Edukira joan

Nancy Johnson (asmatzailea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nancy Johnson (asmatzailea)

Bizitza
JaiotzaNew York, 1794
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaWashington1890eko apirilaren 22a (95/96 urte)
Hobiratze lekuaOak Hill Cemetery (en) Itzuli
Familia
Ezkontidea(k)Walter Rogers Johnson (en) Itzuli
Haurrideak
Jarduerak
Jarduerakasmatzailea

Find a Grave: 48570197 Edit the value on Wikidata

Nancy Maria Donaldson Johnson (New York, AEB, 1794ko abenduaren 28a - Washington Hiria, AEB, 1890eko apirilaren 22a) estatubatuar asmatzailea izan zen, izozkiak eskuz egiteko makina bat garatu zuena. Estatu Batuetan lehen patentea lortu zuen 1843an.[1]

1794an jaio zen, Mary "Polly" Rider eta Lothario Donaldson medikuaren alaba zen. Bere iraganaz ezer gutxi dakigu, baina New Yorken, Marylanden edo Pennsylvanian jaio zela suposatzen da.[2] Mary ahizparekin batera, AEBko Misiolari Elkarteko boluntarioa izan zen. Medfielden (Massachusetts) ezkondu zen 1823an Walter Rogers Johnson (1794-1852) zientzialari eta Zientziaren Aurrerapenerako Elkarte Estatubatuarraren lehen idazkariarekin. Bikoteak bi seme-alaba adoptatu zituen, Walter W. Johnson (1836-1879) eta Mary Maria Stroud (1834-1921).[3]

Filadelfian bizi zen 1843an, eskuz eragiteko lehen izozki-irabiagailuaren patentea eskatu zuenean (US3254A). Haren asmakizun arruntak "teknologia disruptiboa" delakoa sortu zuen, eta, horri esker, mundu guztiak egin ahal izan zituen kalitatezko izozkiak elektrizitaterik gabe.[4]

1862tik aurrera, bere ahizpa Mary Johnsonekin batera, Port Royal-eko Esperimentuan parte hartu zuen. Sezesio Gerran hasitako programa bat izan zen, non Hego Carolinako egoiliar zuriek utzitako lurrak antzinako esklaboei esleitu zitzaizkien, landu eta birpopulatu zitzaten. Hezkuntza batzorde berezi bat ere bazegoen programan horiek bideratzeko. Bere familiarekin batera lurperatuta dago Washington Hiriko Oak Hill hilerrian.[3]

Asmakizuna: izozkailu artifiziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Johnsonek eskuzko izozki-irabiagailu bat asmatu zuen, arazo bat konpontzeko: denbora asko behar izaten zen hori egiteko. Izozkiak nabarmen murriztu zituen denborak, eta eskuz baino errazago egitea lortu zuen.[5]

Izozkailu artifizialaren patente-zenbakia US3254A da. 1843ko irailaren 9an patentatu zen eta 1848ko uztailaren 29an baliogabetu zen.[6] Biradera batek, eragitean, ondoko bi arbel zabal eta lauak birarazten zituen, zeinek zenbait zulo baitzituzten izozkia homogeneoago irabiatzen laguntzeko, eta aldi berean, espatulak sartzen ziren ontzi zilindrikoaren barruko hormetan izotzezko kristalak kentzea errazten zuen.[7] Espatula metaliko horiek 'dasher' izeneko hodiari lotuta zeuden, zeina izozkailu artifizialetik irteten zen biraderari lotuta zegoen.[8] Aparatua oso eraginkorra izan zen izozkia egiteko; izan ere, termodinamikaren printzipioak eta erreakzio endotermikoak baliatuz, kanpoko ontzi bat zuen zurezko tinaren barruan, gatza eta izotz birrindua zituena, izotza urtu eta disoluzioaren tenperatura izozte-puntuaren azpitik jaisteko.[4] Horrek, izozkiaren soluzioarekin batera, energia termikoa ateratzen zuen izozkitik, eta, era berean, izoztu egiten zuen. Ontziaren barrualdea zatitzeko zerbait erabiliz gero, bi zapore ezberdin martxan jartzeko eta aldi berean egiteko aukera ere ematen zuen aparatuak.[8]

"Izozkailu artifizialean", jatorrizko patentearen izeneko gailu horretan, izozkiak edo sorbeteak egin zitezkeen, 30 minutu inguru irauten zutenak, ez baitzegoen gauzak hotz mantentzeko soluzio elektrikorik, hozkailua asmatu barik baitzegoen eta mundu guztiak ez baitzen freskera bat.[9][10]

