Edukira joan

Pigmentu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Itsas-urdin koloreko pigmentua

Pigmentu (edo koloregai) bat kolorea aldatzen duen material bat da, xurgatzen duen argia uhinen arabera eskaintzen duena. Organikoa nahiz inorganikoa izan daiteke. Prozesu kimiko hori fluoreszentzia, fosforeszentzia eta lumineszentziarekin alderatuta, ezberdina da. Pigmentuek ez dute argirik isurtzen. Material askok uhin-luzera jakin batzuk xurgatzen dituzte.

Nahiz eta kolore emaileen eta pigmentuen arteko bereizketa oso zehaztuta ez egon, sintesi bidez lortzen diren pigmentu organikoei kolore emaile deitzen zaie. Biak bereizteko modu bat dago: zuntzei eta oihalei kolorea emateko erabiltzen diren gaiak kolore emaileak dira, eta pintura, plastikoetan eta zeramiketan erabiltzen direnak, pigmentuak. Pigmentu batek koloreztatzen dituen materialen kolorea aldatzeko gaitasuna handia izan behar du. Gainera, egonkorra izan behar da eta solido mantendu tenperatura normaletan. Pigmentu gehienak ez dira urtzen uretan eta disolbatzaile organikoetan. Pigmentu organikoak animalia jatorrikoak (errodoptsina, melamina), landare jatorrikoak (klorofila, xantofila, flabona, indigoa, karotenoa) eta sintesi bidez lortuak izan daitezke (ftalozianina, toluidina, litolak). Pigmentu inorganikoak metalen oxidoak (burdina, titanioa, zinka, kobaltoa, kromoa), lur nahasteak (okreak), hauts eran dauden metalen suspentsioak (urrearenak eta aluminioarenak adibidez), berun kromatoak eta ikatzaren beltza izan daitezke. Pigmentu inorganikoak organikoak baino gutxiago aldatzen dira argiaren eta beroaren eraginez.

Pigmentuak pintura, tinta, plastikoa, ehunak, kosmetikoak, elikagaiak eta beste produktu batzuk koloreztatzeko erabiltzen dira. Normalki kolorea emateko erabiltzen diren material hauek hauts gisa erabiltzen dira. Hauts hauek itsaskorra den material batekin batera ematen dira. Batzuk materialari sendotasun eta erresistentzia emateko ere erabiltzen dira. Zink oxidoa, adibidez, pigmentu zuria da, eta gurpil pneumatikoak gogortzeko erabiltzen da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]