Robert Hirigoien
Robert Hirigoien | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Larresoro, 1944 |
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria |
Heriotza | Larresoro, 2025eko urtarrilaren 4a (80/81 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Herri Urrats |
Hizkuntzak | euskara frantsesa gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | Euskaltzaletasuna |
Robert Hirigoien (Larresoro, Lapurdi, 1944 - Ibidem, 2025ko urtarrilaren 4a) euskaltzalea, Herri Urratsen, egungo Lapurtarren Biltzarraren, Kanboko ikastolaren eta Ote Lore elkartearen sortzaileetako bat izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marijo Iriarterekin ezkonduta hasiera-hasieratik ikastolen mugimenduarekin lotura izan zuen, lehenbiziko gurasoetarik baitziren, seme-alabak dudatu gabe ikastolan sartu baitzituzten. Kanboko ikastolaren sortzailetan ziren senar-emazteak eta, ondoren, Xalbador kolegioaren altxatze lanetan ere ibili ziren.[1]
Herri Urratsen, Seaskaren Iparraldeko ikastolen besta handiaren sortzaileetan zen Hirigoien ere bai. Funtsean, Herri Urrats sortzeko ideia Marijo Iriarte emazteak eta hark ukan zuten, Durangon (Bizkaia), Ibilaldia jaialdian izan ondoan. Herri Urratsen sortzeko lehenbiziko bilkurak haien etxean egin ziren, Larresoroko Gaxienean. Herri Urrats izena bera haren proposamenetik izan zen. Hastapenean, Herriaren Urratsa proposatu zuen Hirigoienek. Ondoren, laburrago egiteko, Herri Urrats hautatzea erabaki zuten.[1]
Festa egiteko leku bila ere ibili zen hastapenetako taldearekin, azkenean, Senpereko aintziraren mentura agertu zitzaien. Lehen urteetan, Gaxienea Herri Urratseko puska anitzen biltegia ere izan zen. Beti azpimarratu izan zuen Hirigoienek lehen urte horietan zer munta handikoa izan zitzaien euskal iheslarien laguntza bai muntaketa egiteko eta bai biharamunean aintzira inguruen altxatzeko.[1]
Horrela, lehenengo Herri Urrats deitu zen 1984ko maiatzaren 13rako. 5.000 pertsona inguru espero zituzten, baina aurreikuspenek 12.000 pertsona ingururekin gainezka egin zuten. Bildutako diruak Kanbon lehen institutua eraikitzea ahalbidetu zuen. Seaskak 23 ikastetxe eta 700 ikasle inguru zituen.[2]
Kultur arloan ere elkarte eta ekitaldi sustatzaile izan zen, bestetik, Hirigoien. Hala nola Uztaritzeko Lapurtarren Biltzarra berriaren sortzailetan izna zen. Egun, Uztaritzen izen honen duen euskararen aldeko jaialdia egiten dute, antzinako Biltzarra oroitzeko[3]. 1979an lehendabizikoz ospatu zen, Bai Euskarari kanpainari bukaera emateko[4]
Larresoron, bestetik, Ote Lore elkartea sortu zuten 1985ean, eta Hirigoien barne zen, hastetik. Funtsean, hark zuen Ote Lore izena proposatu. Elkarteak euskal kultura berriz piztea zuen xede. Hala piztu zituzten Jondoni Martinen bestak, azaroan, eta harrizko zubiko bestak ere bai. Elkarte horrek berrogei urte bete zituen 2024an, eta euskal kulturaren biziarazteko xedearekin jarraitzen du.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d «Robert Hirigoien euskaltzale larresoroarra zendu da», Iñaki Etxeleku.
- ↑ https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20250106/ha-fallecido-robert-hirigoyen-uno-de-los-primeros-impulsores-del-herri-urrats
- ↑ Berria: Lapurtarren Biltzarra ospatuko dute gaur egun osoan Uztaritzen[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Kazeta.info: Lapurtarren Biltzarreko 29. edizioak bestaz bustiko du Uztaritze