Selimiye meskita (Nikosia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Selimiye meskita (Nikosia)
Nicosia 01-2017 img20 View from Shacolas Tower.jpg
Kokapena
Estatu burujabe Zipre
Zipreren banaketa administratiboaNikosiako barrutia
HiriaNikosia
Koordenatuak35°10′35″N 33°21′52″E / 35.1764°N 33.3644°E / 35.1764; 33.364435°10′35″N 33°21′52″E / 35.1764°N 33.3644°E / 35.1764; 33.3644
Historia eta erabilera
Izenaren jatorriaSelim II.a
Erlijioaislama
Erromatar Eliza Katolikoa
IzenaJakinduria Santua
Edukiera2.500
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa

Selimiye meskita (turkieraz: Selimiye Camii), aurrez Santa Sofia katedrala (grezieraz: Καθεδρικός ναός Αγίας Σοφίας), Nikosia hiriburuko eraikin historikoa da. Hiriaren iparraldean dagoenez, Ipar Zipreko Turkiar Errepublikari dagokio.

Zipreko eliza gotiko handiena eta zaharrena izan zena, 1570tik aurrera Nikosiako meskita handiena da. Errezutarako 1750 m² azalerako eremuan 2.500 fededun sartzen dira[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XI. mendeko agiri batek aipatzen du bazela eliza bizantziar bat bertan Hagia Sophia izena zuena[2]. Izenak "Jakinduria Santua" esan nahi du. Iturri bizantziarretan ez da ordea inolako aipamenik egiten eta indusketetan ere ez da hondarrik aurkitu.

Eraikuntza eta frankoen aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo elizaren eraikuntza noiz hasi zen ez da jakina baina data ofizialtzat 1209. urtea hartzen da eta iturriaren arabera Thierry[3] edo Albert izeneko Nikosiako artzapezkpiku latindar bat izan zen eraikuntza lanak bultzatu zituena[4]. Lanak lehenago hasi zireneko ebidentziak ere azaldu dira ordea, eta hainbat adituren iritziz tenplarioen agintaldian izan zitekeen (1191-1192)[4]. Eustorge de Montaigu artzapezpikuaren agintaldian (1217-1250) bultzada nabarmena izan zuen eta 1228rako ia bukaturik zegoela esaten da[3]. Zazpigarren Gurutzadaren barnean 1248an Luis IX.a Frantziakoa Ziprera iritsi zen eta aditu batzuen ustez hau izan zen katedrala osatu zuena[5], baina adierazpen honen proba argirik ez dago[6].

1267an eta 1303an izandako lurrikarek katedrala kaltetu egin zuten[6]. Giovanni del Conte artzapezpikuak konponketa lanak bideratu zituen. Habeartea eta nartexa 1319an osatu ziren eta absidea, aurrealdea, kapera eta bataiotegia 1326an amaitu ziren[4]. Katedrala freko, eskultura, marmolezko horma eta margolanekin apaindu zuen eta 1326an katedrala sagaratu egin zen ospakizun handien artean[7]. Lusignan ahintaldian zehar Zipreko erregeak bertan koroatu ziren. Genovarrek famagusta konkistatu ondoren Lusignan erregeak Jerusalemgo errege ere izan zuiren eta beranduago Armeniako errege ere bai[6]. Aurrez 1310ean Tenpluko Ordenaren epaiketak ere Santa Sofia katedralean izan ziren[6].

1359an Aita Santuaren bidali zuen Peter Thomasek Zipreko apezpiku greziar ortodoxo guztiei deia egin eta katedralean giltzapetu zituen. Beraiek katolizismora bihurtu zitezen nahi zuen. Oihuak entzunda katedral inguruko jendea matxinatu egin zen eta ateak errez barrura sartzea lortu zuten. Zipreko erregeak Peter Thomas aska zezaten eskatu zien eta Aita Santuaren bidalia zigortua izan zen[8].

1373an genovarrek hiria erasotu zutenean Santa Sofia katedralak kalte ugari jasan zituen.

Veneziarren aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giacomo Franco veneziarrak 1597an marrazturiko Nikosiako mapa. Hiriko harresien erdigunean kokaturik dago Santa Sofia katedrala.

1491n, beste lurrikara batek kalte handiak izan zituen katedralak. Koroa erori egin zen eta ondoan zuen sakramentuen kapera ere bai. Hugh III.a Ziprekoaren hilobia ere kaltetu zen eta gorpua jantzi ederrekin eta urrezko erlikiekin agerian gelditu zen. Veneziarrek urrezko altxorra berentzat hartu zuten. Veneziako senatuak konponketa lanak abiatzeko agindu zuen eta horretarako berariaz sortuziko komisio batek 250 dukat jaso zituen artzapezpikuarengandik. 1507an Pierre Mésengek idatzi zuenaren araberam erabat berriztuta zegoen katedrala[9]. Veneziarrek Nikosiako harresiak eraiki zituztenean, Santa Sofia katedrala erdigunean gelditu zen, Europan ohikoa zen eran[10].

Otomandarren aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1570an otomandarrek Nikosia setiatu eta 50 egunen ondoren hiria errenditu egin zen. Azken egunean bertan, irailaren 9an, Francesco Contarini Pafoseko apezpikuak azken sermoi kristaua eman zuen bertan. Otomandarrak sartu eta apezpikua eta beste hainbat eliztar hil zituzten. Kristau iruditegi guztia suntsitu zuten, koroa eta habeartea barne[11]. Eraikina ondo garbitu eta meskita bihurtu zuten osteguneko errezutarako, irailaren 15erako hain zuzen ere. Lala Mustafa Pasha generalak gidatu zuen aurreneko errezu islamdarra[5]. Urtea amaitu aurretik, bi minarete altxatu zituzten eta mihraba eta minbarra gehitu [12].

