Rose Tyler

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rose Tyler
Whoniverse (en) Itzuli
Argitalpena
SortzaileaRussell T Davies
Ageri den obrak
Interpretatzailea
Datu biografikoak
Jaiotza1987ko apirilaren 27a
HerrialdeaErresuma Batua
Sexuaemakumezkoa
Jardueratime traveller (en) Itzuli
shop assistant (en) Itzuli
Familia
AitaPete Tyler
AmaJackie Tyler
Bikotekidea(k)Mickey Smith (en) Itzuli
Doktorea

Rose Tyler Doctor Who zientzia fikziozko telesail britainiarreko pertsonaia bat da, Billie Piperrek antzeztu zuena. Telesailaren aro berria estrenatzeko aukeraturiko pertsonaia da eta bederatzigarren Doktorearen bidaia-laguna da.

Pertsonaiaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

15 urteko hutsunearen ondoren 2005ean itzuli zen Doctor Who telesaila. Christopher Eccleston zen doktorearen papera betetzen zuena, bederatzigarren doktorea. Haren laguntzailea sortzeko Russell T Davies ekoizleak pentsatu zuen pertsona arrunt bat izan zitekeela publikoak erraz identifikatuko zuena. Rose izenaren aukeraketa ere horregatik egin zen, Daviesen esanetan "munduan den emakumezko izen birtainiarrena" baita.

"Rose" izeneko atalean egin zuen debuta, aro berriko lehenengoan hain zuzen ere. Atala bere irudiekin hasten da, doktorea beranduago agertuko da. Bi denboraldi egin zituen telesailean, gerora agerpen solteak ere izango zituen, eta hasierako pertsonaia hura garatuz eta pisu handia hartuz joan zen.

Istorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Londresen bizi den 19 urteko neska gazte bat da Rose Tyler eta Harrodsen antzeko fikziozko merkataritza-gune batean saltzaile lana egiten du. Jackie Tyler (Camille Coduri) amarekin bizi da eta Mickey Smith (Noel Clarke) mutil laguna du[1]. Gerora ikusiko denez Pete Tyler (Shaun Dingwall) aita ez zuen ezagutu, ezkontza egunean istripu batean hil baitzen.

Lehenengo denboraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denda ixtea tokatzen zaion egun batean sotora jaisten da eta biltegi hartan dauden manikiak bizirik daudela konturatzen da. Rose erasotuko dute eta azken unean Doktorea agertu eta salbatu egingo du. Ondoren doktoreak eraikina lehertzen du manikiek mundua konkista dezaten ekidinez. Doktoreak berarekin espazioan eta denboran bidaiatzera gonbidatuko du Rose[1].

Harekin hainbat abentura biziko ditu; Lurra suntsitzen ikusiko du, dalekak ezagutuko ditu, etorkizuneko telebistako lehiakide izango da, Londresko Bigarren Mundu Gerrako bonbaketetan egongo da, aita ezagutuko du eta 1987an hiltzen ikusiko du eta historia aldatzeak dituen ondorioez jabetuko da. Denboraldian zehar Bad Wolf ("otso gaiztoa") hitzak tarteka azalduko dira eta amaieran ikusiko da Rose berarentzako mezua dela[2]. Dalekak Lurraz jabetzera doazenean denboraren zurrunbiloko energia xurgatuko du. Horren bidez dalek armada suntsituz planeta salbatuko du eta Jack Harkness kapitainari bizia itzultzean betiereko bizia emango dio. Doktorea konturatuko da gehiegizko energia horrek Rose hilko duela eta muxu bat emanez haren energia xurgatuko du[2]. Honek doktorea eraberritzea ekarriko du eta eguberrietako atal berezian hamargarren doktorea agertuko da, David Tennantek gorpuztuko duena. Eguberrietan Rosek eta Doktore berriak Sycoraxen inbasioa gelditzea lortuko dute.

