Olibondoen produkzioa Palestinan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Olibondoak

Olibondoak nekazaritzako laborantza garrantzitsua dira Palestinako lurraldeetan, eta batez ere oliba-olioa ekoizteko landatzen dira. 2012ko datuen arabera, 80.000 familia inguru bizi dira oliben laborantzatik (oliben bilketa, olioaren ekoizpena, salmenta eta banaketa), oinarrizko diru-sarrerak lortzeko, eta ekonomiaren %14 egiten du[1]. Lurralde okupatuetako nekazaritza lurren %45 inguru olibadiak dira.[2][3]

Palestinar askorentzat olibondoa herriarekiko eta lurrarekiko loturaren sinboloa da. Bizitza luzea dutenez (5.000 urte ingurukoren bat ere topa daiteke) erresilientziaren eredu dira.[4]

Erasoa jasandako olibondoa

Israelgo armadak eta kolonoek[5] palestinarren aurkako errepresalia gisa edo segurtasunaren izenean erabili izan dute Palestinako olibondoen suntsiketa[6] [7]. Olibondoak eta nekazaritza kontrolatzea, batez ere uraren erabilera murriztuta, neurri handi batean palestinarren ekonomia kontrolatzea da.[8]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olibondoek historia luzea dute Palestinan: K.a. 3600 eta 3300 urteen arteko Kalkolito garaiko aztarnak aurkitu dira, olibadienak eta oliba-olioaren fabrikazioarenak. Geroago, Brontze Aroan, oliben merkataritza ohikoa izango zen, Uluburun itsasontzi hondoratuak erakusten duenez; izan ere, baliteke Palestinako olibak izatea ontziak zeramatzan salgaietako bat.

Palestinar emakumeak olibak zapaltzen olioa egiteko

Olibak eta oliba-olioa oso garrantzitsuak izan ziren eskualdean garatu ziren erlijio nagusietan, eta liburu sakratuetan ageri dira haien aipamenak. Juduen eskrituretan, agindutako lurraren bedeinkapenetako bat dira olibak, eta oparotasuna sinbolizatzen dute. Itun Berrian, Olibondoen Mendiak eginkizun garrantzitsua du, eta olioaren erabilera praktika erlijioso kristau eta islamikoan ageri da.[9] Biblia osoan dozenaka aipamen daude olibondoaz eta oliba-olioaz, eta Koraneko "Argia" izeneko bertsoan olibondoa zuhaitz sakratu gisa deskribatzen da.[10]

1700. eta 1900. urteen artean, Nablus inguruko eremua bihurtu zen olibak ekoizteko gune nagusia, eta oliba-olioa erabiltzen zen diruaren ordez. Putzu sakonetan biltegiratzen zen hirian eta inguruko herrietan, eta gero merkatariek erabili zuten ordainketak egiteko.[11]

Otomandarren garaiaren bukaeran, Lehen Mundu Gerraren aurretik, Nablus inguruan ekoizten zen olioak ez zuen esportaziorako balio handirik, garratzegia, garestiegia baitzen eta iraupen mugatua zuen.

Mandatu Britainiarraren garaian, nabarmen handitu zen oliben eta oliba-olioaren ekoizpena. Uztetan gorabeherak egonik ere, ekoizpena 1921-1928 aldian 17.000 tonakoa izatetik 40.000 tonakoa izatera pasatu zen 1939-1944 aldian, hainbat arrazoirengatik: gobernuak landareak banatu zituen eta olibadien azalera handitu egin zen, izurriei aurre egin zitzaien eta lantzeko nahiz biltzeko teknikak hobetu ziren.[12]

Palestina okupatu ondoren, Israelgo indarrentzat lurra eskuratzeko modu bat izan zen olibondoak suntsitzea. 1967an hasi ziren Palestinako olibondoak erauzten, eta kalkulatzen da 830.000 olibondo erauzi zituztela 1967tik 2009ra bitartean[13].

2014. urtean, UNESCOk Munduko Ondarearen gune izendatu zuen Battir, nekazaritzarako duen garrantziagatik; izan ere, olibak ekoiztearen eraginez, sortzen den paisaia osatzen dute nekazaritza-terraza zabalek, ur-iturburuek, ureztatze-sistema zaharrek, giza kokalekuaren aztarnek, oliba-prentsek eta gune historikoak[14][15].

Gaur egun, oliba-olioa funtsezko esportazioa da Zisjordaniako palestinarrentzat.

Ekoizpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olibak biltzen

Oliba-uztaren zati handiena Zisjordanian prentsatzen da, batez ere Jenin hiriaren inguruan, bertan baitaude oliba-olioaren prentsa edo dolare gehienak[16].

