Nekaldia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
El Grecoren Jesus Gurutzea eramaten margolana

Nekaldia edo Pasioa (antzinako grezieraz: πάσχειν paschein, "sufritze") Jesukristoren bizitzaren azken zatia da, Jesusen sarrera Jerusalemera eman zenetik gurutziltzaketaraino. Tartean Azken Afaria bezalako gertakari garrantzitsuak izan ziren. Kristautasunaren ardatzeko bat da nekaldia.

Atal hau azaltzen dute lau Ebanjelioetan, baita Petriren ebanjelioan ere. Atal honi "Nekaldiaren narratiba" izena ematen zaio. Egutegi liturgikoan Pasioa Aste Santuan ospatzen da, Erramu Igandean hasita eta Larunbata Santua bukatu arte.

Pasio izenak beste adiera batzuk ditu gaur egun, eta sufrikarioa eta heriotza ekarri duten martirien kontakizunak ere aipatzeko erabiltzen da.

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jerusalemera iristea eta Tenplua garbitzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ebanjelio guztietan aipatzen da Jesus Jerusalemen astakume baten gainean eserita sartu zela. Jendetzak "Daviden Seme" gisa goraipatu zuen, baita errege gisa ere[1]. Horrek agintari politiko eta erlijiosoen artean ezinegona sortu zuen.

Sinoptikoen arabera, Jesus Tenpluan sartu zen eta bertan merkatariak negozioetan ikusi zituen. Otoitz lekua lapur-zulo bihurtu zela esan zuen, eta merkatari guztiak kanporatu zituen eta animaliak (sakrifikatzeko zeudenak) askatu egin zituen[2]. Tenpluaren erorketa, nekaldia eta eliza berriaren sorrera aurreikusi zituen.

Azken Afaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Jesusen Azken Afaria»

Ebanjelioen arabera, Pazko Afaria Jerusalemen egin zuen Apostoluekin. Apostoluetako batek, Juda Iskariotek, salduko zuela aurreikusi zuen bertan. Afaltzen ari zirela, ogia hartu, bedeinkatu eta hitz hauek esan zituen: "Har ezazue eta jan guztiok honetatik. Hau nire gorputza da, zuentzat emango dena". Afalondoan, ardoaren kaliza harturik, zera esan zuen: "Har ezazue eta edan, guztiok honetatik. Hau nire odolaren kaliza da, Itun Berri eta betikoaren odola, zuentzat eta guztientzat bekatuak barkatzeko isuriko dena. Egizue hau nire oroigarri".

Ekintza hau biziki garrantzitsua da Eliza Katolikoarentzat (baita beste eliza kristauentzat ere, jakina). Katolikoek Azken Afarian Eukaristia eta Abadetzako sakramentuen sorrera ikusten dute.

Atxiloketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afaldu ondoren, Jesus bere ikasleekin Getsemaniko baratzera joan zen otoitz egitera. Apostoluek ezin izan zuten otoitzean jarraitu, eta loak hartu zituen. Jesusek bazekien zer zetorkion (heriotza), eta momentu gogorra izan arren, Jainko Aitaren nahia betetzea erabaki zuen oso-osorik.

Bat-batean Juda agertu zen erromatar eta farisear talde batekin. Jesusi musu eman zion, eta horrela soldaduek harrapatu egin zuten. Apostolu batzuk erresistentzia jarri zuten arren (Petrik soldadu bati belarria moztu zion) azkenean guztiek alde egin zuten Jesus bakarrik utzita. Judak, zer egin zuen jakitean, bere buruaz beste egin zuen.

Epaiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesus Kaifas apaiz nagusiaren aurrera eraman zuten, eta bertan Sanedrinak (juduen epaitegia garai hartan) epaitu egin zuen gezurrezko testigu batzuei entzunda. Baina deklarazioak bat ez zetozela eta, Kaifasek zuzenean galdetu zion Jesusi ea bera zen etortzeko zegoen Mesias. Jesusek erantzun zion: "Zeuk esan duzu". Horregatik, Abade nagusiak biraoa esan zuela aldarrikatu zuen eta heriotza merezi zuela pentsatu zuten[3].

Hurrengo goizean Pontzio Pilatoren aurrera eraman zuten Jesus, herria nahasten zebilelako salaketapean[4]. Pilatok galdeketa egin zion, baina ez zion errurik aurkitu. Hala ere, abade nagusiak eta bere jarraitzaileak bere aurka hain gogor jotzen zutela ikustean amore eman zuen eta Barrabas izeneko gaizkilea askatu zuen Jesusen ordez. Jesus gurutzean hiltzeko agindu zuen, baina erabakiarekin ados ez zegoela adierazteko eskuak garbitu zituen guztien aurrean[5].

Gurutzeko heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Jesusen Gurutziltzaketa»

Jesus torturatu egin zuten soldaduek, eta arantzazko koro bat jarri zioten, "Agur, Judutarren errege" iseka egiten zioten bitartean. Bere gurutzea hartu eta Golgota mendira igoarazi zuten, Zireneko Simon izeneko baten laguntzaz. Han bere jantziak zozkatu eta lapur biren erdian gurutziltzatu zuten.

Eguerdian Jesusek garrasi latz bat bota zuen: E′li, E′li, la′ma sa‧bach‧tha′ni? ("Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu bertan behera?"). Une hartan Jesusekin ziren bere ikasleetako batzuk: Mateo eta Markosen arabera, emakume batzuk zeuden negarrez. Joanek Jesusen ama Maria eta Jesusen ikasle maiteena (Joan bera, kristau tradizioaren arabera) aipatzen ditu. Azken momentuan beste garrasi bat egin zuen : "Aita, zure eskuetan uzten dut nire espiritua". Eta une hartantxe azken arnasa eman zuen.[6]

Hilobiratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesusen adiskide zen Arimateako Jose fariseoak Pilatori Jesus hilobi berri batean hilobiratzeko baimena eskatu zion[7]. Hilobia harri handi batez estali zuen, eta, Mateoren arabera, erromatar soldadu batzuk jarri zituzten hilobi aurrean, Jesusen ikasleek gorpua lapur ez zezaten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Albert Schweitzer, Le secret historique de la vie de Jésus, Albin Michel, 1967
  2. Theissen, Gerd, y Merz, Annette: El Jesús histórico, 184. orr.
  3. Winter, Paul: El proceso a Jesús. Muchnik: Barcelona, 1983. ISBN 84-85501-50-0
  4. Pierre Geoltrain, « Les origines du Christianisme : comment en écrire l'histoire », Aux origines du christianisme, Gallimard/Le Monde de la Bible, 2000, XVII. orr.
  5. Funk, Robert, et al.: The Five Gospels: What Did Jesus Really Say? The Search for the Authentic Words of Jesus. New York: Macmillan, 1993. ISBN 0-06-063040-X
  6.   Piñero, Antonio (1991), Orígenes del cristianismo. Antecedentes y primeros pasos, Madril: El Almendro, ISBN 84-86077-95-8 .
  7. Ratzinger, Joseph. Jesús de Nazaret. Planeta, 2007. ISBN 970-37-0705-X, 9789703707058