Elementu horien konbinazioari esker, izozki-dendek askoz ere modu errazagoan, eraginkorragoan eta eskulan gutxiagorekin ekoizten zituzten izozkiak. Gailu horrek, eraginkorragoa zenez, ekoizpena merkatu zuen, eta aldi berean, izozkia merkeagoa izatea eragin zuen. Gainera, herritar guztiei eman zien aukera postre hori eskuratzeko, aurretik garestiegia baitzen klase ertain eta baxuarentzat. 1846ko irailean, patente bat aurkeztu zuen izozki-makina horretarako eta bere fabrikazioa irauli zuen, erraz egin eta saldu zitekeen oinarrizko produktu bat bihurtzea erraztean. Johnsonen berrikuntzak iraultza ekarri zuen izozkiaren industriara, gaur egun mundu osoko postre ezagunenetakoa baita, eta gaur egun ez litzateke hain ezaguna izango irabiagailu horrengatik ez balitz. Asmakizun hori baino lehen, izozkia batez ere goi-klasekoek gozatzen zuten gutizia ezohikoa zen, egunero hartu ezin zitekeena. Izozkiak ekoizteak eskatzen zuen lan handia kentzeko asmoz, Johnsonek sistema bat sortu zuen, osagaiak gizakiaren esku-hartzerik gabe osagaiak astintzeko aukera ematen zuena. Handik aurrera ez zen beharrezkoa izan, norbaitek orduak ematea nahasketa eskuz mugitzen.[11]

150 urte geroago, Johnsonen asmakuntza oraindik erabiltzen da, izan ere, oso antzeko eredua erabiltzen da Guadalupen eta Martinikan, non "West Indian Ice Cream Maker" deitzen den.[10]

Bere itxura sinpleko ideiaren atzean zegoen teknologia hobetuz joan da hamarkadatan zehar, gaur egun dena izan arte. Hobekuntza guztiekin eta gero eta ospe handiagoarekin, izozkiaren industria handia egin da. Amerika osoan eta mundu osoan kontsumitzen den gozamena da. Johnsonen eskuzko irabiagailua barik, ez zatekeen askok gozatutako postre arrunta izango, eliteko postrea baino.[12] 

Guztira 1.500 dolar jaso zituen Johnsonek bere bizitzan zehar bere patentearengatik.[13] Arrakasta eta eragin handia izan bazuen ere, 200 dolarren truke saldu zizkion patentearen eskubideak William G. Youngi.[14] Young, Baltimoreko bertakoa, 1848ko maiatzaren 30ean gailua hobetu zuen. Hobekuntza batzuek zuloz estalitako antzeko barne-espatula zuten, baina heldulekuaren mekanika aldatu egin zen izozkia askoz hotzago egiteko, eta izozte-prozesua ere bizkortu egin zen aldi berean.[15]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Feminism, School of. (2022-04-21). «Nancy M. Johnson, inventora estadounidense que patentó la primera máquina para hacer helados.» School of Feminism (Noiz kontsultatua: 2024-07-13).
  2. https://malepeaiicecreammaker.weebly.com/nancy-m-johnson.html
  3. a b «[Portrait of Nancy Maria Donaldson Johnson»] Library of Congress, Washington, D.C. 20540 USA.
  4. a b Portrait of Nancy Maria Donaldson Johnson. .
  5. History of Ices and Ice Cream, 19th Century. .
  6. Johnson, Nancy Maria. 1843. Artificial Freezer U.S. Patent No. 3,254 Philadelphia, PA: U.S. Patent and Trademark Office
  7. Clarke, C. (2016). The science of ice cream. In The science of ice cream (p. 7). Cambridge: Royal society of chemistry.
  8. a b Nancy Johnson - inventor of the ice Cream Freezer. (n.d.). Retrieved April 01, 2021, from https://www.inventricity.com/nancy-johnson-inventor
  9. Artificial freezer. .
  10. a b The history of the ice cream maker: between tradition and innovation. .
  11. https://racingnelliebly.com/weirdscience/nancy-johnson-brought-ice-cream-masses/
  12. https://medium.com/@JanBossing/inventing-women-53fe5724ec42
  13. Humanities, National Endowment for the. (1891-07-18). The Lafayette advertiser. [volume (Vermilionville [i.e. Lafayette], La.) 1865-19??, July 18, 1891, Image 3. ] ISSN 2329-4205..
  14. Ishii, M. (2021, March 9). Celebrating International Women’s Day with Women Who Have Changed the World. Retrieved April 01, 2021, from https://homebusinessmag.com/businesses/success-stories-businesses/international-womens-day-changed-world/
  15. Govan, J. (2019, September 10). Today in History: William Young patents the ice Cream Freezer - Jennifer GOVAN - EDLAB. Retrieved April 01, 2021, from https://blog.library.tc.columbia.edu/b/22225-Today-in-History-William-Young-Patents-the-Ice-Cream-Freezer

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]