Pierre Berdoy

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Pierre Berdoy
Bizitza
Jaiotza Biarritz1936 (80/81 urte)
Herrialdea  Lapurdi, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerak argazkilaria
Jasotako sariak

Pierre Berdoy, 1936an Biarritzen sortua, argazkilari frantses bat dugu arkitekturan, diseinuan, natura hilean eta edergintzan aditua. 1967an Niépce saria altxaturik lan egiten du frantses aldizkarietan : L’Œil (60eko urteetan), Elle (70 eta 80eko urteetan), Madame Figaro (80eko urteetan) eta oraino beste argitarapenetan 2000 garren urte ingurua arte.

1967an Niépce sariarekin, Pierre Berdoy-ek ukaiten du lehen ezagupen profesionala, argazki sail baten bidez : Gudukako zezenaren bizia deitua (La vie du taureau de combat). Aldizkaritan agertu dituen natura hilak eredugarri izan dira gero, garai hortan naturaren alde itzultzen ari zen mugimenduan. Geroago, zorroztasun grafiko handiz ateratzen ditu bereziki erretratuak eta emazte gorputzak ; gisa hortan, aldizkarien ederlan orrialdeek finkatzen dute artistaren arrakasta.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1959an, Pierre Berdoy ETPC-ko diplomatua izan da Parisen Argazkigintza eta Zinematografiako Eskola Teknikoan (Ecole Technique de Photographie et de Cinématographie) ; gaur bilakatua dena Louis Lumière-n Goi-mailako Eskola Nazionaleko argazkigintza saila (Ecole Nationale Supérieure Louis Lumière, section photographie).

1960ean, Dorine Bertrand hartzen du emaztetzat, hau ere promozio bereko diplomatua. Seme bat ukaiten dute, Manuel Berdoy, gaur egun abere-portaeraren gainean berezitua dena Oxford-eko unibertsitatean. Ezkondu-eta 12 urtez Pierre eta Dorine Berdoy-ek elkarlan profesional emankorra ukanen dute.

Pierre Berdoy-en karrera hasten da arkitektoen eskarieri erantzunak emanez. 1962-tik eta 1967a artean, arkitektura eta dekorazioaren gainean ainitz erreportaia egiten ditu, bereziki Europan gaindi L’Œil aldizkariarentzat, hau Rosamond eta Georges Bernier-ek zuzendua. Hoietan ikus daitezke : Peter Harnden-en etxea Espainian, André Monpoix-ren apartamendu bat Frantzian, Alvar Aalto-ren Mairea Landetxea : 1937an Finlandian eraikia, Urvater esposen etxe-museoa, hau Belgikan André Jacqmain-ek egina, Yves Vidal-en York Castle etxea Marokon, André Wogenscky arkitektoaren egoitza Frantzian, bertze batzuk David Nightingale Hicks-ek dekoratuak Erresuma-Batuan, Mario Praz-en egoitza den Ricci Jauregia Italian eta beste.

Arkitekturaz bestalde, diseinugile gazteen obrak argazkitan hartzen ditu : Djinn jarlekuak Olivier Mourgue-ek asmatuak, Terence Conran-en bridgeko mahaina edo oraino Placide Joliet-en oihalak baitira adibideak. Argazkitan hartzen ditu ere Eliseoko saloin berriak, Pierre Paulin-ek eta Altzarizaintza Nazionalak apailatuak (Mobilier National), Georges Pompidou Frantses Errepublikako presidentearentzat.

1967an, Pierre eta Dorine Berdoy ohoratuak dira Niépce sariarekin bi erreportaia hauentzat : a) Gudukako zezenaren bizia (La vie du taureau de combat) Andalusiako Álvaro Domecq Díez eta Antonio Ordóñez-en zezen hazkuntzak bisitatzen Pierre ibilirik, bai eta ere Kamargan, Hubert Yonnet-en abelazkuntzetan ; b) Pop Arte-ko margolarien erretratuak (Portraits des peintres Pop-Art) New York-en burutu dituztenak Dorine eta bien artean. Arte-galerian maisu den Leo Castelli topaturik, fotografiatu ahal izan dituzte Robert Rauschenberg, James Rosenquist, Roy Lichtenstein, Claes Oldenburg eta beste.

