Patxa plaza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Patxa plaza
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Lapurdi
Herria Baiona
Koordenatuak 43° 29′ 25″ N, 1° 28′ 20″ W / 43.490166666667°N,1.4721666666667°W / 43.490166666667; -1.4721666666667Koordenatuak: 43° 29′ 25″ N, 1° 28′ 20″ W / 43.490166666667°N,1.4721666666667°W / 43.490166666667; -1.4721666666667

Patxa plaza Baiona Ttipiko Tonneliers karrikaren eta Trinketeko karrikaren artean den plaza bat da. 2019 arte Trinketeko plaza deitzen zen.

Kokalekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patxa plaza Baiona Ttipiko trinketearen ondoan kokatua da, Tonneliers eta Trinketeko karriken artean. Trinkete hau Baionako zaharrena da[1]. Ekialdean San Andres parrokia, Paul Bert parking-a zein Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea ditu, iparraldean Marengo karrika, hegoaldean Pannecau karrika eta mendebaldean Errobi ibaia.

Patxa plazatik hurbil, Tonneliers karrikan beheiti, Patxoki Patxa mugimenduko gaztetxea zena kokatua da. Gaur egun hainbat elkartek baliatzen dute.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapenean, Patxa plaza den lekuan eraikin batzuk baziren[2]. Gerora herriko etxeak eraitsi egin zituen, eta ondotik petankan jokatzeko plaza bat bilakatu zen, zuhaitz eta bankuekin[2]. 1989tik goiti autoentzako parking gisa baliatzen hasi zen[3].

1984an, GAL erakunde armatuak Joxean Lasa eta Joxi Zabala ETAko militanteak bahitu zituen Patxa plazan, euskal abertzaleen kontrako ekintza armatu garai bati hasiera emanez. Garai honek Baionarren bizia azkarki baldintzatu zuen[4].

1986tik goiti, Patxa mugimendua plaza haren bilkura eta ekintzetarako baliatzen hasi zen, bai eta Baionako besta alternatiboak antolatzeko ere[2]. Gaur egun ere Patxa plazan ospatzen dira.

1994an, Herriaren Alde taldeak Asterixen komikietan oinarritu margoketa bat egin zuen[5]. Bertan espainiar eta frantziar poliziak ageri dira, lupa batez handitua den Euskal Herriari begira. 1998an, Oroit eta Sala taldeak Iparretarrak erakundeko Jean Louis Larre "Popo"ren, Lasaren eta Zabalaren omenezko margoketa bat egin zuten[5]. 2009an Jon Anzaren irudia gehitu zitzaien. Margoketa hauek oraino ikus daitezke, eta Patxa plazako ezaugarri bilakatu dira.

Plazaren zaharberritzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2017an Patxa Plaza Kolektiboak, Baionako herriko etxearekin batera, herri galdeketa bat plantan eman zuen Patxa plazaren zaharberritzeko[6][7][8]. Galdeketa honetan Patxa plazaren erabiltzaile zen 11 urtetik gorako edonork parte hartzen ahal zuen[9], eta hainbat proposamenen artean, herritarrek autoentzako parking-a zena plaza bilakatzea adostu zuten[3]. 2019an herriko etxeak bideratu lanak amaitu ziren eta gaur egun zuhaitzak eta bankuak dituen plaza bat da[4].

Zaharberritzeaz gain, Baionako herriko etxeak izena ere aldatu zion plazari: herritarren eskariari jarraiki, lehen ofizialki Trinketeko plaza zena Patxa plaza bilakatu zen 2019ko maiatzaren 25ean[10][4].

Margoketa historikoen parean den horman margoketa berriak egin dituzte. Horrez gain, Patxa plazatik ikusten den horma batean street art delakoaren margoketa berri bat ere egin zen. Bertan gauez argitzen den balea bat ageri da, barnean arrantzale txalupa bat duela[11].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Frantsesez) Baionako turismo bulegoa (PDF), Balade urbaine dans le quartier historique de Bayonne, . Noiz kontsultatua: 2020-01-13.
  2. a b c (Euskaraz) Lopez Arana, Hartzea (2019), «Punki mugida kontserban», Iparraldeko Hitza. Berria, . Noiz kontsultatua: 2020-01-13.
  3. a b (Euskaraz) SA, Baigorri Argitaletxea (2017-10-09) «Patxa plaza birmoldatzeko egitasmoa herritarren esku jarri du Baionako Udalak» GARA . Noiz kontsultatua: 2020-01-13.
  4. a b c (Euskaraz) Madariaga, Ainize «Patxa plaza, patxadatsu» Berria . Noiz kontsultatua: 2020-01-13.
  5. a b (Frantsesez) «Bayonne : les murs de la « place Patxa » gardent la parole» SudOuest.fr . Noiz kontsultatua: 2020-01-13.
  6. (Euskaraz) «Patxa plaza berritua festan estrenatuko dute» gureirratia.eus . Noiz kontsultatua: 2020-01-13.
  7. (Frantsesez) CAILLIAU, Janie (2017-10-19) «Place Patxa : l’histoire préservée au cœur d’un lieu de vie» www.mediabask.eus . Noiz kontsultatua: 2020-01-13.
  8. (Frantsesez) MEDIABASK (2017-09-29) «Consultation sur le devenir de la place Patxa» www.mediabask.eus . Noiz kontsultatua: 2020-01-13.
  9. (Euskaraz) elkartea, IPARLA BAIGURA KOMUNIKAZIOA (2018-02-10) «Patxa plaza berria hautatu dute» Kazeta.eus . Noiz kontsultatua: 2020-01-13.
  10. (Euskaraz) Hitza, Ipar Euskal Herriko (2019-05-24) «Patxa plaza ofiziala izanen da maiatzaren 25ean» Argia . Noiz kontsultatua: 2020-01-13.
  11. (Ingelesez) «In Bayonne, this phosphorescent street art reveals hidden motifs when the night falls - Ideas - 2020» en.boliviarcana.org . Noiz kontsultatua: 2020-01-13.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]