Sarah Jane Smith

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sarah Jane Smith
Whoniverse (en) Itzuli
Argitalpena
Ageri den obrak
Interpretatzailea
Datu biografikoak
HerrialdeaErresuma Batua
Sexuaemakumezkoa
Jardueraerreportaria
time traveller (en) Itzuli
Familia
Seme-alabak

Sarah Jane Smith Doctor Who zientzia fikziozko telesail britainiarreko pertsonaia bat da, Elisabeth Sladenek antzeztu zuena[1]. Hirugarren eta laugarren Doktorearen bidaia-laguna da (1973-1976). Arrakasta handia izan zuen pertsonaiak[2].

2005ean hamargarren Doktorearekin egin zuen topo eta horren ondoren telesailaren spin-off bat sortu zen, The Sarah Jane Adventures izena zuena[3].

Pertsonaiaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Castingean April Walker aktorea aukeratu zuten pertsonaia antzezteko, baina Doktorearen papera betetzen zuen Jon Pertweerekin gaizki moldatzen zen, hark ez baitzuen onartzen laguntzailea bera baino garaiagoa izaterik[4]. Casting berri bat egin behar izan zuten eta Elisabeth Sladen aukeratu zuten.

Hirugarren eta laugarren Doktoreen bidaia-laguna izan zen 18 istoriotan zehar (80 atal, 1973-1976), laguntzaile lanean luzaroen iraun duen aktoreetako bat da. Ikusleen artean egin izan ziren bozketatan Doktorearen bidaia-lagun onena izendatu zuten hainbat alditan telesailaren aro klasikoan[5].

Istorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Aro klasikoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"The Time Warrior" (1973) atalean agertu zen lehenengo aldiz. Lavinia Smith birologo ezaguna zuen izeba eta haren izenean infiltratu zen elkarte sekretu batean. TARDISean sartzea lortu zuen eta Erdi Aroan sontaran soldaduen aurka borrokatu zuen. Ordutik aurrera Doktorearekin batera bidaiatzen hasi zen eta tarteka UNIT taldeari laguntzen ere arituko zen. "Planet of the Spiders" (1974) atalean hirugarren Doktorea eraberritu egin zen eta Tom Baker aktorea bihurtu zen laugarren Doktorea. Harry Sullivan tenientearekin (Ian Marter) hirukotea osatu zuten eta sontaranen, daleken eta cybermanen aurka borrokatu ziren. "Genesis of the Daleks" (1976) atalean Sarah Jane Smithek daleken sorrera ikusiko du eta Davros sortzailea ezagutuko du. "The Hand of Fear" (1976) atalean Doktoreak Gallifrey planetara itzultzeko agindua jasoko du eta hura izango da Sarah Jane Smnithen azken atala.

1981ean spin-off bat egiteko asmoa izan zen, "K-9 and Company" izena izango zuena. Atal pilotua grabatu zen, "A Girl's Best Friend", eta Sarah Jane Smnith agertu zen. Doktoreak K9 Mark III txakur errobota oparitu zion. Ez zuen arrakastarik izan eta bertan behera gelditu zen spin-offa. 1983ko 20. urteurreneko atalean ("The Five Doctors") Lord Borusa presidenteak Gallifreyra garraiatu zuen Sarah Jane eta hirugarren Doktorearekin elkartu zen, bai eta lehen, bigarren eta bosgarrenarekin ere. 1993ko atal berezi batean ere agertu zen berriz.

Aro berria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005ean berrekin zitzaion Doctor Who telesailari. "School Reunion" (2006) atalean eskola batean elkartzen dira Sarah Jane Smith eta Hamargarren Doktorea (David Tennant)[6]. Zerbait arraroa gertatzen zen susmotan bakoitza bere aldetik joana zen ikertzera. Rose Tyler orduko laguntzaileak etorkizunean Doktorearekiko duen harremana ikusten du Sarah Janengan. Eskolako auzia konpontzen dute eta Doktoreak txakur errobotikoaren bertsio berria oparitzen dio, K9 Mark IV. Sarah Jane Smithek Rose Tylerren senargai Mickey Smith (Noel Clarke) ere laguntzaile har dezala aholkatzen dio.

