Edukira joan

Teodora

Wikipedia, Entziklopedia askea
Teodora

bizantziar enperadore

527ko abuztuaren 9a - 548ko ekainaren 28a
Euphemia (en) Itzuli - Sophia (en) Itzuli
Bizitza
JaiotzaPaflagonia, 500
Herrialdea Bizantziar Inperioa
HeriotzaKonstantinopla548ko ekainaren 28a (47/48 urte)
Hobiratze lekuaApostoleion
Heriotza moduaberezko heriotza: bularreko minbizia
Familia
AitaAcacius
Ezkontidea(k)Justiniano I.a
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaJustinian dynasty (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakantzinako greziera
Jarduerak
Jarduerakdantzaria eta monarka
Santutegia
Azaroaren 14a
Ideologia eta sinesmenak
ErlijioaMonofisismoa

Teodora (501-548ko ekainaren 28a) bizantziar enperatriza, Justiniano I.a enperadorearen emaztea izan zen. Ospe eta botere handiko emakumea izan zen. Eliza Ortodoxoak santu izendatu zuen.[1]

Zirkuko familia bateko alaba, Justiniano I.a enperadorearekin ezkondu eta Bizantziar Inperioko enperatriz bihurtu zen, inperio haren garai gorenean. Bizantziar Inperioak, garai hartan, aurretik Erromatar Inperioak lortutakoa lortu zuen ia: Mediterraneoaren kostalde osoa inperioaren barnean izatea.

Bere ausardia eta odol hotza ezinbesteko euskarri izan ziren Justinianorentzat, eta, esaten denez, berak propio zuzentzen zuen Belisario jenerala gudu zelaietan. Botere politiko handia zuela ere aipatzen da.

Baina, prostituta eta zirkuko aktorea zenez, hasiera batean ezin izan zen Justinianorekin ezkondu. Hori, gizarte klase ezberdinen arteko ezkontzak baimentzen zituen lege bat onartu zenean gertatu zen.

Ustezko xehatasun ilunak ezagutzen dira Prokopioren bidez, baina, jakina denez, egile hau oso kritikoa zen bai Justinianorekin, baita Teodorarekin ere, eta, beraz, berak esandakoak ezin dira aintzat hartu erabateko ziurtasunez.

Esaten denez, bera izan zen, eta ez Justiniano zalantzati bat, Nika matxinada apaldu zuena, odol asko isuraraziz.

Legelari handia, kutsu feminista zuten hainbat lege eman zituen, emakumeen eskubideak oso modu zabalean babestu zituztenak.

Bizitza lasaka bat leporatzen zaion arren (Prokopioren esanetan, pornografikoa eta orgiazalea) eliza ortodoxoak beatifikatu zuen.

  • Bera izan zen, abortuari buruz ezagutzen den lehen legea egin zuena[2]
  • Ezkontzaren legea hobetu zuen, erabateko askatasuna ematen zuena, baita bigamia egiteko ere.
  • Adulterioaren erruduna zigorretik babestu zuen
  • Ezkontza askea baimendu zuen, arraza, erlijio edo gizarte klase ezberdinen artean.
  • Emakumea, askatasun osoz dibortziatzea baimendu zuen
  • Behartutako prostituzioa debekatu zuen
  • Bortxaketentzako heriotza zigorra ezarri zuen
  • Putetxeak arautu zituen, gehiegikeriak eragozteko, emakumeak eurak izan behar zirelarik putetxearen arduradun eta kudeatzaileak.

Minbizi baten ondorioz hil zen, Justiniano baino urte batzuk lehenago.

