontzigintzan eta gatzitze-industrian, eta, horrela, 1923an Gipuzkoako Gobernu Zibileko Obren Zuzendaritza Nagusiaren baimena lortu zuen ere ibaiaren ezkerraldeko beste padura bat saneatzeko eta gatzitze-industria zabaltzeko. Instalakuntza horiek jarraian alokatu eta kontserbagintzarako erabiliko dira.

1954tik aurrera, Ostolaza arotza izan zen ontziolaren nagusia, Francisco Carrera «Txanka» eta Agustin Gozategi «Karraballo»rekin batera. Tradiziozko moldeei eutsi arren, ontzien diseinuan berrikuntzak egin zituzten. Lehenengo belaunaldi horren ondoren, Agustin Gozategiren eta José Ramón Carreraren seme-alabak etorri ziren. Baina 1980an eten zen ontziolaren jarduera bikaina, egurraren ordez material sintetikoak erabiltzen hasi zirelako.

Mutiozabal bilduma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mutiozabal ontziolako barruldea, laneko tresnak eta solairua.

Mutiozabal familiak ontzigintzan duen historiaren zati handi bat, eta Orioko ontziolarena, dokumentu-ondare garrantzitsu batetik abiatuta berreraiki da. Mutiozabal bilduma, Donostiako Aquarium-ean dagoena, mutiozabaltarrek 1785etik 1910era bitartean egindako ontzien planoek osatzen dute. Ontziak era askotakoak dira: XVIII. mendeko fragatetatik eta XIX. mendeko zama-goletetatik hasita, arrantzarako eta zamarako txalupa apaletara, traineruetara, eta bateletara edo ibaiko ontzietara, hala nola gabarrak, hegalak eta zenbait bapore eta aisialdiko yate. Gainera, Untzi Museoan Carrera bilduma dago, Carrera Txanka familiak emana, Orioko ontziolan 1930etik aurrera egindako ontzien planoekin batera.

Dokumentazio hori azterturik ikusi ahal izan da ezen XIX. mendean ere, zenbait ontzi-motaren moldeak definitzeko, diseinu ez-grafikoren metodoak erabili zirela Mutiozabalen, metodo horien bidez ontzi bat definitu eta egin baitaiteke bere kostila nagusiaren txantiloi bakar baten eraldaketa arautuen bidez. Metodo haiek antzinateko zenbait geometrialari garrantzitsuk asmatu zituzten eta XV. mendetik aurrera zabaldu ziren Europan zehar. Europako herri gehienen ontzigintzaren euskarri teknologikoak izan dira harik eta, XX. mendearen hasieran, ingeniaritzan oinarritutako diseinu-metodoak erabiltzen hasi ziren arte, metodo berri haiek egokituta baitzeuden lurrun-ontzien eraldaketara.

Orioko Udalak inbentario bat prestatu du, kontserbatutako ondare higigarriena: zuraren lanarekin lotutako makinak, tresna txikiak, lanerako mahaiak, erregelak eta zuakerretarako txantiloiak.

Eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibai aldeko eta mendebaldeko fatxadak, harlangaitzez eta oholez eginak. Bi isuriko teilatua ikusgai dago.
Barrualdea, ibai aldetik.

Ontziolaren nabea solairu bateko bolumen bat da eta oinplanoa apur bat trapezoidala du (15 x 12 m). Konpartimentuetan banatuta ez dagoen erdi bakar batekoa da nabea, eta kaira beherantz egiten duen arrapala batean kokatuta dago. Zurezko 5 portikok osatzen dute barruko egitura, eta kanpoko bi tijerak ordezkatu dituzte. Barruan, solairuarte txiki bat dago, bulegoak hartuta daukana.

Goialdean, ibaira ematen duen fatxadak zur desmuntagarrizko oholezko itxitura bat du, ontziaren tamainaren araberakoa, eta behealdeko bao ireki bat ere badu, hormigoizko zutabeen artean kokatua eta, lehenago, ataripe batek babestua. Mendebaldeko fatxada harlangaitz-hormako zokaloaz eta hegalerainoko zurezko ohol-lanez eginda dago. Hegoaldekoa ondoko bolumenarekin bihurtu zuten erabilezin (gaur egun eraitsita dago bolumen hori). Ontziak uretaratzeko iparraldeko baoa ez ezik, alboko ate bat ere badu nabeak, ateburua duena.

Teilatuak bi isurialde ditu, eta gailurra fatxada laburrekiko zuta da, teila laua du eta baoak ere bai, barruko lanak egiteko goitikako argiztapena izateko. Iparraldean, lantegi bat babestu zuen teilape bat dago, egoera txarrean, itxuraz batere ondare-baliorik ez duena.

Kanpoko espazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ontziolako ibaialdeko fatxada eta ontziratze lekua, ontzi-sekzioaren itxurarekin.

Lanerako maila oinplano okertuan zabaltzen da ontziolaren barrualdetik kairaino. Haren luze-zabal osoan ontzi-sekzioaren itxura du, eta lurrean zuzenean finkaturik dago, eta horrek bidea ematen zuen haren neurriak egiten ari ziren ontzira egokitzeko, ibaiaren beste aldeko bazterretik arrapalan zehar arrastaka eramaten baitzuten ontzia. Ondoko arrapala/ontziralekua ere mantentzen da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa