Edukira joan

Onomatopeia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hitz egitearen onomatopeia.

Onomatopeia (grezierazko ὀνομα(το), onoma "izen/hitz" eta poiía, "egite/fabrikazio") soinu bat imitatzen duen hitza edo hitz taldea da; adibidez, tas-tas, danba-danba edo plisti-plasta. Animalien soinuak adierazteko ere erabiltzen dira, hala nola oilarraren kukurruku edo txorien txio-txio.

Nahiz eta onomatopeiak soinuen transkripizio fonetiko "naturalak" diruditen, hizkuntza bakoitzak bereak izaten ditu, haren fonologia eta egituraren arabera. Adibidez, txoriek euskaraz txio egiten duten bitartean, gaztelaniaz pio, frantsesez cuic, ingelesez tweet eta alemanez piep egiten dute.

Lexikalizazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teoria linguistiko batzuen arabera, Leibnizena kasu, onomatopeiak hizkuntzaren sorburutzat hartzen dira: haien arabera, lehen gizakiek hitz egiteko inguruko soinuak imitatuz egin zituzten. Max Müller, Otto Jespersen edo Chomskyk ezeztatu egin dituzte teoria horiek harrez geroztik.

Hala ere, onomatopeiak, bere etimologiak adierazten duen bezala, hainbat hizkuntzatako hitzak eratzeko bide garrantzitsua da: haien lexikoetako hitz asko onomatopeietatik eratorriak dira. Adibidez, zizta[1] hitzak eta zizt[2] onomatopeiak erlazio estua dutenik ezin uka.

Atea haustearen onomatopeia (ingelesez) komiki batean.

Badirudi onomatopeiak bigarren mailako hitzak-edo direla[3], edo gutxienez testuari halako bizitasuna eman nahi zaionean erabiltzen direla, ahozkotasunetik hurbil. Hala ere, hizkuntzaren arabera desberdina izan daiteke, onomatopeiaren eta hitzaren beraren desberdintasunaren arabera. Adibidez, ingelesez hitz eta aditz ugari onomatopeiatik fonologikoki hurbil edo berdinak direnez, bien arteko aldea lausotzen da; erromantzeetan, ordea, oso desberdinak izanik, erabilerak (eta hizkuntza-erregistro motak) aldenduak dituzte. Euskararena erdibideko sistema bide da.

Komikietan onomatopeia asko erabiltzen dira, askotan irudietan bisualki integratuta, marrazkiak berak soinua namarmenduz.

Sakontzeko, irakurri: «Animalien hotsen zerrenda»

Animalien soinuak adierazteko ere erabiltzen dira, hala nola:

Animalienak ez direnak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen animalien hotsak ez direnen onomatopeia batzuk[4]:

Ekintza Onomatopeia
Tiroa danba
Atean joka danba-danba
Barrezka kar-kar-kar
Txirrina joka txirrin
Telefonoa joka txirrin-txirrin
Mugimendu azkarra raaa
Uretan ibiltzen plixti-plaxta
Poliki ibiltzen ttipi-ttapa
Umea lau hanketan ttaka-ttaka
Pospoloa piztean raixta
Ekintza bat etengabean riki-raka / ñiki-ñaka / raka-raka / ñaka-ñaka
Ura mugitzean, errekan adibidez ur-ur
Sua suuu-suuu
Ura hormatik irristan iz-iz
Distira dir-dir
Lantegiko tutua tuuuu
Dardara dar-dar
Saltsa irakiten pil-pil
Ura irakiten bor-bor
Puzkerra turrut
Ume baten puzkerra purrun
Oihal batek urratzean tarrat
Zerbait eztarritik irenstean klik
Likido bat irenstean urrup / zurrut
Txiza egitean txiz-txiz / pix-pix
Gurdia ibiltzean kirrinka-karranka
Autoa mugitzean po-po
Zintza egitean zintz-zintz
Olioa irakiten xirt-xirt / xart-xart
Lurrera erortzean danbala
Zartakoa zart
Labana edo sastakaia sartzean sasta / zazta
Zaplastakoa edo zaplamokoa zapla
Tximista erortzean ximist
Trumoiaren soinua burrun
Mugimendu azkarra di-da / ti-ta
Suak zerbait erretzean zi-zi / fu-fu
Itsasoa haserre orro
Narrastiak mugitzean narras-narras
Irrista egitean irrist / xirrixt / txirrixt
Itoginaren soinua ta-ta-ta-ta
dilin-dalan /dindan-boleran
Mailuaren hotsa tiriki-trauki
Zerbait jotzean kinki-kanka
Azkar ibiltzean triki-traka / tirri-tarra
Trikitixa triki-triki-triki
Sagarra txikitzean kirikoketa-kirikoketa
Zurrunga egitean zurrun-zurrun
Egurra aizkoraz moztean taka-taka
Platerean edo edalontzian jotzean kanka
Ziztatzean zizt / zizta / txista

Azken urte hauetan, euskarazko onomatopeiez, gutxienez bi liburu argitaratu dira[5]:

• Santisteban, Karlos: Onomatopeia eta Adierazpen Hotsen Hiztegia, Gero, Bilbo, 2007.

• Ibarretxe Antuñano, Iraide: Hizkuntzaren Bihotzean: Euskal Onomatopeien Hiztegia, Gaiak, Donostia, 2006.

Horiez gain, onomatopeien gaineko informazioa han-hemenka topa daiteke. Interneten eskuragarri, IVAPek argitaratutako Galdezka liburua. 321.-330. orrialdeetan onomatopeien bilduma txiki bat:

• Zenbaiten artean: GaldezkA, IVAP, Zarautz, 2003.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «zizta». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2025-08-23.)
  2. «zizt». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2025-08-23.)
  3. Isabel Arrigain. (1998). Hizkuntzalaritza orokorreko ikastaroa. Ferdinand de Saussure, 100 or..
  4. Joseba Aurkenerena. (2018). Euskal onomatopeiak berreskuratzen. zuzeu (kontsulta data: 2025-08-22).
  5. «85282 - IRALE» www.irale.hezkuntza.net (kontsulta data: 2018-11-17).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]