Polydora ciliata

Wikipedia, Entziklopedia askea
Polydora ciliata
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaAnnelida
KlaseaPolychaeta
OrdenaSpionida
FamiliaSpionidae
GeneroaPolydora
Espeziea Polydora cilliata
Johnston, 1838

Polydora ciliata Spionidae familiako anelido poliketoa da. Euskarazko izen arruntik ez du, baina, buruan bi palpo ziliodun dituela eta, hainbat hizkuntzatan zurda-zizare izenez ezagun ohi da. Zizare zulakaria da, sedentarioa, eta Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean eta munduko beste leku batzuetan dago.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

P. ciliata George Johnston mediku eta naturalista eskoziarrak deskribatu zuen lehen aldiz 1838. urtean[1]: hasieran Leucodore ciliatus izenez, baina geroago Polydora generoan sailkatu zuten. 1971n, Roch Roszzakek organismo planktoniko bat deskribatu zuen (Metadasydytes quadrimaculatus) eta Gastrotricha[2] phylumean kokatu zuen. Alabaina, gerora deskribatutako animalia hura zizare espionido baten larba-etapa zela ondorioztatu zen, Polydora ciliataren larba, seguru asko.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zizare espezie honek 30 mm inguruko luzera izan dezake eta, gutxi gorabehera, 180 segmentu ditu. Prostomioaren (burua) aurrealdeak ez du ez begirik, ezta antenarik ere, baina atzealdean palpo luze pare bat eta lau begi arte ditu. Segmentatutako gorputza zabalagoa da aurrealdean, eta gero pixkanaka estutzen joaten da inbutu moduko batean bukatutako pigidioren (segmentu terminala) aldean. Segmentu bakoitzak parapodioak (hazitako guneak) eta ketak (zurdak) ditu, eta parapodioen sabelaldeko adarrak triangeluarrak edo hatzen antzekoak dira. Egitura horiek animaliaren atzealdean tamaina txikiagoa dute. Bosgarren segmentuko zurdak bereziki moldatuta daude zuloak egin ahal izateko. Zakatzak 7. segmentutik gora segmentu guztietan daude, azken 10-20 segmentuetan izan ezik.[3]

Animalia asaldatuta dagoenean zurdak indarrez astintzen eta espiralki biribiltzen ditu. P. ciliata marroi horixka kolorekoa da.

Banaketa eremua eta habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

P. ciliatak banaketa zabala du Europako ipar-mendebaldeko kosten inguruan. Espezie zulakari gisa, kareharrian, kreta eta buztinean, alga karedunetan, itsas algen hondakinetan, zurean, buztin-sedimentuetan eta molusku-maskorretan (ostrak, muskuiluak eta magurioak barne)[4] sartzen da. Mediterraneo itsasoan, Itsaso Gorrian, Itsaso Beltzean, Indo-Pazifikoan eta Antartikan ere ezaguna da.[3]

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

P. ciliata harkaitzean utzitako zulo bikoitzak.

P. ciliataren gordelekua U formakoa da, eta zizareek oskoletan egindako zulaketa txiki eta bikoitzen multzoek agerian uzten dute animaliaren presentzia[5]. Zuloak egiteko, animaliak zurdak erabiltzen dituela uste da, baina substratua urratzeko litekeena da ekintza kimikoren bat tartean egotea. Hodia mukiz eta sedimentuzko pikor finez forratuta dago, eta inguruko materialaren gainetik ateratzen da zertxobait. Elikatzen denean, zizareak burua hodietatik kanpo ateratzen du, eta bi palpo luzeak erabiltzen ditu detrituak jateko. Hildako lanpernak eta hildako beste ornogabe txiki batzuk jaten ikusi izan da, eta uraren planktona ere iragaz dezake.

Bi sexuak bereizita daude, arrak ur-zutabean askatzen du esperma eta, arnas korrontearen bidez, emearen gordelekuraino heltzen da. Arrautzak kapsula batean sartuta daude (gehienez 60) eta emearen hodiaren barruan, hari batez zintzilik, zenbait kapsula daude. Arrautzen eklosioa astebetera ematen da, gutxi gorabehera, eta finkatu baino lehen planktonikoak dira sei astez. Zizareak ostra-, muskuilu- eta magurio-oskoletan sartzen direnean, ez dira moluskuaren zati bigunez elikatzen, baina haren maskorra ahultzen dute, eta, hala, ostalaria ahuldu egiten dute.[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Johnston, George. (1838). Miscellanea Zoologica. Magazine of Zoology and Botany 2 (1). , 63–73 or..
  2. (Ingelesez) Todaro, Antonio. (2012). Metadasydytes quadrimaculatus Roszczak, 1971. WoRMS. World Register of Marine Species. Retrieved 17 August 2017. .
  3. a b (Ingelesez) M.J., de Kluijver. Polydora ciliata. Macrobenthos of the North Sea: Polychaeta. Marine Species Identification Portal. Retrieved 6 August 2017. .
  4. (Ingelesez) "A bristleworm (Polydora ciliata)". MarLIN. Retrieved 5 August 2017. .
  5. (Ingelesez) A bristleworm (Polydora ciliata). The Marine Life Information Network.
  6. (Ingelesez) A Student's Guide to the Seashore. Cambridge University Press, 187 or. ISBN 978-1-139-49451-9...

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]