Nan Madol
Nan Madol | |
---|---|
Nan Madol | |
UNESCOren gizateriaren ondarea AEBko Leku Historikoa | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Mikronesia |
State of the Federated States of Micronesia | Pohnpei (estatua) |
Udalerri | Madolenihmw |
Koordenatuak | 6°50′31″N 158°19′56″E / 6.8419°N 158.3322°E |
Historia eta erabilera | |
Gizateriaren Ondarea arriskuana | 2016 - |
Arkitektura | |
Azalera | 76,7 ha |
Gizateriaren ondarea | |
Irizpidea | (i), (iii), (iv) eta (vi) |
Erreferentzia | 1503 |
Eskualdea[I] | ? |
Izen-ematea | 2016 (XL. bilkura) |
AEBko Leku Historikoa | 74002226 |
Webgune ofiziala | |
|
Nan Madol kanal-sare baten bidez lotutako uharte artifizial txikien multzo bat da, «Ozeano Bareko Venezia» bezala ezagunagoa. Mikronesiako Estatu Federatuen parte den Pohnpei uhartetik gertu dago eta Saudeleur dinastiaren hiriburua izan zen gure aroko 1500. urtera arte. Nan Madolek "espazioen arteko lekua" esan nahi du. Aztarnategia Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok 2016an.[1][2]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nan Madol Saudeleur dinastiaren hiriburu zeremonial eta politikoa izan zen, ondoko Pohnpeiko 25.000 biztanleak gobernatzen zituena. Pohnpei uharte nagusiaz aparte, aurkitu diren giza-aztarna zaharrenak I. edo II. mendekoak dira. Arkeologoen arabera, uhartetxoa VIII. eta IX. mendeen artean eraikitzen hasi ziren, baina ziur aski bere arkitektura megalitikoa ez zen eraikitzen hasi XII. mendera arte. Hala ere, haren eraikuntzari buruzko teoria alternatibo ugari daude.[3]
Gaur egun, Nan Madolek 18 km² baino gehiago estaltzen dituen konplexu arkeologiko bat osatzen du, eta Temwen uhartearen hego-ekialdeko kostaldean zehar koralezko arrezife baten gainean eraikitako arkitektura megalitikoa eta Pohnpei uharte nagusia barne hartzen ditu. Tokiaren bihotzak, harrizko hormekin, 1,5 km luze eta 0,5 km zabal da gutxi gorabehera, eta ia 100 uhartetxo artifizial ditu (harriz eta koralez osatuak), kanalez inguratuta.[4]
1985ean, Nan Madolen erorkinak leku historiko izendatu zituzten. Egun ahalegin handiagoa egiten ari da kontserbatzeko. Hara iristeko baimena behar da eta diru kopuru txiki bat ordaindu, baina erraza da bertara bisita bat egitea.
Egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdian nobleziarentzako egoitza berezi bat zegoen, baita apaizak burutu zituzten hileta-ekintzetarako ere. Biztanleria ia ez zen mila pertsona baino gehiagokoa izan, eta erdia baino gutxiago ere izan zitekeen. Egoiliar asko nagusiak izan arren, gehienak jende arrunta ziren. Nan Madol, neurri batean, Saudeleur gobernariek beren arerio potentzialak antolatu eta kontrolatu ahal izateko balio izan zuen, hirian bertan bizitzeko eskatuz, eta ez beren etxeetan, non beren jarduerak ikuskatzeko zailak izango ziren.
Madol Powe, hilobi-sektoreak, 58 uharte ditu Nan Madol mendiaren ipar-ekialdean. Irlatxo gehienak apaizen etxebizitzek okupatu zituzten noizbait. Uhartetxo batzuek funtzio bereziak betetzen zituzten, hala nola Usennamwen elikagaiak prestatzea, Dapahun kanoak eraikitzea eta Peinering-en koko-olioa prestatzea. Peinkitelen, Karian eta Lemenkoun, horma garaiez inguratutako hilobiak daude, baina lorpenik handiena Nandauwaseko errege hileta-uhartetxoa da, non, patio nagusiaren barruan dagoen hileta-esparru bat inguratuz, 6 eta 8 metro arteko altuera duten hormak dauden.
