NATO-Errusia harremanak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
NATO-Errusia harremanak

Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea

Errusia
Russia-NATO permanent mission logo.png

NATO-Errusia harremanak NATO erakundearen eta Errusiaren arteko harremanak dira.

1997: Hitzarmena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NATOko eta Errusiako agintariek aro berri baten hasiera irudikatu zuten 1997ko maiatzaren 27an, Parisen. Boris Jeltsin Errusiako presidenteak, Bill Clinton AEBetakoak eta NATOkoak ziren beste hamabortz herrialdeetako buruzagiek sinatu zuten Harremanetarako, Elkarlanerako eta Segurtasunerako Sortze Agiria. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenetik sei urte igaro ziren ordurako, eta Gerra Hotza bukatutzat eman zuten Mendebaldeak eta Errusiak[1].

1999-2014: NATO ekialderantz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agiri horrek, ordea, ez zuen bi aldeetako agintariek iragarritako kontsentsuzko mundua sortu. Interpretazioarekin ere ez ziren bat etorri. Jeltsinek adierazi zuenez, agiriaren arabera Errusiaren inguruko herrialdeek estatus neutrala mantendu beharko zuketela. 1999-2004 artean, ordea, Varsoviako Ituneko kide izan ziren estatu sozialista ohiek eta SESBeko kide izan ziren Baltikoko hiru errepublikek bat egin zuten NATOrekin. Aliantzako ordezkariek arrazoitu zuten herrialde horiek nahi zuten aukera egiteko burujabe zirela[1].

2014: Ukrainako gatazka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kosovoko Gerraren (1999), misilen aurkako ezkutuaren eta Georgiako Gerraren (2008) ondorioz tentsio aldiak sortu ziren bi aldeen artean, baina Ukrainako Donbasseko gerra (2014)k hartu zuen itxurarik larriena. NATOren arabera, Errusiak ez du Ukrainaren burujabetza errespetatzen, zuzenean esku hartzen ari zen gerran eta lurraldeak bereganatzeko asmoa zuen. Errusiaren arabera, NATOko zenbait herrialdek estatu kolpe bat babestu zuten Ukrainan, Mendebaldearen eraginpean gera dadin Moskuri bizkar emanda[1].

Gatazkaren erdian, NATO osatzen zuten herrialdeetako buruzagiek Galesko Newport hiriko bilkuran onartuko zuten Europaren ekialdean presentzia militarra areagotzeko plana. Ekintza Azkarrerako Plana deitutakoa eratuko zuen NATOk; hau zen, 48 orduan baino gutxiagoan hedatu ahalko zen 18.000 soldaduko indar bat. Erabaki hori hartu zuten Poloniak eta Baltikoko hiru errepublikek aliantzako beste kideei eskatutako laguntza militarraren ondoren[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Mikel Rodriguez, «Sortu ez zen aroa lurperatzen», Berria, 2014-09-04