Palestinar Lurralde Okupatuak

Palestinar Lurralde Okupatuak[1] Zisjordania eta Gazako zerrendak osaturiko eskualdea da. 1948 arte, eskualde hori Palestinako Britainiar Mandatuan zegoen, eta Jordania eta Egiptok (1948) eta Israelek (1967) konkistatua izan zen. 1993an Osloko itunei esker Palestinar Aginte Nazionala sortu zen. Israel da Palestinar Lurralde Okupatuen gaineko subiranotasuna duen potentzia okupatzailea.
Israelgo Gobernuak errepresio politika gogorra egiten du Palestinar Lurralde Okupatuetan. Ekialdeko Jerusalemen eta Zisjordaniako gainerako lurretan etxeak eraikitzeko, palestinarrek israeldar agintarien baimena eskatu behar dute, baina palestinarren baimen eskaera horien % 94ri ezezkoa ematen diete Israelgo agintariek. Israelen jokamoldea da palestinarren etxeak, oinarrizko azpiegiturak eta sostengu iturriak eraistea. Nazio Batuen Erakundeak 2018an kalkulatu zuenez, Lurralde Okupatuetako palestinarren etxeen % 28 – % 46 bitarte zeuden eraitsiak izateko arriskuan.[2] Geroztik, israeldar okupatzaileek askoz gehiago eraitsi dituzte, Israelek 2023an abiatutako Gazako genozidioan.
2016. eta 2017. urteetan, 1.628tik gora palestinar beren etxeetatik kanporatu zituen: horietatik % 38 errefuxiatuak ziren; eta erdiak baino gehiago, haurrak. Erasandako haur askok nozitzen dituzte trauma ondoko estresa, depresioa eta antsietatea. Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) salatu duenez, behartutako lekualdatze hori nazioarteko legearen urratze larria da.[2]
2023ko urrian, Israel-Palestina gerra hasi zen, eta Israelek Gazako inbasioari ekin zion tankez eta aire erasoz, helburutzat hartuta Hamas erakundea desagerraraztea. Israeldar inbaditzaileek inoiz ez bezalako lurraldearen suntsipena eta heriotza kopurua eragin zuten: gutxienez 65.000 palestinar zituzten, 2025eko irailerako. Lurralde Okupatuetarako Nazio Batuen Erakundearen kontalari berezi Francesca Albanesek adierazi zuenez, «65.000 dira ustez hildako palestinarrak, eta horietatik % 75 baino gehiago emakumeak eta haurrak dira, baina 680.000 direla pentsatzen hasi beharko genuke, hori baita zenbait akademikok eta zientzialarik Gazan hildakoen benetako kopurua dela baieztatzen duten kopurua».[3] Zisjordanian, israeldar kolonoek eta Israelgo Armadako gudariek askotariko erasoak egiten dituzte palestinarren kontra.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia. .
- ↑ a b (Gaztelaniaz) UNRWA. (2018ko urtarrila). «Las demoliciones israelíes dejan sin hogar a las familias palestinas» UNRWA.es (kontsulta data: 2018-01-30).
- ↑ (Gaztelaniaz) EFE. (2025-09-15). «La relatora de la ONU sobre Palestina afirma que puede haber diez veces más muertos de lo estimado en Gaza» ElDiario.es (kontsulta data: 2025-09-17).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
| Artikulu hau Palestinako historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |