Simone Chrisostome

Wikipedia, Entziklopedia askea
Simone Chrisostome
Bizitza
Jaiotza Hendaia1923ko abenduaren 10a
Herrialdea  Lapurdi, Euskal Herria
Heriotza Hendaia2021eko urtarrilaren 1a (97 urte)
Jarduerak
Jarduerak Frantziako Erresistentziaren kidea
IMDb nm11548721

Simone Chrisostome (ezkondu ondoren, Simone Vilalta; Hendaia, 1923ko abenduaren 10a - 2021eko urtarrilaren 1a), nazismoaren kontrako erresistentziako ekintzailea izan zen, eta Ravensbrück eta Neubrandenburg-eko kontzentrazio eremuetako presoa, non bi urteko egonalditik bizirik irten zen[1][2][3].

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita Hendaiako mugako langilea zuen. Komunista zen gizon hura, eta 1936ko irailean, Espainiako Gerra Zibilarekin, Irungo iheslari errepublikarrei laguntzen hasi zen sasiko ekintzailetzan. Alemania naziak Frantzia konkistatu ondoren, Hendaiako muga itxi egin zen, eta aita lekualdatu zuten, lehenbizi Le Havre-ra eta gero Angers-era, non erresistentzian lanean hasi zen. Simone Angersera joan zen 1942ko urrian, eta han aitaren jardueren berri izanda, hari laguntzea erabaki zuen. Aita jarduera haietan hil zen, bizikletan zihoala alemanen kontrol batekin topo egin zuen, eta haiek ikusi baino lehen jaurti egin zen bide bazter batera: alemanek ez zuten ikusi edo harrapatu, baina erorketak zauri larriak eragin zizkion eta egun gutxitara hil zen.

Bitartean, erresistentziarako lanak egin zituen Simonek: propaganda banaketa eta agiri faltsuen garraioa bereziki. 1943ko apirilean atxilotu zuten eta Fort de Romainvilleko gazteluko atxilotze esparrura eraman zuten. Han aste batzuk egin ondoren, ganaduaren garraiorako trenetan sartuta beste 150 lagunekin, Alemaniako Ravensbrück-eko kontzentrazio esparrura eraman zuten (lau eguneko bidaia izan zen, 1943ko abuztuan). Eremu horrek beste kanpo satelite bat zuen 50 kilometrora, Neubrandenburg, eta haren ondoko Siemens lantegi batean esklabo-lanean esplotatu zuten Simone (V2 arma programarako lanetan). Bizi baldintzak izugarriak ziren, eta berarekin Fort de Romainvilletik preso zegoen lagun bat, Frantxia Usandizaga Urruñakoa, hil egin zen egonaldian. 1945ko udaberrian, naziek kontzentrazio eremu horiek hustu zituzten, eta presoek oinezko martxa hilgarri batera behartu zituzten, helmuga zehatzik gabe. Geldialdi batean, 1945eko maiatzaren 1ean, Sobietar Armada Gorriko soldaduek askatu zituzten presoak.

Hendaiara itzuli zen 1945ean bertan, baina ez zuen laguntza handirik aurkitu eta Parisera joan zen. Mauthausenen preso egondako preso errepublikar katalan batekin ezkondu zen (Lluís Vilalta), Simone Vilalta izena hartuz. Parisko ospitale batean lan egiten zuelarik, Clichy hirian bizi izan ziren[4].

Hendaiako Herriko Etxeak ohore egin zion 2019an, eta «heroi» gisa aitortu zuen. «Garai nahasiotan, ez dago lekurik gorrotoarentzat eta xenofobiarentzat», esan ohi zuen Chrisostomek, nazientzat 22352 presoa zenak.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Frantsesez) «Témoignage déportation Simone Chrisostome Vilalta» OROITZA Histoire d'Hendaye Noiz kontsultatua: 2021-01-02.
  2. Galparsoro, Etxahun. (2021). Simone Chrisostome. Noiz kontsultatua: 2021-01-02.
  3. https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20210102/fallece-la-hendaiarra-simone-chrisostome-superviviente-de-los-campos-de-concentracion-nazis
  4. (Frantsesez) Mediabask. (2021-01-02). «Hendaye : la survivante des camps de concentration Simone Chrisostome est décédée» www.mediabask.eus Noiz kontsultatua: 2021-01-02.
  5. Ansa, Mikel P.. «22352» Berria Noiz kontsultatua: 2021-01-03.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]