Doctor Who
Doctor Who (euskaraz: «Who Doktorea») Erresuma Batuko zientzia-fikziozko telesail bat da. Sydney Newman, C. E. Webber eta Donald Wilson ekoizleek sortu zuten. Errekorren Guinness Liburuan agertzen denez "zientzia fikziozko munduko telesail luzeena eta historiako arrakastatsuena" da[1][2].
Telesailak bi aldi edo aro izan ditu: lehena, aldi klasikoa, 1963tik 1989 arte BBC One katean aireratu zenekoa, eta bigarrena, aldi modernoa, 2005etik gaur egun arte kate berdinean aireratzen dena. Jada 1960ko hamarkadan Erresuma Batuan telesail mitikoa bihurtu zen, britainiar pop kulturaren ikur, eta gaur egun kultoko telesaila izaten jarraitzen du[3].
Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sorrera eta aro zaharra (1963-1989)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1963ko azaroaren 23an argitaratu zen lehenengo atala. Hasiera hartan asteroko maiztasuna zuen eta 25 minutu irauten zituen atal bakoitzak. Hezkuntzara bideraturiko familia programa izatea zuen helburu, historiako momentu garrantzitsuak eta zientziaren aurkikuntzak zabaltzeko modu bat. Lehenengo denboraldi hartan dalek izaki gaiztoak agertu ziren eta arrakasta handia izan zutenez BBC kateak merchandising zabala egin zuen daleketan oinarrituta.
Hiru denboraldiren ondoren William Hartnell aktorearen osasuna gaiztotu egin zenez aktore berriak hartu zuen doktorearen papera, Patrick Troughtonek[4]. Hurrengo etorri ziren doktoreek 3-4 denboraldi osatu zituzten. Iraupen luzeena izan zuena Tom Baker izan zen, 1974 eta 1981 artean izan baitzen doktorea[5]. 1989an zazpigarren doktorearekin amaitu zen telesaila[6]. BBC katea saiatu zen telesaila berriz ateratzen eta 1996an telefilme bat egin zen eta arrakasta handia izan zuen, baina ez zen nahikoa izan telesailari berriz ekiteko[7].
Bestetik aipatu behar da 1967 ta 1978 arteab BBC-ren biltegietan pilaturiko bideozintek toki handia okupatzen zutela eta hainbat suntsitu egin zituen kateak espazioa eskuratzeko. Doctor Who-ren 253 atal grabatu ziren lehen sei urtetan eta haietatik 97 galdu dira[8], gehiena 3., 4. eta 5. denboraldietakoak. Atal horietako batzuk berreskuratu ahal izan dira ikusleek eginak zituzten grabaketei esker.
Aro berria (2005- )[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2005ean aro berriari ekin zitzaion Christopher Eccleston aktorearekin[7]. Lehenengo kapituluaren izena "Rose" izan zen eta horrek erakusten du "Rose Tyler" (Billie Piper) doktorearen laguntzaileak aurrez ez bezelako pisua izango zuela Doctor Who-n[9]. Eguberrietako atal bereziak eman zion amaiera denboraldiari, aro berrian beti errepikatu den kontua da[10]. Hurrengo doktorea David Tennant aktoreak gorpuztu zuen eta arrakasta handia izan zuen, izan ere hamalaugarren doktorea ere bera izan baitzen, sorpresaz. Hasieran Billie Piperrek jarraitu zuen laguntzaile eta ondoren Catherine Tate. Tatek 14. doktorearen aldia ere errepikatu zuen Tennantekin.
Matt Smith eta Karen Gillan bikoteak oso ondo funtzionatu zuen, biek ala biek izaera indartsuak eman zizkieten pertsonaiei. Hauekin batera Arthur Darvill eta Alex Kingston ere aritu ziren. Gillanek telesaila utzi ondoren Jenna Coleman laguntzailea iritsi zen. Honek bi doktorekin egin zuen lan, Matt Smith eta Peter Capaldirekin. 2018an Jodie Whittaker aktoreak bete zuen doktorearen papera, lehenengoz doktorea emakumezkoa izan zen. Horrek izaera berezia eman zion doktoreari eta laguntzaileekin 2023an Ncuti Gatwa izango da hamabosgarren doktorea.
Doctor Who-ren spin-off gisa beste bi telesail sortu ziren, Torchwood[11] (2006tik aurrera) eta The Sarah Jane Adventures[12] (2007tik aurrera). Antzezlanak, audio-liburuak eta bestelako formatuetan ere egin izan dira lanak Doctor Who-rekin eta haren spin-offekin.
Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Inork ez daki doktorearen benetako izena, telesaila horregatik deitzen da Doctor Who ("Nor?" doktorea).
Doktorea, 750 urteko adina (telesailaren hasieran) eta jatorriz Gallifrey planetakoa den estralurtar bat da, gizaki itxura hartu eta denboran nahiz espazioan atzera-aurrera abentura ugarietan zehar bidaiatzen duena. Horretarako TARDIS (Time And Relative Dimensions In Space, "Denbora eta Erlatibitate Dimentsioak Espazioan") izeneko aparatua lapurtu eta bere planetatik ihes egin zuen. TARDISak kamuflatzeko inguruko objeturen baten itxura hartzen du eta Lurrera iritsi zenean izorratu egin zitzaion aldatzeko gaitasun hori eta britainiar polizia kabina urdin baten itxurarekin gelditu zen betirako.