Ez dago argi non jaio zen Teodora, baina uste da 495 urte inguruan jaio zela eta Konstantinoplan hazi zela.[3]

Bere aitak hartzak zaintzen zituen hipodromoan eta ama dantzaria eta aktorea zen. Bi ahizpa zituen. Aita gaztea zela hil zitzaion, eta ama berriro ezkondu zen.[4]

Procopiusen esanetan, prostituta gisa lanean hasi zen eta antzezlan pornografikoak ere egin zituen, baina historialariek zalantza dute Procopiusek idatzitakoa egia den ala ez.[5]

Beranduago, Teodorak Ipar Afrikara bidaiatu zuen Hecebolusen konkubina gisa, hau Libiako Pentapolis lurraldeko gobernadore bihurtu zenean. Han, eztabaida bat izan zuten, eta Teodora Alexandriara eta, gero, Antiokiara joan zen.[6]

Konstantinopla bueltatu zenean, Justiniano ezagutu zuen, eta honek harekine zkontzeko asmoa erakutsi zuen. Baina legeak ez zuen uzten nobleziako kide bat aktore baten arteko ezkotzarik. Gainera, Justinianoren ama, Euphemia, ezkontza horren kontra zegoen. 524an Euphemia hil egin zen eta haren senarrak, Justin I.ak, lege bat egin zuen aktoreei nahi zutenarekin ezkontzen uzteko. Horren ondoren, Justiniano Teodorarekin ezkondu zen.[7] Teodorak ezkontzaz kanpoko alaba bat ere ba omen zuen.[8]

527. urtean Justiniano enperadore bihurtu zen eta Teodora enperatriz. Procopiusen esanetan, Teodorak senarrari erabakiak hartzen laguntzen zion, estatu kontseiluetan parte hartzen zuen eta eragin nabarmena eduki zuen. Justinianok "nire erabakietan kide" izendatu zuen. Iturri gehinek aipatzen dute mendekua hartzen zuela beti, baina leiala zela.[9] [10]

Nika matxinada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurdi lasterketetan parte hartzen zutenak Urdin eta Berdeen artean banatzen ziren. 532an talde hauek matxinada bat egin zuten, eta buruzagiak heriotzara kondenatu zituzten. Ondorioz, talde biak batu egin ziren eta hainbat eraikin erre zituzten. Horretaz gain, beste enperadore bat izendatu zuten, Hipatio.

Justiniano eta haren funtzionarioak ihes egiteko prestatu ziren, egoera ezin zutelako kontrolatu. Procopioren esanetan, Teodora ihes egitearen kontra azaldu zen, esanez gobernatzaile batek bere karguan hil behar zuela, eta ez ihesean bizi. Teodoraren hitzek bultzatuta, enperadoreak soldaduak bidali zituen matxinatuak gelditzera, eta 30.000 matxinatu hil omen zituzten. Hipatio eta haren anaia Pompeyo ere hil egin zituzten, zigor gisa.[11][12]

Konspirazioak eta joku politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teodorak jokaldi politiko askotan parte hartu zuen, eta hauen buru ere izan zen. Adibidez, Jon Kapadoziakoa pretoriar prefektuarekin gatazka zuen, honek eragin politiko handia zuelako eta enperadorea kritikatzen zuelako. Hala, Teodorak eta Antoninak, Belisario jeneralaren emazteak, konspirazio bat asmatu zuten 541ean Jon boteretik kentzeko. Honen alaba engainatu zuten, esanez konplot batek Justiniano kendu eta Belisario enperadore bihurtzeko asmoa zuela. Alabak Joni kontatu zion, honek traizio hitzak esan zituen eta Teodorak entzun egin zituen. Hala, kargutik kentzea lortu zuen.[13]

Emakume eta prostituten aldeko erabakiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teodorak hainbat emakume lagundu zituen, batez ere behar gehien zituztenak. Adibidez, prostitutak askatu zituen. Metanoia izeneko konbentu bat sotu zuen, prostitutak han bizi ahal izateko. 528an Teodora eta Justinianok putetxeak ixtea agindu zuten, hauen jabeak atxilotuz. Prostituten jabeei ordaindu zieten, eta emakumeak aske utzi zituzten. Bizitza berria hasteko, emakume hauei arropak eta urrezko txanponak eman zizkien.[14]

