Telangana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Telangana
 India
Ereserkia
Jaya Jaya he Telangana Itzuli
Administrazioa
Herrialdea India
ISO 3166-2 IN-TG
Hiriburua Hyderabad
Chief Minister of Telangana Itzuli K. Chandrashekar Rao Itzuli
Zatiketa
Geografia
Koordenatuak 17° 59′ N, 79° 35′ E / 17.99°N,79.59°E / 17.99; 79.59Koordenatuak: 17° 59′ N, 79° 35′ E / 17.99°N,79.59°E / 17.99; 79.59
Telangana in India.svg
Azalera 112.077 km²
Mugakideak Maharashtra, Andhra Pradesh, Karnataka eta Chhattisgarh
Demografia
Biztanleria 35.193.978 bizt. (2011)
Dentsitatea 314,02 bizt/km²
Ordu eremua UTC+05:30
Matrikula TS
www.telangana.gov.in/

Telangana Indiako azpikontinenteko Dekkan eskualdeko erdialdean eta hegoaldean kokatutako Indiako estatua da. Hamabigarren estatu handiena da, eta 35 milioi biztanletik gora zituen 2014an, estatu gisa eratu zenean, Andhra Pradesh estatutik sezesio adostua bideratuz. Teluguz mintzo diren bi estatu daude orain Indian, sezesio horren ondorioz. Telanganako lehen hizkuntza ofiziala da telugua, eta bigarrena, 2017tik, urdua[1].

Hyderabad da hiriburua, lehengo Andhra Pradesh handiagoaren hiriburu bera, eta probisionalki, oraindik beste estatuaren hiriburua ere bada zeregin administratiboetarako.

Beste hiri garrantzitsu batzuk dira Warangal, Nizamabad, Khammam eta Karimnagar . Telanganak muga du iparraldean Maharashtra estatuarekin, ekialdean Chhattisgarhekin, mendebaldean Karnatakarekin, eta ekialdean eta hegoaldean Andhra Pradeshekin. 2019tik, Telangana estatua 33 barrutitan banatua dago.


Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinatean eta Erdi Aroan, Indiako zenbait egitura inperial eta monarkikok agindu izan dute eskualdean, hala nola Txola dinastiak, Maurya Inperioak, Satavahana, Chalukya eta Kakatiya erresumek, Delhi Sultanerriak, Bahmani eta Golkondako sultanek... Aginte-egitura horien artean, Delhiko sultanerriak eskualdea konkistatu zuenetik, aginte musulmanak nagusitu ziren eskualdean. Aginte horietan indartsuenak, Mogolen Inperioak, 1687. urtean konkistatu zuen eskualdea Aurangzeb zelarik enperadore.

Nizam independenteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo enperadore batek, gobernadore lokal bat ezarri zuen Nizam al-Mulk tituluarekin, Erresumako Kudeatzailea. Titulu hori dinastia praktikan independente baten oinarri bihurtu zen, eta agintari berezko hauen titulu bilakatu zen formula zaharra: nizam edo nizamak esaten zitzaien agintari hauei, eta beraien lurraldea Nizamem Hyderabad bihurtu zen eskualdea, gortearen hiriburua hiri hori zelako.

Izatez, Nizamen Hyderabadek ez zuen subirautza formala galdu Britainiarren Inperioan, eta Raj delakoaren aliatu bat izan zen, nahiz eta probintzia batzuk (Andhra kostaldea eta Rayalseema) britainiar bilakatu. Praktikan defentsa eta atzerri harremanak britainiarren kontrolpekoak ziren, dena dela.

Indiaren independentziaz geroztik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

India independente bihurtu zenean, Nizamen Hyderabad ez zegoen errepublika berrian, eta nizamak independentziari eutsi nahi izan zion, baina Indiako armada berriak eskualdea konkistatu zuen 1948an. Ondoren, Hyderabad Estatua bilakatu zen eskualdea Indiako egitura federalean.