Hiriaren amaiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nan Madolen ez dago ez ur gezarik, ez elikagairik. Barrura joan behar da aurkitzeko. Saudelantarrentzat, buruzagi gorenak zirenez, horrek ez zuen inolako arazorik, jendeak behar zuten guztia eramaten baitzien. Saudelaur dinastia eraitsi zean eta Nahnmwarkien aroa hasi zenean, hauek Nan Madolen bizitzen jarraitu zuten, baina ura eta janaria euren kabuz lortu behar zituzten; azkenean Nan Madol utzi eta beren etxeetara itzultzera behartuta ikusi ziren. Konplexua uzteko beste arrazoi bat demografia-murrizketa handia izan zitekeen.
Elezaharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bertako elezaharretako baten arabera, eraikinak han zeuden lehen biztanleak uhartera iritsi aurretik. Esaten denez, harriak, nolabait, bakarrik altxatu eta mugitu ziren tenpluak eta eraikinak sortzeko. Beste kronika baten arabera, hiria anaia biki erraldoi batzuek sortu zuten. Kanoan iritsi ziren hara inguruko uharte batetik, beren jainkoarentzat aldare bat eraikitzeko leku baten bila, eta dragoi baten laguntzaz egin zituzten eraikinak.
Inguruko herrietako kontakizunetan esaten denez, urpean beste hiri misteriotsu bat ezkutatzen da, gauez lekuaren inguruan ikusten diren argi distiratsuak irradiatzen dituena. Istorio hauek hiri fantasma bezala ezagutarazten lagundu zuten, hutsik egoteaz gain, kontinenteko lurretatik 1.500 km-ra baitago. Gertuko lekuetan bizi direnentzat, Nan Madol zeremonia gune handia da, lur sakratutzat hartzen dena.[5]
Kontinente galduen teoria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nan Madol eta inguruko erorkinak Lemuria edo MUko "kontinente galdu" baten aztarnak gisa aztertuak izan dira batzuetan. Nan Madol, esaterako, James Churchward-ek, bere 1926ko The Lost Continent of Mu Motherland of Man liburuan, MU galdutako kontinentearen parte gisa identifikatu zuen. [6] Azken hamarkadetan, bestetik, egile batzuek aztarnategi horietan estralurtarren presentzia historikoa argitu nahi izan dute; hori baieztatzeko aipatutako elezaharrak abiapuntu hartu dituzte.[7]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://web.archive.org/web/20160530161620/http://lugaresconhistoria.com/nan-madol
- ↑ https://whc.unesco.org/fr/list/1503/
- ↑ McCoy, Mark D.; Alderson, Helen A.; Hemi, Richard; Cheng, Hai; Edwards, R. Lawrence (November 2016). "Earliest direct evidence of monument building at the archaeological site of Nan Madol (Pohnpei, Micronesia) identified using 230Th/U coral dating and geochemical sourcing of megalithic architectural stone" (PDF). Quaternary Research. 86 (3): 295–303. Bibcode:2016QuRes..86..295M. [1]
- ↑ https://historia.nationalgeographic.com.es/a/nan-madol-civilizacion-perdida-micronesia_17245
- ↑ https://blogcatedranaval.com/2021/12/28/una-antigua-ciudad-sobre-arrecifes-de-coral-nan-madol/
- ↑ Mitchell, Andrew W. (1990). The Fragile South Pacific: An Ecological Odyssey. University of Texas Press. 24. or. ISBN 978-0-292-72466-2. [2]
- ↑ https://www.youtube.com/watch?v=3a_P0JQec-E
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez):Nan Madolen webgune ofiziala.
- (Ingelesez):National Geographicen bideoa.
- (Gaztelaniaz):Nan Madolen sorrera mitologikoa.