San Joan iratze
San Joan iratze | |
---|---|
![]() | |
Iraute egoera | |
![]() Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Polypodiopsida |
Ordena | Osmundales |
Familia | Osmundaceae |
Generoa | Osmunda |
Espeziea | Osmunda regalis Linnaeus, 1753 |
San Joan iratzea edo trumonira[1] (Osmunda regalis) Osmundaceae familiako iratze-mota da, Eurasia eta Afrikan jatorria duena.[2]
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lineok deskribatu zuen Zientziarako 1753. urtean, Species Plantarum liburuan.[3]
Generoaren Osmunda izena saxonierazko "Osmunder" izenetik dator, Thor jainkoaren izendatzeko erabiltzen zutena. Espeziearen regalis izenak "oparia" esan nahi du. Europako iratze handiena eta ikusgarriena denez "Thorren oparia" esan nahiko luke.[4]
Lau barietate ditu:
- Osmunda regalis var. regalis.
- Osmunda regalis var. panigrahiana R.D.Dixit.
- Osmunda regalis var. brasiliensis (Hook. & Grev.) Pic. Serm.
- Osmunda regalis var. spectabilis (Willdenow) A.Gray.
Ipar Amerikan bada Osmunda spectabilis espeziea, autore batzuek espezie bera dela dioten arren.[5]
Eboluzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Paleozenoan aurkitu dira Osmunda generoaren fosilik zaharrenak. Triasikoan agertu zen Claytosmunda fosilaren eboluzioz sortu zen.[6]
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Horizontalki hedatzen den zurezko errizoma lodi batetik hazten dira zurtoinak. 40-170 cm garai izan daitezke, bakunak eta tenteak. Batzuetan 2'5 metrotakoak izatera ere iristen dira. Zurtoin batzuk begetatiboak dira eta beste batzuk, erdian kokaturik daudenak, emankorrak.[3]
Hostoak bitan zatituak daude eta hostotxoak osoak edota asimetrikoak izan daitezke. Esporangioak daramatzaten goialdeko hostoxkak galburuak dirudite. Berde argiak dira.
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreka ertzetan eta haltzadi laiotz eta hezeetan bizi da, 900 metro arteko altueran[7]. Zohikaztegietan ere agertzen da.[8]
Euskal Herriko isurialde atlantikoan, Bizkaiko Itsasoko ertzean bezala, sarritan aurkitzen den iratzea da. Hala ere, Sobrón aldeko populazioa bakartuta dago, eta gertuen dauzkan populazioak Izkiko mendietakoak (Araba) dira.[9]
Ugalketa eta bizi-zikloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udaberrian eta udan ateratzen dira esporangioak kolore laranja-arrea hartzen dutenak.[9] Esporangio hauek ez daude soroetan multzokatuta.[3] Han gordeta dauden esporak berdexkak dira, klorofila dutelako, eta protalo berri bat eratzen dute.[3]
Mehatxua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan "interes bereziko espezie" gisa sailkatuta dago.[9]
Populazioaren tamaina txikia eta bakantasuna dela eta, oso landare ahula da edozein jardueren aurrean, hala nola, komunikazio-sareak hobetzeko lanak edo sare elektrikoetarako sarbideak mantentzeko lanak. Edozein eraldaketek populazioa kalte dezake, hala nola, duela gutxi egindako zuhaitz-mozketak, zuhaitzak moztu eta arrastaka eramatean eragindako kalteak ez ezik, iratze-multzo batzuk argipean gelditu dira, eta hori oso arriskutsua da hegoaldeko lurralde horretan, basoaren babesa baita iratze eder honek gehien behar duena.[9]
Ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]San Joan iratzea eta trumonira (trumoi iratzea) izenak ematen zaizkio landare honi.
Resurreccion Maria Azkuek Euskara-Gaztelania-Frantsesa Hiztegia (Diccionario vasco-español-francés) (1906) liburuan jasotako ohitura batek dio ereinotza eta iratze hau San Joan Bataiatzailearen elizatan bedeinkatzen dela eta gorde egiten dela trumoiak ari direnean erretzeko: "Ereiñotza ta trumonirea, orduko bedeinkatuta, teilla-ganean atarian erre oi dira trumoi-egunetan: urtean enparetan direanak doniane-bezperan erreten doguz".[10]
Antonio Zavalak Esaera zaarren bilduma berria (1985) liburuan esaera hau jaso zuen: Trumoi-ira ta eriñotzak, baserrian lez itxasoan trumoiari lotsa.[10]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «EH - Bilaketa - Bilaketa» www.euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2025-01-11).
- ↑ Germplasm Resources Information Network: Osmunda regalis
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Osmunda regalis L.» Naturaleza y turismo (kontsulta data: 2025-01-11).
- ↑ Coombes, Allen J.. (2012). The A to Z of plant names : a quick reference guide for gardeners. Portland, Or. : Timber Press, 220 or. ISBN 978-1-60469-196-2. (kontsulta data: 2025-01-11).
- ↑ (Ingelesez) «Osmunda regalis L. | Plants of the World Online | Kew Science» Plants of the World Online (kontsulta data: 2025-01-11).
- ↑ (Ingelesez) Bomfleur, Benjamin; Grimm, Guido W.; McLoughlin, Stephen. (2017-07-11). «The fossil Osmundales (Royal Ferns)—a phylogenetic network analysis, revised taxonomy, and evolutionary classification of anatomically preserved trunks and rhizomes» PeerJ 5: e3433. doi: . ISSN 2167-8359. (kontsulta data: 2025-01-11).
- ↑ (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Osmunda regalis L.» Naturaleza y turismo (kontsulta data: 2025-01-11).
- ↑ Javier Peralta de Andrés. (2016). Vegetación Potencial de Navarra 1:25.000 Comarca Agraria I: Noroccidental - Memoria. Nafarroako Gobernua - Trabajos Catastrales S.A..
- ↑ a b c d «Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-01-11).
- ↑ a b «trumonira - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2025-01-11).