Méroderen triptikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Méroderen triptikoa
Jatorria
Sortzailea(k)ezezaguna, Robert Campin eta Flemalleko Maisua
Sorrera-urteaXV. mendea
IzenburuaAnnunciation Triptych (Merode Altarpiece) eta The Mérode Altarpiece (The Annunciation Triptych)
MugimenduaPrimitibo flandestarra
Ekoizpen lekuaTournai
Ezaugarriak
Materiala(k)oak panel (en) Itzuli eta olio-pintura
Dimentsioak64,5 (altuera) cm
middle: 64,5 (zabalera) cm
Genero artistikoaarte sakroa
Egile-eskubideakjabetza publiko
Deskribapena
OinarrituaDeikundea
Iconclass73A522, 61B(+55), 73A4241, 73B721, 11(+5), 25I144, 41A7, 41A2, 11G, 11(+5):61B, 73, 49N eta 11D3121
Kokapena
LekuaThe Cloisters
BildumaMetropolitan Museum of Art
Inbentarioa56.70a–c
Argumentu nagusiaDeikundea

Méroderen triptikoa edo Deikundearen triptikoa haritzezko hiru paneleko olio-pintura bat da, triptiko bat osatzen duena. Ez du sinadurarik ez datarik, baina uste da 1427-1432 bitartean egin zuela Robert Campinek edo haren dizipulo batek, Campinen jatorrizko lana kopiatuta. Egun, Metropolitan Museumen dago, eta "Robert Campinen lantegia" zehazten da egiletzaz[1].

Triptiko hau bi aroren arteko mugarritzat jo da, Erdi Aroko tradizioa bildu eta margolaritza modernoaren bidea irekitzen duelako[2].

Deskripzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Triptikoa txikia da: erdiko panela 64 x 63 cm-koa da, eta aldamenetakoak 65 x 27 cm-koak. Ziur aski, etxean modu pribatuan erabiltzeko eskatu zen. Ezkerretik eskuinera, ordaintzaileak belauniko ageri dira lehenengo panelean, Deikundearen unea bigarrenean, eta San Jose hirugarrenean.

Hiru panelek perspektiba markatua dute; izan ere, iduri du ikusleak goitik begiratzen dituela figurak. Baina beste leku batzuetan, perspektiba ez dago ongi garatuta: ez dirudi Ama Birjina edo Gabriel aingerua lur gainean daudela, eta emakume ordaintzailea apenas kabitzen da da eman zaion tokian[3].

Erdiko panela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maria irakurtzen

Barrenaldeko eszena da. Birjina irakurtzen ari da, ilea lotu gabe, leku familiar batean. Ikonografia hori askotan errepikatu da gero, eta agian famatuena Rogier van der Weydenen Magdalena irakurtzen izan zen. Maria oraindik ez da ohartu arkaingerua etorri dela. Gorriz jantzita dago, eta ez urdinez, ohikoa zen bezala. Kolore horrek eta behaldeko marroiek eta berdeek kontrastea egiten dute Gabrielen arroparen urdin argiekin eta goialdeko grisekin.

Espiritu Santua ez da uso batekin irudikatzen, ezkerreko leihotik sartzen den argi izpiekin baizik. Izpien artean Kristo Umea agertzen da, gurutze bat daramala. Gelako mahaian kandela bat dago, itzali berria, oraindik kea baitario, eta hori ere izan daiteke Espiritu Santuaren erreferentzia bat. Mahaian, halaber, irekitako liburu bat eta lirio zuri bat daukan pitxer bat daude. Lirioak eta paretan dagoen esku-oihal zuriak Mariaren birjintasuna adierazten dute.

Ezkerreko panela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordaintzailea eta emaztea agertzen dira, belauniko errezatzen, Mariaren aldera begira erdi zabalik dagoen ate batetik. Hala ere, ate horrek ez du jarraipenik erdiko panelean. Dokumentazio historikoari esker eta erdiko paneleko armarriari esker, ordaintzaileak identifikatu dira: Pieter Ingelbrechts eta Gretgin Schrinmechers[4].

Haien atzean, badago pertsona txiki bat, identifikatu dena Malinas hiriko mezulari batekin. Interpretatzen da Gabriel arkaingeruaren ordezkari lurtarra dela. Izan ere, erdiko panelean Gabrielek hegalekin bezala, mezulariak hatzekin ukitzen du sarbide izan duen ate irekia. Panel honetako hiru pertsonak erretaulako gainerako hiru figura santuen erreplika lirateke: Maria, Jose eta Gabriel.[5] Erdi zabalik dagoen atetik, kalea ikusten da.

Eskuineko panela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Jose agertzen da, zurgintzako lantegian lanean. Atzean, lehioak zabalik ditu, eta hortik ere ikusten da kalea, identifikatu dena Arras hiriko plaza batekin. Ez da arrunta San Jose agertzea Deikundearen ikonografia batean.

Lantegiko tresnak Nekaldia sinbolikoki iragartzeko hautatu ziren: ezpata itxurako zerrak, Kristo atxilotu zutenean Malkoren belarria mozteko San Pedrok erabili zuen arma; ondoko enborrak gurutzearen egurraren antza du; gainean jarritako makilak arantzetako koroari egiten dio erreferentzia; giltzak, mailuak, ezpalak eta trintxak, Nekaldiko lanabesak iragartzen dituzte.[6]

Obraren jabetza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo historia ezezaguna da. 1820tik 1849ra arte, Belgikako Arenberg eta Mérode familiak izan ziren triptikoaren jabeak. Gero, artearen merkatuan sartu zen, eta The Cloistersen bilduman dago 1956tik aurrera. Ordura arte, bilduma pribatuetan zegoen, eta, hortaz, ikerlariek edo publikoak ez zuten ikusi eta aztertzeko modurik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. https://www.metmuseum.org/art/collection/search/70010727 2021eko ekainaren 16an kontsultatua
  2. Rousseau, Theodore. (1957). "The Merode Altarpiece". The Metropolitan Museum of Art Bulletin, volume 16, No. 4, 117 or..
  3. Rousseau, Theodore. (1957). The Merode Altarpiece. The Metropolitan Museum of Art Bulletin, volume 16, No. 4, 124 or..
  4. de Rynck, Patrick. (2005). Cómo leer la pintura: entender y disfrutar los grandes maestros, de Duccio a Goya. Electa, 24-25 or..
  5. Nickel, Helmut. (1966). The man beside the gate. Bulletin. Metropolitan Museum of Art.
  6. Frère, Jean-Claude. (2007). Early Flemish painting. Terrail, 70 or..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]