Erlijio politikak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Justinianok kristologiako adarrak batu nahi zituen, monofisistak Kaltzedoniako kontzilioko elizara batuz. Teodora, monofisista zenez, bere senarraren asmoen kontra aritu zen. Kaltzedoniako kontzilioaren aldekoek heretikotzat jo zuten Teodora. Dena dela, Procopius eta Evagrius Scholasticusek idatzi zuten senar-emazteen gatazka hau antzezpen hutsa izan zela. Hainbat historialarik ikuspegi honekin bat egin dute.[15]

Efesoko Jonek idatzi zuenez[16], Teodorak hainbat eliza eraiki zituen eta pobreak lagundu zituen. Beste iturri batzuen arabera, monofisisten aldeko hainbat ekintza egin zituen. Monasterio bat ere eraiki zuen hauentzat eta bere palazioan babestu zituen hainbat monofista. Besteak beste, Severus eta Anthimus. Azken hau Konstantinoplako Patriarka izendatu zuten Teodoraren eraginez. Eskumikatu zutenean, Teodorak gorde zuen 10 urtez. Kaltzedoniako elizaren jarraitzaile zen Efrain patriarkak matxinadak bultzatu zituenean Antiokian, zortzi artzapezpiku nibifisista Konstantinoplara gonbidatu zituzten eta Boukoleon jauregian babestu zituzten.[17]

Sergio eta Bakoren eliza eraikitzen ere lagundu zuen, han dagoen idatzi batek adierazten duen modura.[8]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Seregi Grau, "Theodora: a (not so) Holy Harlot: Procopius' 'Secret History' and the Hagiographic Narrative," Greek, Roman, and Byzantine Studies vol. 63 (2023), orr: 447, 449
  2. (Gaztelaniaz) Gallego, Mar. (2014-01-29). «El despacho de Teodora» Pikara Magazine (kontsulta data: 2025-11-30).
  3. Evans, James Allan (2002), The Empress Theodora: Partner of Justinian. Austin: University of Texas Press. or.:1 eta David Potter, Theodora: Actress, Empress, Saint (2015) or.: 8
  4. Paolo Cesaretti, Theodora: Empress of Byzantium (2003) orr. 15–16
  5. Whitby, Michael (2017). "David Potter. Theodora: Actress, Empress, Saint". The American Historical Review. 122 (1): 226–227
  6. (Ingelesez) «1911 Encyclopædia Britannica/Theodora (wife of Justinian) - Wikisource, the free online library» en.wikisource.org (kontsulta data: 2025-11-27).
  7. Grau, Sergi; Febrer, Oriol (2020). "Procopius on Theodora: ancient and new biographical patterns". Byzantinische Zeitschrift (alemanieraz). 113 (3): 769–788
  8. a b Foss, C.. (2002). «The Empress Theodora» Byzantion 72 (1): 141–176. ISSN 0378-2506. (kontsulta data: 2025-11-27).
  9. Diehl, Charles (1963). Byzantine Empresses. New York: Alfred A. Knopf.
  10. Evans, James Allan (2002), The Empress Theodora: Partner of Justinian. Austin: University of Texas Press. or.48
  11. Evans, James Allan (2002). The Empress Theodora: Partner of Justinian. Austin: University of Texas Press. or. 40–41
  12. J. A. S. Evans, ‘The ‘Nika’ Rebellion and the Empress Theodora’, Byzantion 54 (1984), or. 380–2
  13. Foss, C.. (2002). «The Empress Theodora» Byzantion 72 (1): 141–176. ISSN 0378-2506. (kontsulta data: 2025-11-29).
  14. Anderson & Zinsser, Bonnie & Judith (1988). A History of Their Own: Women in Europe Vol 1. New York: Harper & Row. or. 48
  15. Kaldellis, Anthony (2023). The New Roman Empire: A History of Byzantium. New York: Oxford University Press
  16. Jon Efesokoa (1860). Ecclesiastical History. Oxford: Oxford University Press.
  17. Barker, John Wesley (1966). Justinian and the Later Roman Empire. Wisconsin: Univ of Wisconsin Press