Palestinan ekoizten den oliba-olioa bertan kontsumitzen da gehienbat. Olibondoaren ziklo naturalak, uzta oparoko urteekin eta uzta urrikoekin, gorabehera handiak eragin dituzte ekoizpenean. Gainerakoan, baliteke merkatu handiena Israel izatea, nahiz eta datuak ez diren jasotzen, eta zaila da olioaren destinoa zein den jakitea. Beste zati bat Europara, Ipar Amerikara eta Pertsiar Golkoko estatuetara esportatzen da. Olioaren Nazioarteko Kontseiluaren arabera, Palestinako batez besteko oliba-olio ekoizpena 22.000 tonakoa zen urtean, eta 6.500 tona esportatu ziren 2014-2015ean.[17]

Agronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palestinako lurraldeetan olibondo barietate ugari lantzen dira, baina nagusiak hiru hauek dira: ‘Nabali Baladi’, ‘Nabali Mohassan’ eta ‘Surri’.[18]

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olibondoak Palestinako nekazaritza-bizitza tradizionalaren osagai garrantzitsutzat jotzen dira, Hainbat familia-belaunaldi biltzen dira oliben uzta biltzeko bi hilabetez, irailaren erdialdetik aurrera. Uzta-garaia sarritan ospakizunekin lotzen da familientzat, eta festa antolatzen da Palestinako musika eta dantza tradizionalekin.

Palestinako kulturaren alderdi garrantzitsua ere bada olibondoa. Mourid Barghouti poetak honela deskribatzen du olibondoa: "Zigilurik edo argazkirik behar ez duen nortasun agiria, jabearen heriotzarekin iraungitzen ez dena".

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Hedroug, Layla. (2023-03-11). «Israel’s Campaign Against Palestinian Olive Trees» The Yale Review of International Studies (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  2. (Ingelesez) Web-English2, Dpi. (2011-10-18). «Olive harvest Fast facts - OCHA factsheet» Question of Palestine (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  3. (Ingelesez) «How the West Bank's Olive Groves Sparked a Global Movement» Time 2019-11-01 (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  4. (Ingelesez) «This olive tree in Bethlehem has stood for 5,000 years - and this man is defending it» Middle East Eye (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  5. «Olibondoek zutik diraute» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  6. (Ingelesez) Johnston, Barbara Rose; Hiwasaki, Lisa; Klaver, Irene J.; Castillo, Ameyali Ramos; Strang, Veronica. (2011-12-21). Water, Cultural Diversity, and Global Environmental Change: Emerging Trends, Sustainable Futures?. Springer Science & Business Media ISBN 978-94-007-1773-2. (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  7. (Ingelesez) «olive trees Archives» +972 Magazine (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  8. (Ingelesez) Palestinian Olive Trees Under Attack – Commodities, Conflict, and Cooperation. (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  9. (Ingelesez) Kaniewski, David; Van Campo, Elise; Boiy, Tom; Terral, Jean‐Frédéric; Khadari, BouchaÏb; Besnard, Guillaume. (2012-11). «Primary domestication and early uses of the emblematic olive tree: palaeobotanical, historical and molecular evidence from the Middle East» Biological Reviews 87 (4): 885–899.  doi:10.1111/j.1469-185X.2012.00229.x. ISSN 1464-7931. (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  10. (Ingelesez) Hassouna, Viktoria. (2010-07). Virgin Olive Oil: Everything You Should Know about Olive Oil. BoD – Books on Demand ISBN 978-3-8391-7505-7. (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  11. (Ingelesez) Doumani, Beshara. (1995-10-12). Rediscovering Palestine: Merchants and Peasants in Jabal Nablus, 1700–1900. University of California Press ISBN 978-0-520-91731-6. (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  12. (Ingelesez) Kamen, Charles S.. (1991-07-15). Little Common Ground: Arab Agriculture and Jewish Settlement in Palestine, 1920-1948. University of Pittsburgh Pre ISBN 978-0-8229-7672-1. (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  13. (Ingelesez) Hedroug, Layla. (2023-03-11). «Israel’s Campaign Against Palestinian Olive Trees» The Yale Review of International Studies (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  14. (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Palestine: Land of Olives and Vines – Cultural Landscape of Southern Jerusalem, Battir» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  15. (Ingelesez) «In the West Bank, UNESCO site Battir could face a water shortage from a planned Israeli settlement» AP News 2023-06-21 (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  16. «Main Economic Indicators for Olive Presses Activity in the Palestinian Territory by Governorate, 2012» pcbs.gov.ps (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  17. «Agricultural Sector» United Nations Conference on Trade and Development (UNCTAD) Investment Policy Reviews (UN): 51–72. 2002-07-10 ISBN 978-92-1-045118-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  18. Obaid, Ramiz; Abu-Qaoud, Hassan; Arafeh, Rami. (2014-09-03). «Molecular characterization of three common olive (Olea europaea L.) cultivars in Palestine, using simple sequence repeat (SSR) markers» Biotechnology, Biotechnological Equipment 28 (5): 813–817.  doi:10.1080/13102818.2014.957026. ISSN 1310-2818. PMID 26019564. PMC 4433930. (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]