Ondotik gertatu dira bi erakusketa : Frantzes argazkigintza gaztearen joerak (Tendances de la jeune photographie française) Biblioteka Nazionalean eta Diseinu eta zezenak (Design et taureaux) Asko-Roche Bobois zabalgunean Parisen. Azken hau 1967-ko urrian estreinatua izan da. Pierre Berdoy-ek agertzen du argazki andana bat, bi urte lehenago diseinugile finlandiar Eero Aarnio-k sortutako, Ball Chair delakoaren inguruan egina.

1967-tik 1974a arte, Pierre Berdoy Elle aldizkariarentzat arizan da lanean. Jacqueline Chaumont, dekorazio orrialdeen arduradun izanik, sorkuntzarako libertate handi bat aurkitzen du. Huna adibide batzuk :

  • 50 bat iruditan, gauzakiek naturarekin alderatuz agertzen duten eitea.
  • Eguberriko kontakizun bat, argazki-nobela, Roland Topor-en gidoia segituz, Alpetako Glaziar Xurian obratua.
  • Alsazian egin erreportaia bat, Claudie Hunzinger, idazle eta arte plastikoan adituaren eta Francis bere senarraren etxen gauzatua, haien liburua Bambois, la vie verte (Bambois, bizi berdea) agertzeko garaian.

Hunzinger-tarrekin egin topaketa horrek segida bat ukanen du 1983an, Irudi eta Kreazio elkarteak (Image et Création) erakusketa kolektibo bat antolatuko duelarik. Pierre Berdoy-ek aurkeztuko ditu xuri eta beltzezko errebelatu handiak Elurrean aztarnak deitua (Empreintes dans la neige) eta horren parean kokatuko dira Claudie Hunzinger-en idazlan kiskaliak.

1971-n Boli Kostako gobernuak igortzen du espedizio zientifiko bat Taï oihanerat, hango fauna eta flora inbentariatzeko eta Pierre Berdoy da argazkilaria. Ondoko urtean sortuko dute Taï-eko Parke Nazionala.

Elle aldizkarian, Pierre Berdoy-ek uzten ditu “dekorazio” orriak, “ederlan” orrietan finkatzeko.

1984ean, Pierre Berdoy Madame Figaro aldizkarian sartzen da ; hemen Martin Schmollgrüber-ek zuzendaritza artistikoa hartu berri du. Pin-Up estudioa Parisen bilakatzen da Pierre-n lan zentroa. Agerkari azalak eta ehunka orrialde gauzatzen ditu horrela, erretratu hurbildik hartuak, aurpegi eta gorputz zatikatuak, bai eta ere joaiak eta apaingai produktuak, beti xehetasunaren obsesio berarekin. Teknika hori da bere sinadura.

Madame Figaro-rekin lankidetza bururatzen zaio, Martin Schmollgrüber kolpez hiltzen delarik 1991-n, 44 urtetan.

1988an, Pierre Berdoy heltzen da Trademarc argazkilarien agentziara, hau Marc Pussemier-ek artezten duena. Publizitateari buruz argazki andana bat ateratzen du, hala nola Yves Saint Laurent-en kanpaina : Ezpainak Bezti (Habillez vos lèvres) ezpain gorritzekoentzat, ukaiten baitu 1992an Frantses Afixaren Sari Handia (Grand Prix de l’affiche française).

90-eko urteetan, agerkari desberdinek egundainokotan dei egiten diote Pierre Berdoy-ri. Fotografiatzen ditu ederlan eta natura hilen orrietako editorialak aldizkari hauentzat : Elle, Jardin des Modes, L'Officiel eta Votre Beauté.

Frantziako arkeologiako museoak (Musée d'archéologie nationale) 1992an ospatzen du Brassempouy-eko Damaren (La Dame de Brassempouy) aurkikuntzaren ehungarren urteurrena, Edouard Piette-k egin zuena. Pierre Berdoy-ek hor agertzen ditu mamuten boliz egindako iruditxoaren potretak, denbora berez agurtzen duela ere goi-paleolitikoaren edertasun bat.

2002-tik goiti, Paristik urruntzen da Pierre Berdoy eta bururapen bat emaiten dio sobera behartzen duten argazki eskarieri. Biarritzera heldu da, bere haurzaroko hirira : hor kokatzen ditu bere artxiboak eta estudioa, argazki proiektu pertsonaletan jarraitzeko.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]