Bigarren denboraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamargarren doktorearekin egingo duen lehenengo bidaia etorkizun urruneko New Yorkera izango da. Azken gizakia den Cassandra haren gorputzaz jabetuko da baina azkenean kanporatzea lortuko dute. Hurrengo ataletan Viktoria erregina eta Madame de Pompadour ezagutuko ditu, Londresko eskola batean kritiliarrak garaitzean aro zaharreko doktorearen laguntzailea izan zen Sarah Jane Smith ere ezagutuko du, Londresko 2012ko Olinpiar Jokoetan izango da, Ood extralurtarrekin egingo du topo planeta urrun batean... Denboraldiaren erdialdetik aurrera Mickey mutil laguna ere Rosekin eta Doktorearekin bidaiatzen hasiko da[3].

Halako batean hirurak istripuz unibertso paralelo bateko Londresen agertuko dira. Unibertso hartan Rosen guraso biak bizi dira eta oso aberatsak dira, baina ez dute alabarik. Londres hura cybermanek inbaditu dute ordea eta Doktoreak, Rosek, Mickeyk, Rosen aitak eta beste hainbatek haien aurka borrokatuko dute. Atalaren amaieran Rose eta Doktorea dagokien unibertsora itzuliko dira eta unibertso bien arteko pasabidea itxiko dute. Mickeyk unibertso paraleloan gelditzea erabakiko du. Beste unibertsoko Jackie ama hil egingo da. Denboraldiak aurrera egin ahala Doktorearen eta Rosen arteko harremana gero eta estuagoa izango da.

Atal batzuk beranduago cybermanek (eta dalekek) lortuko dute unibertsoen arteko pasabidea gurutzatzea eta beste unibertsoko Torchwood institutuak ere batetik bestea igarotzeko tresna bat asmatuko du. Mickey, Pete aita eta beste hainbatek ere jauzia egingo dute eta borroka amaitu ondoren Doktorea ezik gainerako guztiak unibertso paraleloan harrapaturik geldituko dira betirako.

Norvegian bada Bad Wolf izeneko badia bat eta unibertso bien arteko elkartze puntu bat izango da. Doktoreak hura baliatuko du Roseri betirako agur esateko. Rosek esango dio Torchwood paralelo hartan lanean hasi dela eta Doktoreaz maitemindurik dagoela aitortuko dio, baina Doktoreak erantzuna eman aurretik konexioa desorekatu eta betirako banaturik geldituko dira.

Ondorengoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laugarren denboraldiko "Turn Left" atalean ("bira ezkerrera") Donna Nobleren balizko errealitatean agertuko da eta abentura batean lagunduko dio[4]. Donnak ez daki nor den, baina Doktoreari "Bad Wolf" mezua emateko eskatuko dio. Doktorea konturatzen da orduan nor den Donnak ezagutu duen neska, eta unibertsoa arriskuan dagoela aurreikusiko du. Dalekek Lurra bahituko duten atalean elkar ikusiko dute biek baina Doktorea zauritu egingo dute eta istorioaren amaieran bigarren Doktore bat agertuko da, bigarren hau hilkorra ordea. Unibertso paralelora itzuliko dira Rose eta bigarren Doktore hori[5], eta unibertso honetan Doktorea eraberritu egingo da.

Telesailaren 50 urteurrena ospatu asmoz egindako "The Day of the Doctor" atalean (2013) Rose Tylerren irudia duen pertsonaia bat agertuko da. Ez da Rose Tyler baina haren itxura hartuko du Doktorearentzako gizaki garrantzitsua izanik itxura atsegina izateko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) «Rose Tyler» Doctor Who Wiki (Noiz kontsultatua: 2023-09-17).
  2. a b (Ingelesez) «Bad Wolf (entity)» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-09-17).
  3. (Ingelesez) Walters, Jack. (2023-02-06). «Doctor Who: The Tragedy Of "The Girl In The Fireplace", Explained» ScreenRant (Noiz kontsultatua: 2023-09-17).
  4. (Ingelesez) «Turn Left (TV story)» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-09-17).
  5. Bad Wolf Bay (Alternate Ending) Series 4. (Noiz kontsultatua: 2023-09-17).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]