Teseoren paradoxa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Teseoren paradoxa, Teseoren itsasontzia bezala ere ezaguna, galdera edo problema filosofikoa da, objektu bati bere osagai guztiak aldatuz gero, objektu bera izaten jarraitzen duen ala ez planteatzen duena. Plutarkok jasotako elezahar greko baten arabera:

« Kretatik itzuli ziren Teseok eta Atenasko gazteek hogeita hamar arrauneko itsasontzia zuten, eta atenastarrek Demetrio Falerokoaren garaitik mantentzen zuten, hondatutako taulak erretiratzen zituztelako eta, hauen ordez, berriak eta erresistenteagoak jartzen zituztelako; beraz, ontzi hau, filosofoen artean, hazten ari ziren gauzen nortasunari buruzko eredu bihurtu zen. Talde batek ontziak berbera izaten jarraitzen zuela defendatzen zuen. Besteak ezetz esaten zuen bitartean " »

[1]


Horrek honako galdera hau ekar dezake: ontzi beraren aurrean egongo ginateke ontziaren zati bakoitza banan-banan ordezkatu izan balitz?

Beste galdera bat ere badago: ordeztutako zatiak biltegiratuko balira, eta gero ontzia berreraikitzeko erabiliko balira, horietako zein izango litzateke Teseoren jatorrizko ontzia?

Paradoxa, antzinaroko filosofo gehiagok izan zuten eztabaidagai, hala nola Heraklitok, Sokratesek eta Platonek, Plutarkok bere lana idatzi aurretik; oraintsuago, Thomas Hobbesek eta John Lockek ere eztabaidatu zuten. Paradoxak objektuen identitateari buruzko hausnarketa pizten du filosofian. Paradoxaren beste aldaera batzuk ere eman dira: adibidez, XX. mendeko haur literaturako Paddington hartza harrituta geratzen da bankura bere dirua berreskuratzera doanean, berak han gorde zituenen bestelako billeteak ematen dizkietelako; eta zientzian ere badu islada: gure gorputzeko zelulak berrizten doazenez, gu betiko berdinak gara ala berritzen goaz? [2][3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Chisholm, Roderick M.. (2004-06-30). Person and Object: A Metaphysical Study. Psychology Press ISBN 978-0-415-29593-2. Noiz kontsultatua: 2020-02-09.
  2. (Ingelesez) Law, Stephen; Baggini, Julian. (2010-08-05). 30-Second Philosophies: The 50 Most Thought-provoking Philosophies, Each Explained in Half a Minute. Icon Books Ltd ISBN 978-1-84831-450-4. Noiz kontsultatua: 2020-02-09.
  3. Rea, Michael C.. (1995). «The Problem of Material Constitution» The Philosophical Review 104 (4): 525–552. doi:10.2307/2185816. ISSN 0031-8108. Noiz kontsultatua: 2020-02-09.