Moravizade Ahmet Efendi izan zen meskitako lehen imama, Otomandar Inperioko Morea probintziatik etorritakoa. Ordutik aurrera izan diren imam guztiek ostiraleko errezuaren aurretik minbarreko eskailera Nikosiako konkistan erabilitako ezpata aldean dutela igotzen dituzte, Nikosia konkistatua izan zela adierazteko[13].

Selimiye meskita, 1878an.

Sultan Selim Fundazioak hartu zuen meskita mantentzeko ardura. Mantenimendua bermatzeko hainbat fundazio gehago sortu dira ondoren[14] eta XVI. mendean Okçuzade Mehmed Paşa gobernadoreak denda bat jartzeko baimena eman zuen diru gehiago lortu ahal izateko. Otomandarren garaian uharteko meskita handiena izan zen eta XVIII. mendean ostiralero zalditeriak eta infanteriak desfilea egiten zuen meskitara[14]. Fededun ugari erakartzen zituen honek eta inguruan merkatu zabala garatuz joan zen.

1874an Turkiako Abdulaziz I.a sultana etorriko zela jakinda Lusignan garaiko lehio bat zegoen tokian ate berri bat ireki zen, Aziziye atea, eraikinaren ekialdean. Atea oso apainduta dago, Es-Seyyid Ahmet Şukri Efendi kaligrafoaren lanekin eta alboetan altzifreak margoturik ditu. Gerora emakumezkoentzako atea bihurtu zen eta gaur egun jadanik ez da erabiltzen[15].

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1949an imamek minbarrera igotzeari utzi zioten eta bozgorailuak erabiltzen hasi ziren. 1954ko abuztuan Zipreko Muftiak ofizialki Selimiye meskita izendatu zuen Selim II.a sultanaren omenez, bera baitzen Otomandar Inperioko buru Zipre konkistatua izan zenean[5].

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin handa da. Barnealdeak 66 metroko luzera eta 21 metroko zabalera du.

Koroa inguratzen duen anbulatorioa badago baina ez dauka abside kaperarik. Parisko Notre-Dame katedralaren antzeko egitura du. Transeptuan kapera ugari daude, alboetan aurkitzen diren tamaina berekoak. Horretan Poitierseko katedralaren antza du, Lusignan familiaren Frantziako jatorrizko herria zen hain zuzen ere. Iparraldeko eta hegoaldeko ateak habeartearen laugarren tartean kokaturik zeuden eta Aziziye atea ekialdean.

Hilobiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Lefkoşa'ya 3657 mümin aranıyor» Haber Kıbrıs 2011-02-20 (Noiz kontsultatua: 2020-09-16).
  2. (Ingelesez) Papacostas, Tassos. In search of a lost Byzantine monument: Saint Sophia of Nicosia. (Noiz kontsultatua: 2020-09-16).
  3. a b (Ingelesez) Coureas, Nicholas. (1997). The Latin Church in Cyprus, 1195-1312. Ashgate ISBN 978-1-85928-447-6. (Noiz kontsultatua: 2020-09-16).
  4. a b c (Ingelesez) Riley-Smith, Jonathan. (2002-03-28). The Oxford History of the Crusades. OUP Oxford ISBN 978-0-19-157927-1. (Noiz kontsultatua: 2020-09-16).
  5. a b c Keshishian, Kevork K.. Nicosia: Capital of Cyprus Then and Now. Nicosia: The Moufflon Book and Art Centre, 173–8 or..
  6. a b c d Schabel, Chris. (2012). Frankish & Venetian Nicosia 1191-1570: Ecclesiastical Monuments and Topography. In Michaelides, Demetrios (ed.). Historic Nicosia. Nicosia: Rimal Publications. ISBN 9789963610440..
  7. «Department of Antiquities - The Looting of Cultural heritage in Occupied Cyprus» www.mcw.gov.cy (Noiz kontsultatua: 2020-09-16).
  8. (Ingelesez) Andrews, Justine M.. (1999-10-01). «Santa Sophia in Nicosia: the Sculpture of the Western Portals and Its Reception» Comitatus: A Journal of Medieval and Renaissance Studies 30 (1) ISSN 0069-6412. (Noiz kontsultatua: 2020-09-16).
  9. Enlart, Camille. (1987). Gothic art and the Renaissance in Cyprus (illustrated ed.). Trigraph Limited, 88 or. ISBN 9780947961015..
  10. Erçin, Çilen. (2014). The Physical Formation of Nicosia in the Turkish Republic of Northern Cyprus from 13th to 15th Century. Megaron Journal (turkieraz). Yıldız Teknik University. 9 (1):, 34-44 or..
  11. Gürkan, Haşmet Muzaffer. Dünkü ve Bugünkü Lefkoşa (turkieraz) (3. edizioa). Galeri Kültür, 117-8 or. ISBN 9963660037..
  12. (Ingelesez) «TDV İslâm Ansiklopedisi» islamansiklopedisi.org.tr (Noiz kontsultatua: 2020-09-16).
  13. (Turkieraz) Fehmi, Hasan. (1992). A'dan Z'ye KKTC: sosyal ve ansiklopedik bilgiler. Cem Ayınevi (Noiz kontsultatua: 2020-09-16).
  14. a b (Turkieraz) «Ayasofya (Selimiye) Meydanı ve Mahallesi» YENİDÜZEN 2013-09-27 (Noiz kontsultatua: 2020-09-16).
  15. Bağışkan, Tuncer. (2005). Kıbrıs'ta Osmanlı Türk Eserleri (turkieraz). Turkish Cypriot Association of Museum Lovers.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]