Izatez doktorea "denboraren jaun" bat da, gelditzen den azkena, eta espazioan edo denboran akatsak eragiten dituzten etsaien aurka borrokatzen du, bereziki dalek izaki zitalen aurka. Baditu beste hainbat etsai ere, ezagunenak cybermanak, The Master, sontaranak, aingeru negartiak eta ixiltasuna dira.
Doktorea gizaki bitxi eta bihurria da. Tarteka eraldatu egiten da eta itxura eta izaera berria hartzen ditu. 2023 artean hamabost eraberritze izan ditu.
Doktoreak laguntzaileak izaten ditu, lurtarrak gehienetan, eta telesailaren aro berrian laguntzaile hauek pisu handia dute istorioan[13]. Atal batzuetan doktorearen itxura desberdinak elkartu izan dira, eta adin desberdina duen doktore bera ere bai.
Telesaileko atalak toki eta garai desberdinetan girotzen dira, denboran eta espazioan bidaiatzen baitu. Antzinako Egipton, Ponpeian, Shakespeareren Londresen, Viktoria erreginaren garaian, gaur egun edo etorkizuneko 5000. urtean egon izan da, eta Lur planetaren azalean, nukleoan, ilargian, fikziozko planetatan, espazio ontzietan edo unibertso paralelotan ere koka daiteke istorioa.
Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Doktorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Telesailaren iraupen handia dela eta, Doktorea eraldatu edo berriztu egiten da eta itxura eta izaera aldatu egiten ditu. Doktorearen pertsonaia aktore ugarik antzeztu izan dute[14].
Aktorea | Pertsonaia | Denboraldia |
---|---|---|
William Hartnell | Lehen doktorea | 1963–1966 |
Patrick Troughton | Bigarren doktorea | 1966–1969 |
Jon Pertwee | Hirugarren doktorea | 1970–1974 |
Tom Baker | Laugarren doktorea | 1974–1981 |
Peter Davison | Bosgarren doktorea | 1982–1984 |
Colin Baker | Seigarren doktorea | 1984–1986 |
Sylvester McCoy | Zazpigarren doktorea | 1987–1989 |
Paul McGann | Zortzigarren doktorea | 1996 |
Christopher Eccleston | Bederatzigarren doktorea | 2005 |
David Tennant | Hamargarren doktorea | 2005–2010 |
Matt Smith | Hamaikagarren doktorea | 2010–2013 |
Peter Capaldi | Hamabigarren doktorea | 2014–2017 |
Jodie Whittaker | Hamahirugarren doktorea | 2018-2022 |
David Tennant (berriz) | Hamalaugarren doktorea | 2023 |
Ncuti Gatwa | Hamabosgarren doktorea | 2023-gaur egun |
Laguntzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1963an hasi zenetik doktoreak laguntzaile bat izan du. Laguntzaile honen rola doktorearen moralari eragitea da. Aro berrian laguntzaileak zeregin handiagoa izan du eta inoiz doktorea baino ezagunagoa ere bihurtu da gerora.
Hona hemen laguntzaile ezagunenetakoak:
Aktorea | Pertsonaia |
---|---|
Carole Ann Ford | Susan Foreman |
Jacqueline Hill | Barbara Wright |
William Russell | Ian Chesterton |
Mary Tamm Lalla Ward |
Romana |
Elisabeth Sladen | Sarah Jane Smith |
Katy Manning | Jo Grant |
Aktorea | Pertsonaia | Doktorea(k) |
---|---|---|
Billie Piper | Rose Tyler | 9. eta 10. doktoreak |
Freema Agyeman | Martha Jones | 10. doktorea |
Catherine Tate | Donna Noble | 10. eta 14. doktoreak |
Alex Kingston | River Song | 10. 11. eta 12. doktoreak |
Karen Gillan | Amy Pond | 11. doktorea |
Arthur Darvill | Rory Williams | 11. doktorea |
Jenna Coleman | Clara Oswald | 11. eta 12. doktoreak |
Matt Lucas | Nardole | 12. doktorea |
Pearl Mackie | Bill Potts | 12. doktorea |
Tosin Cole | Ryan Sinclair | 13. doktorea |
Bradley Walsh | Graham O'Brien | 13. doktorea |
Mandip Gill | Yasmin Khan | 13. doktorea |
Millie Gibson | Ruby Sunday | 15. doktorea |
Etsaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telesailean agertu diren etsaien zerrenda oso luzea da. Batzuk ibilbide luzea izan dute, ia denboraldi guztietan agertzeraino, eta dagoeneko ikonikoak bihurtu dira.
- Dalek: Lehenengo denboralditik aurrera agertu izan dira. Estralurtar arraza mutantea da, guztiz xenofoboa eta bortitza.
