Sarasuaren tongoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jon Sarasua

Sarasuaren tongoa ala Gipuzkoako tongoa izenez ezagutzen da Jon Sarasua protagonistatzat duen 1991ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finaleko gertakaria.[1]

Gertakaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1991ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa azken Gipuzkoako Txapelketatik 24 urteko etenaren ostean heldu zen, bertsolaritzaren urrezko aroan. Telebistak emandako bultzadari esker, inoizko txapelketa jarraituena izan zen. 11.000 lagun inguru bildu zituen eta prentsa idatzian jarraipen zabala izan zuen.[2]

Finalean ariketa guztiak normaltasunez igaro ziren, harik eta kartzelako ariketa heldu zen arte. Kartzelakoaren aurretik Jon Sarasua bigarren zihoan, Andoni Egañaren atzetik, baina alde txikiarekin. Telebistako esatariek ziotenez, Sarasuak finalaren aurretik "ondoegi ez egitea" komeni zitzaiola adierazi zuen, ez zitzaiola "txapela janztea komeni, ondorio latzak izaten ditu eta"[3].

Kartzelako gaiak honela zioen: "Ilunabarrean amari musu emanda zeure autoan atera zara festara, ordu biak alderako itzuliko zinela esanez. Une honetan goizeko seiak dira. Oraintxe gogoratu zara amari emandako hitzaz. Zauden egoeran zaudela, zauden tokitik hiru bertso".[4]

Sarasuak txapelketak "sortutako morboaren aurka erreakzionatu nahi" omen zuen. Ondorioz, kartzelakoan zazpi puntuko bi bertsoren ostean, zortziko "eskas" bat bota zuen.[2][4][5][6]

«

Luzitzeko egin det
makina bat saio;
hau txapelketa bat da
eta zer arraio!
Gaur etxera joatea
zuk zenduke nahio,
gaur ez naiz joan eta
zer egingo zaio!

»

—Jon Sarasua, 1991-12-22


Jon Sarasuaren erabakiak iskanbila handia piztu zuen bertsozaleen artean. Prentsan ere erreflexua izan zuen eztabaidak, aldeko eta kontrako ahotsekin. Esaterako, Lazaro Azkunek Euskaldunon Egunkarian tongotzat hartu zuen.[7]

« Beraz, nire ustez Sarasuak egin nahi zuena alde bat utzita, egin zuena tongo izan zen. [...] Txapelketa batean ez da tongo-rik onartzen. »

—Lazaro Azkune, 1992-01-09


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. 1991ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. 2022-12-05 (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
  2. a b «Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa (5. 1991) - Aldizkakoa - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
  3. «Sarasuaren bakarkakoa» bertsoa.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
  4. a b Paya, Xabier. (2013). Ahozko Euskal Literaturaren Antologia. Etxepare Euskal Institutua, 53-54 or. ISBN 9788469566923..
  5. ««Gero eta urrunago sentitzen naiz euskal progresista batek pentsatu behar duenetik»» GAUR8 2016-01-28 (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
  6. «1991-12-22 Donostia Txapelketa [Bertsoa / Jon Sarasua - Bertsoa - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea»] bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
  7. Azkune, Lazaro. (1992). «Jon Sarasuaren protesta-tongoa» Euskaldunon Egunkaria 1992-01-09: 24..