Sanjuanzar baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sanjuanzar
Kokalekua
Lurraldea Gipuzkoa
Udalerria Leintz Gatzaga
Orientazioa Hego-ekialdekokoa
Lua errorea:Modulu:Kokapen_mapa:519: "ES-SS

<-- Kokapen mapa -->" ez da baliozko izena kokapen maparen definiziorako.

Ezaugarriak
Garaia XVIII. mendea
Oinplanoa Laukizuzena
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 2008ko azaroaren 27a

Sanjuanzar Leintz Gatzagan (Gipuzkoan) dagoen baserria da, XVIII. mendean eraikia.

2008ko azaroaren 27an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru isurkiko teilatua duen baserria da. Ipar-hego noranzkoa duen goihabea du, ekialdera 15.º okertuta. Familia bakarrekoa da. Leintz Gatzagan dago, Deba ibaiaren sorrerako arroan, lursail garai eta apur bat lauetan, 620 eta 630 koten artean, 535.710,00-4.758.496,00 koordenatuen artean.

Baserriaren oinplanoa laukizuzena da: 19,50 metro zabal eta 16,00 metro sakon ditu. Hego-mendebaldeko aldean, gorputz bat du erantsita. Gorputzak 5x4 metroko neurria du, gutxi gorabehera, eta egurra gordetzeko erabiltzen da. Teilazko isurki txiki batez estalita dago. Bolumen erantsiaz gain, harlangaitz lehorrez egindako fabrika-hormatxoak ditu baserriak, aurrean geratzen zaion lursailean. Zirkulu-formako larrain bat eta baratzea mugatzen dituzte hormatxoek. Itxitura-horma guztiak harrizko harlangaitzez eraikita daude, eta hareharrizko silarriz egindako kateak dituzte eskantzuetan. Solairuko forjatutik gora, hormak berdinduta eta zuriz pintatuta daude. 80 zentimetroko lodiera dute perimetro-paretek.

Eraikinaren ipar-mendebaldeko fatxadak (atzealdeko fatxadak) bi aireztapen-gezileiho ditu beheko solairuan, eta bi leiho-bao lehen solairuan, harlanduz inguratuta.

Hego-mendebaldeko fatxadak (eraikinaren alde bateko fatxadak) bi aireztapen-gezileiho ditu beheko solairuan. Lehen solairuan, berriz, harlanduz inguratutako bi leiho, eta, erdian, ateburua duen bao laukizuzen bat, lastoaren zamalanetarako erabiltzen den forjatuaren kota berean. Fatxada horretan dago egurra gordetzeko erabiltzen den estalki erantsia, hegoaldeko muturrean.

Hego-ekialdeko fatxada da baserriko fatxada nagusia. Beheko solairuan, goihabearen bertikaletik apur bat ezkerrera geratzen den arku karpanel bat dago. Hareharrizko dobela lodiz eraikita dago, eta alboetan dauden inposten gainetik abiatzen da. Arkuaren alde banatan, fatxadaren ardatzarekiko simetrikoki kokatuta dauden bi leiho daude, harlanduz eraikiak.

Lehen solairuan, harlanduz inguratutako hiru leiho daude fatxadan, erregularki banatuta. Beheko solairuko leihoen ardatzak errespetatzen dituzte. Teilatupean, simetrikoki banatutako bi zulo txiki daude fatxadan, harlanduz inguratuak.

Ipar-ekialdeko fatxadan (eraikinaren alde bateko fatxadan), sarrerako ate bat dago beheko solairuan, aurretik leiho bat zegoen tokian, baina leihoaren tartea baino tarte zabalagoan. Harlandu berriz inguratuta dago. Bao horrez gain, fatxadan badira beste hiru leiho-bao. Bi bao berriak dira, eta leihoburuak dituzte. Beste baoa, berriz, jatorrizkoa da, eta beste biak baino apur bat txikiagoa. Harlanduz inguratuta dago.

Lehen solairuan, bi leiho-bao bakarrik daude fatxada horretan, biak harlanduz inguratuak. Beheko solairuko jatorrizko bi baoen ardatzen gainean kokatuta daude.

Eraikinaren barruko egiturak zeharkako hiru hormarte eta luzetarako beste hiru ditu. Karga-horma perimetral lodiaren gainean jarrita daude. Horrez gain, zeharkako beste horma bat ere badu, beheko solairuan metro bateko lodiera duen horma. Zeharkako horma horrek arkupeko hormartea eta gainerako egitura guztia banatzen ditu. Luzetarako beste karga-horma bat ere badago, eta horma horrek hormartea eta sukaldera sartzeko ipar-ekialdean dagoen ezkaratza banatzen ditu. Bi horma horiek estalkiraino iristen dira. Egiturako gainerako osagai guztiak harrizko plinto baten gainean kokatuta dagoen zutabe lodi baten gainean bermatuta daude. Zutabe lodi hori ukuiluan dago. Habe lodi batzuk zutabera lotuta daude, eta habeek soliba handiei eusten diete. Estalkiko zurajeak hiru isurki ditu, eta kontragoihabez, nabaz, tirantez, gapirioz eta taulaz osatuta dago. Horien guztien gainean jarrita dago estalkiko arabiar teila.

Arkupetik ordenatzen da solairua, bi ateren bidez. Ezkerreko atetik ukuilura sartzen da. Harlanduz inguratuta dago, eta metro bateko lodiera duen horma batean sartuta dago. Orri zabaleko ate handi bat da, eta burdineriak ditu. Eskuineko atea ere harlanduz inguratuta dago, eta zurezko ate sendo bat du. Ateak panelak eta burdineriak ditu, eta etxeko lauzadun ezkaratzera sartzen da bertatik.

Etxe barruan, harlanduz inguratutako ate bat igarota, lauzadun sukalde batera sartzen gara, ezkaratz lauzadunetik. Eraikinaren hego-ekialdean kokatuta dago sukaldea. Ezkaratzetik, bi ataleko eskailera bat ateratzen da. Lehen atalak harrizko hiru maila ditu, eta bigarrenak, berriz, triangelu-forma duten zur trinkozko mailak ditu, zurezko zangoen gainean jarrita. Lehen solairura igotzen da eskailera horren bidez. Lehen solairuan, beste eskailera-atal bat dago, teilatupeko tarteko solairura joateko. Aurreko eskailerez gain, beste eskailera bat ere izan zuen etxeak, ukuiluko solairutik lehen solairuko ipar-ekialdeko geletara zuzenean joateko.

Sanjuanzar XVIII. mendeko baserri tipikoa da, Arabara joateko bidean ostatu izateko eraikia. Jatorrizko itxurari eusten dio, hein handi batean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]