Slitheen

Wikipedia, Entziklopedia askea
Slitheen
Whoniverse (en) Itzuli
Argitalpena
Ageri den obrak
Datu biografikoak

Slitheen Doctor Who zientzia fikziozko telesail britainiarreko fikziozko familia estralurtarra da, Raxacoricofallapatoriar espeziekoa. Raxacoricofallapatorius izeneko planetan dute jatorria.

Bederatzigarren Doktoreak haien kontra borrokatu zuen, baita Sarah Jane Smithek ere. Slitheen familiako kideak gaztetatik kriminal izateko hezten dituzte. Haien jatorrizko planetatik bidali egin zituzten eta inoiz itzultzen badira heriotza zigorra izango dute zain.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itxura fisikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina handia duten izakiak dira. 2'4 metrotako altuera hartzen dute, gorpuzkeraz lodiak eta gihartsuak dira, beso luzeak dituzte eta erpe indartsuak. Indar fisiko handia dute. Azal berdea dute normalean baina kolore tonu desberdina du raxacoricofallapatoriar familia bakoitzak. The Sarah Jane Adventures telesailean Slitheen-Blathereen familia agertzen da eta horko kideak laranja kolorekoak dira. Raxacoricofallapatoriarrek azalean pozoia sor dezakete etsaiaren aurka erabiltzeko[1].

Lepo luzea dute eta buru txikia, haurtxo batenaren antzekoa. Begi handiak dituzte eta mintz niktitatzailea. Sudur txikia badute ere usaimena oso garaturik dute. Gizakietan adrenalina eta hormona kopuruak detekta ditzakete, eta hartaz baliatuz helburu duten gizakia urrutitik jarraitzeko gaitasuna dute[1].

Jokaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Planeta batetara iristen direnean bertako biztanle baten azala hartu eta jantzi egiten dute. Biktimak txikiagoak izan ohi dira eta tamaina egokitzeko lepoko bat dute. Gehienetan gizaki lodikoteak aukeratzen dituzte hobeto egokitzeko, baina inoiz argalik ere ikusi izan da. Azal berrira egokitzeko prozesuan gasak sortzen zaizkie eta puzkerrak botatzeko joera dute. Gizakiekin gertatzen zaie gehienbat. Haiek "gas trukea" deitzen diote prozesu horri.

Rackweed izeneko landareaz elikatzen dira.

Ahultasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azido azetikoarekiko kalteberak dira. Harekin kontaktuan jarriz gero azalak erreakzio bortitza izaten du eta eztanda egitera irits daiteke. Horregatik ezin dute ozpinik, ketchupik edo Coca-Colarik hartu[2].

Raxacoricofallapatoriarren exekuzio modu nagusia horrelakoa da: gaizkilea ozpinez beteriko pertza handi batean murgiltzen dute eta ondoren berotu egiten dute irakiteraino. Azidoak azala disolbatzen du eta organoak likidoan zabaltzen dira, gaizkileak bizirik jarraitzen duela, poliki poliki zopa bihurtu arte.

Istorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

"Aliens of London" (2005) atalean azaldu ziren lehenengo aldiz. Ikusten da slitheen familiako Passameer-Day atalak denbora bazeramala Britainia Handian infiltraturik eta kideek militar, politikari eta gobrenuko postuak lortuak zituztela. Haien helburua Hirugarren Mundu Gerra sortaraztea zen, espaziora jaurtiko litzatekeen erradiazioa saltzeko gero. "World War Three" (2005) atalean mundu guztian zabaltzen ari den izuaren aurrean Slitheen familiako kidea den Jocrassa komandateak Erresuma Batuko lehen ministro izatea lortuko du[3]. Misilak jaurtitzeko kodeak lortzear dagoela Doktoreak Harpoon misil bat jaurtiko du 10 Downing Street eraikinaren aurka slitheen guztiak hilez. Batek ordea ihes egitea lortuko du[4].

Denboraldi berean baina beranduago "Boom Town" (2005) atalean Margaret Blaine (ihes egindako slitheena) Cardiff hiriko alkatea da. Zentral Nuklear bat eraiki nahi du faila ezegonkor baten gainean. Haren helburua zentrala lehertzea da eta leherketak emango dion indarra erabiltzea Lurretik ihes egiteko. Berriz ere Doktoreak eta laguntaileek plana ekidin eta preso hartuko TARDISean. Raxacoricofallapatorius eraman nahiko dute han epaitu eta dagoikon zigorra ezar diezaiote. Slitheenak heriotza zigorra nolakoa den kontatzen die bihotzak xamurtu nahian, baina amarru bat baino ez da libre utz dezaten. Ihes egin nahiean TARDISaren energia harrapatu nahi izango du baina gehiegizkoa izango denez hil egingo da, arrautza bat utziz. Doktoreak eta Rose Tylerrek Raxacoricofallapatorius planetara eramango dute eta familia zintzo batean utziko dute arrautza, bigarren aukera bat emanez[5].

The Sarah Jane Adventures telesailean ere azaldu dira. "Revenge of the Slitheen" (2008-2009) atalean eraikuntza konpainia batean infiltratu ziren. Eguzkia itzali nahi zuten eta Lurra suntsitu ehergia gabe utziz, 2005eko falimiako Passameer-Daytarren heriotzak mendekatzeko asmoz. Makina ordea lehertu egin zen Slitheen gehienak hilez. Gutxi batzuk lortu zuten ihes egitea, Korst haurrak barne.

Doctor Who telesaileko "Love & Monsters" (2006) Abzorbaloff izeneko estralurtar bat agertu zen. Itxuraz raxacoricofallapatoriar baten oso antzekoa zen. Bertan aipatzen da Raxacoricofallapatorius planetaren bikia den Clom planetakoa zela.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) «Raxacoricofallapatorian» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  2. (Ingelesez) «Vinegar» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  3. (Ingelesez) «Jocrassa Fel-Fotch Passameer-Day Slitheen» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  4. «Aliens Of London / World War Three | A Brief History Of Time (Travel)» www.shannonsullivan.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  5. (Ingelesez) «Margaret Blaine» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]