Procedure for Military Executions

Wikipedia, Entziklopedia askea

Procedure for Military Executions AEBetako armadak 1944an argitaratutako eskuliburua da.

Helburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1944ko abenduan, Washingtonen, AEBetako armadak Procedure for Military Executions (Exekuzio militarretarako prozedura) izeneko liburuxka argitaratu zuen. Garai hartan heriotzara kondenatutako militarrak urkatu egiten zituzten AEBetan, eta armadako arduradunek exekuzioak ahalik eta azkarren eta garbien izatea nahi zuten; eskuliburuan bertan adierazten denez, gida osatzeko agindua Dwight D. Eisenhowerrek eman zuen, orduan armadako buru eta gerora NATOko lehen komandante nagusi eta AEBetako presidente izango zenak[1].

Baina arazorik gabeko exekuzio eragingarriak izateko kezka hura ez zen berria. Frantziar Iraultzan metodo azkarrena, eraginkorrena eta sufrimendu gutxien eragiten zuena omen zelako nagusitu zen gillotinaren erabilera; “exekuzio metodorik errukitsuena” zela esaten zuten[1].

Procedure for Military Executions: urkatzeko eskuliburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sokaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urkatzeak gillotinaren zipriztinak saihesteko aukera ematen zuen, baina horrek ez du esan nahi urka-bilurrak eragozpenik ez zekarrenik. Urkatzaileak prozeduraren oinarrizko ezaguerak izatea garrantzitsua zen: sokaren lodiera, erortzearen distantzia, kondenatuaren pisua... Bestela zigortuaren agonia luzatu zitekeen, eta borreroarena ere bai. Urkatzeen kasuistika zabalean, ez zen ohiz kanpokoa pisuak eta indarrak gaizki kalkulatu eta urka-bilurrak kondenatuari burua ebakitzea –horretarako gillotina bera hobea zen– edo, alderantziz, pisu nahikorik ez eta borreroa kondenatuaren hanketatik zintzilikatu behar izatea[1].

Pisuaren garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horiek guztiak saihestea zen armadak argitaratutako 26 orrialdeko eskuliburuaren helburua. Korapilo berezia nola egin xehetasun osoz azaltzen da, urkabearen egitura ondo eraikitzeko datuak ematen dira: tamainak, lodierak, distantziak... irudi argigarriz lagunduta. Baina horiek guztiak alferrikakoak ziren gorputzen erorketa taula ez bazuten aintzat hartzen. Taula horren arabera, 120 libra (55 kilogramo inguru) edo gutxiago pisatzen duten kondenatuek 8’1’’ko (ia bi metro eta erdiko) erorketa behar dute lepoa bihurrituko dutela ziurtatzeko. 220 libratik gorakoentzat (100 kilogramo inguru) nahikoa da bost oineko jauzia, metro eta erdi pasatxo. Baina taulako datuak ez ziren hutsezinak eta borrero arduratsuak erorketaren distantzia doitzeko beste faktore batzuk ere hartuko zituen aintzat; esaterako, kondenatuaren gorpuzkera edo garapen muskularra[1].

Exekutatzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Exekuzioak armadako borrero batek burutuko zituen. Borrero militarrik libre ez balego, borrero zibilek ordezkatu zezaketen, eta exekuzioaren tokiko ordainsaria jasoko zuten, beti ere exekuzioko 100 dolarreko saria gainditu gabe. Borrero zibilik ere ez balego komunitateko edozein kide izendatu zezaketen eskuliburuaren arabera, baldintza bakarra beteta: emozionalki egonkorra izatea[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Nagore Irazustabarrena, «Ontsa urkatzeko bidia», Argia, 2014-11-02, CC-BY-SA lizentzia

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]