Nizamen Hyderabad, neurri batean independentea britainiar kontroleko eskualdez inguratua, 1909an; eta India independenteko hegoaldeko estatu federalak 1952an: berde argia zen Hyderabad Estatua Nizamen Hyderabad, neurri batean independentea britainiar kontroleko eskualdez inguratua, 1909an; eta India independenteko hegoaldeko estatu federalak 1952an: berde argia zen Hyderabad Estatua
Nizamen Hyderabad, neurri batean independentea britainiar kontroleko eskualdez inguratua, 1909an; eta India independenteko hegoaldeko estatu federalak 1952an: berde argia zen Hyderabad Estatua


1950eko hamarkadan lurralde berrantolaketaren eztabaida biziak jarraitu zuen, eta nagusiki estatuak hizkuntzen arabera eratu behar zirela ondorioztatu zuten indar politiko indiar gehienek. Hamarkada horren erdialdean, teluguz bi estatu mintzo ziren Hyderabad Estatua eta Andhra Estatua. Hyderabadeko barruti batzuk, teluguz mintzo ez zirenak, beste estatu batzuetara igaro ziren (Maharashtrara marathiz hiztunak, eta Karnatakara kannada hiztunak), baina teluguz mintzo zen parterik handienak bat egin zuen Andhra Estatuarekin, eta telugu estatu handi bat, Andhra Pradesh izenekoa, 1956ko azaroaren 1ean sortu zuten.

Andhra Pradesh 1956-2014 tartean izan zituen mugekin. 2014an, berriro aldatu zen mapa Telangana barrualdearen sezesioarekin: barruti zuriek osatzen dute Telangana. Andhra Pradesh 1956-2014 tartean izan zituen mugekin. 2014an, berriro aldatu zen mapa Telangana barrualdearen sezesioarekin: barruti zuriek osatzen dute Telangana.
Andhra Pradesh 1956-2014 tartean izan zituen mugekin. 2014an, berriro aldatu zen mapa Telangana barrualdearen sezesioarekin: barruti zuriek osatzen dute Telangana.


2014an berriro aldatu zen mapa, Telangana sortu zenean. Bigarren estatu telugu honen sorkuntza barnealdeko eta Hyderabad inguruko eskualdeen erreibindikazioa izan zen hainbat urtez. 1969, 1972 eta 2009 urteetan izan ziren sezesioaren aldeko mugimendu inportanteenak, eta 21. mendeko horrek protestak ere egin zituen kostaldean. 2013tik aurrera, prozesua politikoki bideratu zen, estatu zentralak gidatuta, eta Telanganaren sezesioa indarkeriarik gabe gauzatu zen 2014an.

Hizkuntzak eta erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aginte musulman autonomoek mendeetan eskualdean egon izanak Indiako hegoaldeko Islamaren erdigune bihurtu zuen eskualde hau. Hinduekin alderatuta, hemen ere gutxiengo dira musulmanak, baina proportzio handiago batean daude.

Era berean, Hyderabadeko agintari hauen hizkuntza urdua zen, nagusiki teluguz mintzo zen herrialdean, eta gaur egunean ere populazioaren %12aren jatorrizko hizkuntza da urdua. 2017tik, estatuko bigarren hizkuntza ofizialaren izendapena du[1].

Telugua Indiako hegoaldeko hizkuntza dravidarren taldekoa eta alfabeto berezko batez idazten da. Urdua, aldiz, Ipar Indiako hindi hizkuntzaren aldaera da, beste alfabeto batez idazten den arren, kulturalki Indiako musulmanen harreman-hizkuntza. Nola urduaren ezagutza nahiko zabaldua den Telanganan, Ipar Indian nagusi diren hindi-hiztunekin errazagoa da komunikazioa hemen, dravidarren beste eskualde batzuetan baino.

Teluguak 30 milioi hiztunetik gora ditu Telanganan, eta beste 80 milioi Andhra Pradeshen: hizkuntza literario sendo bat da, hedabidez hornitua, eta Hyderabaden erdigunea duen zine industria bereziki indartsu batekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) «Urdu is Telangana’s second official language» The Indian Express 2017-11-16 . Noiz kontsultatua: 2019-05-31.