"School Reunion" atalak izan zuen arrakasta ikusita spin-offa sortzeko ideia ber hartu zuten eta The Sarah Jane Adventures telesailak lau denboraldi izan zituen[7]. Laugarren Doktoreak utzi zuenetik Sarah Jane Smithek ez du senargairik izan eta bakarrik bizi da. Ealingeko bere etxetik estralurtar jarduera ikertuko du Mr Smith (Alexander Armstrong) superkonputagailuaren laguntzaz eta "ezpainetako sonikoa" arma gisa erabiliz. Estralurtar horiek Bane arrazakoak dira, begi bakarra eta garro luzeak dituztenak, eta gizaki itxura har dezaketenak. Konturatzen da Mrs Wormwood auzokoa dela Banetarren liderra. Hauek gizaki bat sortuko dute, Luke Smith, eta Sarah Janek semetzat hartuko du. Ordutik aurrera Sarah Jane, Luke eta Clyde Langer laguna Lurrak izango dituen mehatxu estralurtarrei aurre egiten arituko dira. Etsai nagusiak Trickster eta Slitheen familia izango dira.

Doctor Who telesailean ere agertu zen tarteka. "The Stolen Earth / Journey's End" (2008) ataletan Doctor Whoko pertsonaiek haren spin-offak diren Torchwood eta The Sarah Jane Adventures telesailetako pertsonaiak elkartzen dira hamargarren Doktorearen amaiera izango den istorioan.

The Sarah Jane Adventures telesailaren bigarren denboraldian Estatu Batuetara joango da bizitzera eta han bizilagun berria aurkituko du, Rani Chandra (Anjli Mohindra). Hirugarren denboraldian etai berri bat izango du, Androvax gorpuen lapurra, eta Judoon polizia aliatuak izango ditu. Doctor Who-rekin elkarturiko atal batean Sarah Janek Doktoreari esango dio Peter Daltonekin ezkontzera doala, bina Doktoreak ezkontza galaraziko du, izan ere guztia Tricksterren amarrua izan baita Sarah Janek estralurtarren aurka borrokatzeari utz diezaion. Laugarren denboraldian Luke unibertsitatera doa eta Sarah Janek Clyde Langer eta Rani Chandrarekin jarraituko du. Halako batean hamaikagarren Doktorea (Matt Smith) ezagutuko dute, bai eta Sarah Janeren aurreko laguntzailea izan zen Jo Grant (Katy Manning). Bosgarren denboraldi bat ere abiatu zen baina Elisabeth Sladenen heriotzak eten egin zuen[8].

2020an The Sarah Jane Adventures telesailaren webcast berezi bat egin zen "Farewell, Sarah Jane" izena zuena. Atal hartan Doktorearen laguntzaile ugari eta Sarah Janen lagunak Londresera joaten dira haren hiletara[9].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Freema Agyeman | Actress» IMDb (Noiz kontsultatua: 2023-10-14).
  2. (Ingelesez) Mirror.co.uk. (2006-04-17). «EXCLUSIVE: DR WHO'S 'CUT-OUT' GIRL BACK» The Mirror (Noiz kontsultatua: 2023-11-15).
  3. «BBC - Press Office - The Sarah Jane Adventures» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-11-15).
  4. «Why Jon Pertwee made Doctor Who producers fire the 1st Sarah Jane | SYFY WIRE» web.archive.org 2018-05-24 (Noiz kontsultatua: 2023-11-15).
  5. (Ingelesez) BBC. «Doctor Who: Elisabeth Sladen talks» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-11-15).
  6. (Ingelesez) «School Reunion (TV story)» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-11-15).
  7. «SCI FI Wire | The News Service of the SCI FI Channel» web.archive.org 2006-10-14 (Noiz kontsultatua: 2023-11-15).
  8. (Ingelesez) «Doctor Who actress Elisabeth Sladen dies» BBC News 2011-04-19 (Noiz kontsultatua: 2023-11-15).
  9. (Ingelesez) «Russell T Davies' Sarah Jane Adventures farewell story is the perfect send-off» Digital Spy 2020-04-19 (Noiz kontsultatua: 2023-11-15).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]