Neronek tirako nizkin

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Neronek tirako nizkin
Datuak
IdazleaSebastian Salaberria (1964)
Argitaratze-data1964
GeneroaEleberri autobiografikoa
Jatorrizko izenburuaNeronek tirako nizkin
ArgitaletxeaAuspoa
Herrialdea Euskal Herria
ISBN9788471580184
SariakAgora Saria


Neronek tirako nizkin Sebastian Salaberriak 1964an argiratutako eleberri autobiografikoa da. Eleberriak Agora Saria irabazi zuen 1965ean.[1]

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Neronek tirako nizkin eleberriak Sebastian izeneko pertsonaia baten bizitza kontatzen du. Liburua bi zatitan banatzen da: gerra aurreko kontakizunak alde batetik eta gerrakoak bestetik.

Hasierako kapituluak Sebastian eta bere familiari buruzkoak dira. Baserri giroan hazitako umea da Sebastian. Oraindik gazte dela, zoritxarrak jo eta lehenik aita eta ondoren ama hiltzen zaizkio. Erabateko pobrezian bizi dira senideak, eta aurrera ateratzeko baserriz baserri morroi ibili beste erremediorik ez du Sebastianek.

Hogei urte bete eta gutxira gerra pizten da, eta Sebastianek Donostian geratzea erabakitzen du: bertan geratzen da lanean. Gero nazionalak Donostian sartzen direnean, ejertzitoren alde borroka egitera joatera behartzen dute.

1936ko gerra hasi zenean, bando banatan egokitu ziren Sebastian Salaberria eta haren anaia Kaximiro, eta Sebastianek beti zuen gogoan borrokatzen zituen etsaien artean anaia egon zitekeela. Borrokaldien ondoren, hildako etsaien gorpuak ikuskatzean, haietako bat anaiarena izango ote den datorkio beti burura Sebastian pertsonaiari, nobelaren egileari gerran benetan gertatzen zitzaion bezalaxe. Gerrak iraun zuen artean izan zuten lagun izu hori biek, aurretik egileak bezala pertsonaiak gero.[2] Horrela adierazten du beldur hori Sebastianek[3]:

"Horrelaxe, makina bat hildakori buelta eman nien. Gero jakin nuenez, gure anaia ere horrelaxe ibili omen zen, pentsaturik gu ere soldadu izango ginela noski beste aldetik.

Nire lagunek galdetzen zidaten:

–Baina zer ari haiz horrela?

Eta nik erantzuten nien:

–Nik badiat anaia bat euskotar horiekin dabilena, eta begiratzen diat ea hilda dauden horietakoren bat ote den. Ez diat behintzat oraindik aurkitu. Jainkoak ez dezala nahi, baina ez huke harritzekoa izango horrelakorik gertatuko balitz ere, gu gabiltzan bezala gerra bizian ibilita. Hauxe izango huke munduan izan daitekeen gauzarik tristeena: sekula ezer izan ez dugun anaiek elkarri tiroka batak bestea hiltzea!"

Kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beñat Sarasolak Sautrela saioan esandakoaren arabera, eleberriak "“ez dauka elaborazio literario berezirik, kontaketa nahiko ohikoa eta bizia da, elkarrizketa ugarirekin, baina badauka berezitasun bat (…): autofikziozko nobela da, narratzailearen eta idazlearen arteko muga lausotzen da. Ez dakigu idazlearen ala fikziozko narratzaile baten istorioa den”. Hizkuntzaren inguruan dio badituela "forma interesgarriak, ahozko hizkuntzatik dexente du”. Horrez gain, azpimarratzen du nahiz eta ez den lan ideologizatua, euskal literaturan apenas dagoela lanik Espainiako Gerra Zibila nazionalen bandotik kontatzen duenik[4].

« Irakurgai erraza eta atsegina hau, inon errazik eta atseginik baldin bada, eta batez ere bizia dariona. »
Koldo Mitxelena[5]

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru argitalpen izan ditu Neronek tirako nizkin nobelak. Lehenengo biak Auspoa bilduman plazaratu ziren, 1964an eta 1994an hurrenez hurren, 38 zenbakiaz, Antonio Zavalaren gidaritzapean.

Hirugarrena 2016an argitaratu zen Hauspoa Liburutegia bilduman.

Horiez gain, gaur egun eskueran ditugu eleberriaren beste hiru bertsio ere, Koldo Mitxelena kulturunean, Antonio Zavalaren artxibo edo funtsean. Sebastian Salaberriaren eskuizkribua da lehenengoa, eta Zavalak berak makinaz idatziak beste biak.[6]

Liburua sarean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

- Gipuzkoako Foru Aldundiak guztion eskura jarri du 3. argitalpena: klikatu hemen[Betiko hautsitako esteka]

- Armiarman aurki daiteke 1964ko argitalpena (klikatu hemen), baita Euskaltzaindiaren webgunean ere (klikatu hemen[Betiko hautsitako esteka])

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Sebastian Salaberria, «Neronek Tirako Nizkin" Nobela -Egillea» Argia (98) 1965-01-10.
  2. Zabala, Juan Luis. (2015-12-24). «Bertsoak idaztetik eleberrigintzara» Berria.
  3. Salaberria, Sebastian. (2016). Neronek tirako nizkin. Gipuzkoako Foru Aldundia, 87-88 or. ISBN 978-84-7907-745-7..
  4. Sebastian Salaverriaren 'Neronek Tirako Nizkin' liburua, aztergai. (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).
  5. Mitxelena, Luis. (1964). «Liburuak» Egan (XXIII. Urtarrila-abendua): 173..
  6. Salaberria, Sebastian. (2016). Neronek tirako nizkin. Gipuzkoako Foru Aldundia, 17 or. ISBN 978-84-7907-745-7..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]