Napoleonen Pariserako martxa egunkariko tituluetan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Dumasen testua, Une Année à Florence liburuan.

Napoleonen Pariserako martxa, Ehun Egunen kontestuan, ustez Le Moniteur Universel egunkariko tituluetan erretratatua geratu zen eraldaketa diskurtsibo politiko bat izan zen, zeinean Napoleon Bonaparte igaro zen erbesteratutako tirano izatetik, enperadore goratua berri izatera, Elbako desterrutik Parisera agintea berreskuratzera hurbildu ahala.

1815eko martxoko dozena bat titularretan, Napoleon bihozgabe eta antropofagoa izatetik, maiestate izatera iritsi zen. Le Moniteur universeleko tituluen hurrenkera Alexandre Dumas idazleak kontatu zuen hamarkada batzuk geroago, baina ondorengo ikerketek demostratu dute ez zela halakorik argitaratu Moniteur Universelen eta, ondorioz, kontua Dumasen asmakuntza dela esan daiteke, prentsa idatziak jasaten dituen lerratze politikoen kritika fabulatu bat azken finean.[1] Hala ere, titulu hurrenkera han-hemenka aipatua izan ohi da, benetakoa bailitzan, euskarazko testuetan zein beste hizkuntza batzuetan. Ohikoan kazetaritza oker eta botereari salduaren paradigma gisa aurkezten da tituluen hurrenkera. [2] [3]

Titulu sorta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandre Dumas, tituluen asmatzailea.

Hauxe da Alexandre Dumasek 1841ean argitaratu zuen titulu-sorta, “Une année à Florence” bidaia-kontakizunean jasoa. Dumasek zehaztu zuenez, "kazetaritzari eraiki zaion monumentu perfektua" izan zen Moniteurrek argitaratu zuena.

  • L’anthropophage est sorti de son repaire.
  • L’ogre de Corse vient de débarquer au golfe Juan.
  • Le tigre est arrivé à Gap.
  • Le monstre a couché à Grenoble.
  • Le tyran a traversé Lyon.
  • L’usurpateur a été vu à soixante lieues de la capitale.
  • Bonaparte s’avance à grands pas, mais il n’entrera jamais dans Paris.
  • Napoléon sera demain sous nos remparts.
  • L’empereur est arrivé à Fontainebleau.
  • Sa Majesté Impériale et Royale a fait hier son entrée en son château des Tuileries au milieu de ses fidèles sujets.
    Grenobleko plaka honek Napoleonen martxaren aldarte aldaketa adierazten du, baina Napoleonen beraren hitzetan (« Avant Grenoble, j’étais aventurier. À Grenoble, j’étais Prince »), ez prentsako titulu asmatuetan.

Euskaraz, Joseba Sarrionandiak Ni ez naiz hemengoa 1985eko saiakera liburuan itzuli zuen, Kazetaritza epigrafearekin:[3] [4]

  • Martxoak 9: “Monstruoak ihes egin zuen bere desterrutik”.
  • Martxoak 10: “Korsikar ogroak Cape Jean aldean desenbarkatu du”.
  • Martxoak 11: “Tigrea Gap aldean agertu da. Harmadak haruntz doaz bazter guzietatik, haren abiada gelarazteko. Bere abentura miserablea delinkuenteenaren gisan amaituko da mendietan”.
  • Martxoak 12: “Monstruoa Grenoble hiriraino sartu da”.
  • Martxoak 13: “Tiranoa Grenoble eta Lyon aldean orain. Bera agertu denez geroztik izuturik dago jende guzia”.
  • Martxoak 18: “Usurpadorea hiriburutik hirurogei orduko ibilaldira dagoen punturaino hurbiltzen ausartu da”.
  • Martxoak 19: “Bonaparte ibilera arinez hurbiltzen da, baina inposiblea zaio Parisera sartzea”.
  • Martxoak 20: “Napoleon bihar iritsiko da Pariseko harresietara”.
  • Martxoak 21: “Napoleon Enperadorea Fontainebleaun dago”.
  • Martxoak 22: “Atzo arratsaldean Bere Maiestate Enperadoreak sarrera publikoa egin zuen Tullerietan. Ezerk ere ezin lezake bozkario unibertsal hau gainditu”.

Faltsutasunaren frogak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dumasen kontakizunak, gerora ikertu denez, ez du egiazkotasunik. Le Moniteur Universel digitalki dago gordea Frantziako Liburutegi Nazionalean, eta bertan ikusi daiteke 1815eko martxoan halakorik ez zurela idatzi. Izatez, Le Moniteur agiri ofizialen buletina zen nagusiki, eta politikazko izenburuek ez zuten tokirik ohikoan.[1] Alexandre Dumasen , Une Année à Florence liburuko testua da ustezko albisteen lehen iturburua, geroztik hainbat bider errepikatua.

Beste egunkari batzuetan igarri izan dira zantzuak, non Ehun Egunen hasieran Bonaparte mesprezatua ageri zen, halako eraldaketa diskurtsibo oso bat ez dago inon jasoa.[5] Napoleonentzat berarentzat, bere martxan, eraldaketa puntu bat ere izan zen, Grenoblera iritsi zelarik, ordura arte zalantzazkoa zena boterea berreskuratzeko bide garbiago bat bilakatu baitzen, 1815eko martxoaren 7an. Grenobleko plaka batek gogoratzen du Bonapartek orduan esan, "Grenobleraino abenturazaile bat nintzen, Grenobletik aurrera, printzea".[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) Jacobs, Frank. (2020-09-29). «How Napoleon went from ‘cannibal’ to ‘Majesty’ in 20 days» Big Think (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).
  2. Santamaria, Ivan. (2023-08-02). «Napoleonen ihesa eta zerga erreforma» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).
  3. a b Etxague, Gonzalo. (2013-04-05). «Bufoiak eta kazetariak • ZUZEU» ZUZEU (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).
  4. of Zabaldika, Joxemigel. (2022-06-01). «Kazetaritza (J. Sarrionandia) - Merezi du goitik behera irakurtzea.» Twitter (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).
  5. (Frantsesez) Jonquières, Joëlle. (2004-06-01). «Les « Cent-Jours » de Chabert» Temporalités. Revue de sciences sociales et humaines (2)  doi:10.4000/temporalites.771. ISSN 1777-9006. (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).
  6. (Frantsesez) «Le Vol de l'Aigle, ou le retour triomphal de Napoléon» Étale Ta Culture ! 2012-10-29 (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]