Edukira joan

Oinetako abandonatu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hondartzan abandonaturiko oinetako bat: itsasoan urtetean egon arren, ez dira aise degradatzen.

Oinetako abandonatuak kale, errepide eta naturan dauden oinetakoak dira, banaka gehienetan, jabeak utzi edo galduak. Fenomeno interesgarri eta misteriotsu bilakatu da: izan ere, oinetakoak beste jantziak eta objektuak baino maizago agertzen dira; eta, giltzak edo bestelako objektuak ez bezala, ez da erraza norberak oinetako bat galdu duela berehala ez konturatzea.

Misterioa azaltzeko, hipotesi zenbait eman dira. Adibidez, pertsonek presagatik korrika dabiltzanean, aise gerta daiteke oinetako bat galtzea; egoera horretan, pertsonak nahiago du aurrera jarraitu (trena ez galtzeko, esaterako) eta oinetakoa galtzea. Ohikoa da, baita ere, emakumeek jaietan takoidun oinetakoak janztea, berez oinetik aise askatzen direnak; jaietan harrapatzen diren mozkorrak direla eta, azkenean kalean uzten dira zapata hauek. Hondartzetan ere maiz agertzen dira oinetako abandonatuak: jendeak hondartzan ibiltzeko berariazko oinetakoak jantzi eta kalean ibiltzekoak utzi egiten ditu beste gauzekin batera, baina hondartzatik alde egitean, kalekoak ahaztu egiten ditu akaso. Itsasoak ere sarri ekartzen ditu oinetakoak kostaldera, oinetakoak kasu askotan uraren gainean flotatu eta beste jantziak baino gai iraunkorragoez eginak daudelako. Haurren oinetakoak ere maiz ikus daitezke kale eta errepide bazterretan abandonaturik, agian haurrak oinetakoak erantzi eta automobileko leihotik behera gauzak botatzeko duten joera dela eta.

Oinetakoak edozein lekutan uztearena nahita egiten den jarduera ere izan daiteke. Herrialde zenbaitetan, oinetako jaurtiketa izeneko denbora-pasa egiten da, oinetakoen lokarriak baliatuz, oinetakoak kable edo zuhaitz-adarretan utziz. Hortik, arte moduan ere garatu den ohitura da, objet trouvé joerari jarraiki. Bestalde, oinetako abandonatuen irudia sarri erabili da olerkigintzan, oinetakoaren jabearen inguruan gogoetak eginez.

Fenomenoak hedabideen arreta piztu du eta interneten ere blogak sortu dira gaiaren inguruan.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]