- Cyberman: Lurraren antzeko planeta bateko gizakiak dira, cyborg izatera eboluzionatu dutenak. 2. denboraldian agertu ziren lehenengoz.
- The Master: Doktorea bezala, hau ere denboraren jauna da. Doktorearen etsai gorena da.
- Sontaran: Gizaki itxurako gerlari arraza da.
- Siluriarrak: Homo reptilia izen zientifikoa ematen zaie, giza itxurara eboluzionatu zuten narrastiak dira, gizakiak baino lehenago Lurrean izan zirenak. Batzuk militarrak dira eta doktorearekin borrokatzen dute, baina badaude zientzilariak eta bestelakoak ere eta horiek ez ditu etsaitzat hartzen.
- Zygon: Giza itxurako izaki bitxia da, itxura aldatzeko eta beste edozein izakiren antza hartzeko gaitasuna dutenak.
2005etik aurrera etsai berriak agertu dira:
- Ood: Telepatia gaitasunak dituen eta olagarro antzeko burua duen izakia da.
- Aingeru negartiak: Aingeruen harrizko eskulturak dirudite, negarrez daude. Zuzen begiratzen ez bazaie hurbildu egiten dira eta harrapatu ezkero energia xurgatzen dute.
- Isiltasuna: Gizaki itxurako izaki honek mundua kontrolatzea du helburu. Beraien existentzia sekretu bat da, jendeak berehala ahazte baitu haiek ikusi izana.
Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
4. doktorea (Tom Baker)
7. doktorea (Sylvester McCoy)
10. doktorea (David Tennant)
11. doktorea (Matt Smith) eta Amy Pond laguntzailea (Karen Gillan).
Ood.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ (Ingelesez) Dr Who 'longest-running sci-fi'. 2006-09-28 (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ (Ingelesez) Miller, Liz Shannon; Miller, Liz Shannon. (2009-07-26). «‘Doctor Who’ honored by Guinness» Variety (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Doctor Who (Serie de TV) (1963). (Noiz kontsultatua: 2023-01-06).
- ↑ (Ingelesez) «The story behind the first Doctor Who regeneration - Lovarzi Blog» blog.lovarzi.co.uk 2021-06-11 (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
- ↑ (Ingelesez) «Doctor Who: Who is the longest-serving Doctor, really?» Radio Times (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
- ↑ (Ingelesez) Gladman, Andrew. (2021-04-20). «Doctor Who: Why the BBC Series Originally Ended in 1989» CBR (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Zamora, +Alfredo L.. (2019-03-08). «‘Doctor Who’ noveno doctor: lo mejor y lo peor de Christopher Eccleston» Cien Megas (Noiz kontsultatua: 2023-01-09).
- ↑ «Doctor Who (partially lost episodes of British science-fiction TV series; 1963-1974) - The Lost Media Wiki» lostmediawiki.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-08).
- ↑ (Ingelesez) «Rose Tyler» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-01-08).
- ↑ (Ingelesez) BBC wins Christmas TV ratings war. 2005-12-26 (Noiz kontsultatua: 2023-01-08).
- ↑ (Ingelesez) «TV ratings: October 22» the Guardian 2006-10-23 (Noiz kontsultatua: 2023-01-08).
- ↑ «BBC - Press Office - The Sarah Jane Adventures» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-01-08).
- ↑ (Ingelesez) Doctor Who (before the Tardis). 2008-11-19 (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ «BBC - Doctor Who Classic Episode Guide - Season 3» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-01-06).
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- (Ingelesez) Doctor Who-ren webgune ofiziala (BBC katean).
- Jenna Colemanek antzeztutako telesailak
- Alex Kingstonek antzeztutako telesailak
- Arthur Darvillek antzeztutako telesailak
- Karen Gillanek antzeztutako telesailak
- John Barrowmanek antzeztutako telesailak
- Catherine Tatek antzeztutako telesailak
- Freema Agyemanek antzeztutako telesailak
- Noel Clarkek antzeztutako telesailak
- Billie Piperrek antzeztutako telesailak
- Jon Pertweek antzeztutako telesailak
- Tom Bakerrek antzeztutako telesailak
- William Hartnellek antzeztutako telesailak
- David Tennantek antzeztutako telesailak
- Patrick Troughtonek antzeztutako telesailak
- Peter Capaldik antzeztutako telesailak
- Jacqueline Hillek antzeztutako telesailak
- Peter Davisonek antzeztutako telesailak
- Paul McGannek antzeztutako telesailak
- Christopher Ecclestonek antzeztutako telesailak
- Matt Smith (aktorea)ek antzeztutako telesailak
- Geoffrey Beeversek antzeztutako telesailak
- Richard Hurndallek antzeztutako telesailak
- John Leesonek antzeztutako telesailak
- Anthony Ainleyk antzeztutako telesailak
- Michael Sheardek antzeztutako telesailak
- Louise Jamesonek antzeztutako telesailak
- Anneke Willsek antzeztutako telesailak
- Mark Stricksonek antzeztutako telesailak
- John Hurtek antzeztutako telesailak
- Jodie Whittakerrek antzeztutako telesailak
- BBCek ekoitzitako telesailak
- Doctor Who