Heraklito

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Heraklitoren erretratua, Johannes Moreels-ek interpretaturik

Heraklito Efesokoa, grezieraz Ἡράκλειτος ὁ Ἐφέσιος, Herákleitos ho Ephésios, (K. a. 535 - †K. a. 475) antzinako Greziako filosofoa zen, Efeso hirikoa.

Heraklitoren obraren kontserbatzen diren pasarteak Efesoko Artemisa tenpluan utzitako diskurtso baten atalak dira. Bere idazkian orfismoa eta Hesiodoren eraginak nabaritzen dira.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heraklitoren bizitzari buruzko iturri nagusia Diogenes Laerzio da. Laerziok baieztatzen du Heraklito 69. Olinpiadan (K.a. 504-501) loretu zela. Familia aristokratiko baten barnean jaio zen Efeson, Anatolia. Dirudienez, Heraklitok errefusatu zuen hiriko legeak sortu, konstituzioa guztiz okertuta zegoela uste omen zuelako.

Diogenesek liburu bat egotzi dio, Naturaz, baina pasarte batzuk baino ez dira kontserbatzen. Bere lana paradoxaz eta anbiguotasunez betetako aforismoz osaturik dago. Heraklitoren estiloa oso iluna da, Delfoseko Orakuluaren antzekoa, bere pentsamendua herri xumetik urrun mantentzeko (Jendearen gehiengoaren iritziak ume-jolasekin konpara daitezke). Horrexegatik, Heraklitori Iluna ezizena ezarri zitzaion.

Heraklitoren filosofia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heraklitoren pentsamenduak joniar tradizioaren barruan mantentzen den arren aurrerapen handia dakar. Heraklito da pentsamenduari buruzko hausnarketa egiten duen lehenengo pentsalaria. Logosaren doktrinaren arabera, logosak egiazko diskurtsoa adierazten du. Baina, bestaldetik, logosak unibertsoaren araua adierazten du. Logosa agerikoa den arren, gizaki gutxi batzuek hautematen dute.

Miletoko eskolak unibertsoaren etengabeko mugimendua edo dinamismoa ikusi zuen arren, ez zuen errealitatearen ezaugarri hori sakonki ikertu. Hau izan zen Heraklitoren ekarpen nagusia: panta rhei (dena mugimenduan dago) aforismoan laburtzen du ikuskera berri hau.

Aurkarien doktrinaren arabera, etengabeko aldaketak naturaren oinarrizko ezaugarriak dira: "Den ororen aita da gerra, den ororen errege". "Dena etengabeko jarion dago" esan zuen Heraklitok. Dena mugimenduan dago eta ezerk ez du irauten betirako. Horrexegatik ezin dezakegu «ibai berbera birritan jaitsi», bigarren aldiz jaisten naizenean ibaira, ez ni ez ibaia ez gara berberak. Heraklitok azpimarratu zuen mundua etengabeko kontraesanekin karakterizatua dagoela: bai ongiak bai gaizkiak Guztien beharrezko lekua dute, esaten zuen Heraklitok. Hau da, aurkakoen harmonia da kosmosaren lege unibertsala. Eta kontrasteen arteko etengabeko jolasa egongo ez balitz, mundua existitzeari utziko zion. «Jainkoa eguna eta gaua da, negua eta uda, gerra eta bakea, gosea eta asetasuna», esaten zuen. «Jainko» hitza erabiltzen du baina logosari egiten dio erreferentzia.

Heraklitorentzat, Jainkoa mundua inguratzen duen zerbait da. Jainkoa natura horretan kontraesan eta etengabeko aldaketekin agertzen da. «Jainko» hitzaren ordez, logos greziar hitza erabiltzen du, arrazoia esanahi duena. Heraklito pentsatzen zuen «arrazoi unibertsal» bat egon behar dela naturan gertatzen den guztia zuzentzen duena. «Arrazoi unibertsal» edo «lege natural» hori guztiontzat komuna da. Nolanahi ere, Egia ezagutu ahal izateko zentzumenetatik haratago joatea beharrezkoa dela baieztatzen du. Alegia, arrazoiaren (logos) bidez. Bide hau, Heraklitoaren arabera, ez da guztiontzat. Bere estilo eta jarrera intelektualean ikus daitekeenez Heraklitok Egia horren profeta bezala ikusi zuen bere burua.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrieta, A. (koord.), (2008): Filosofiaren historia, Donostia, Elkar.

Kirk, G.S., Raven, J.E., (1970): Los filósofos presocráticos, Madrid, Gredos.

Aurrekoetxea, M., (koord.) (2009): Filosofia eta herritartasuna (testu liburua), Ibaizabal.

Reale, G., Antiseri, D (1988): Historia del pensamiento filosófico y científico (Vol. I), Barcelona, Herder.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Heraklito Aldatu lotura Wikidatan


Biografia Artikulu hau biografia bati buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.