How the Grinch Stole Christmas
Dr. Seuss' How the Grinch Stole Christmas edota The Grinch (euskaraz Grintxa edota Seuss doktorearen Grintxak Eguberriak Nola Ohostu Zituen) 2000ko Ron Howard estatubatuar zinema zuzendari eta ekoizleak zuzendu eta ekoitzitako eguberri komedia bat da. 1957ko Theodor Seuss Geisel estatubatuar idazlearen izenburu berdineko kontakizunean oinarritua dago. Jim Carrey, Jeffrey Tambor, Christine Baranski, Bill Irwin, Molly Shannon, Josh Ryan Evans eta Taylor Momsen aktoreek antzeztu zuten.
Argumentua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Whovilletarrak gabonetarako prestatzen ari diren bitartean, Crumpit mendian bakarrik bizi den izaki berde bat dago, Grintx deiturikoa, hauek gorroto dituena eta beraien prestaerak zapuztu nahi dituena. Cindy Lou Who, herriko sei urteko neska batek, sinisten du whovilletarrek garrantzia handiegia ematen diela opariei eta ospakizunari, eta ez nahikoa besteekiko harremanei. Postetxean, Cindyk Grintxa topatzen du Gabonetako gutunak eta paketeak hondatzen. Grintxaren itxurak Cindy izutzen du eta gutun-sailkatzailean erortzen da, baina Grintxak gogo txarrez salbatzen du azkenean. Gertaerak Cindy konbentzitzen du Grintxa ezin dela whovilletarrek sinisten duten bezain gaiztoa izan, eta bere iraganari buruz ikertzen hasten da.
Cindyk aurkitzen du Grintxa ume txikia zela iritsi zela Whovillera, bi adineko emakumek hartu zutelarik. Grintxa bere klasekide zen Martha May Whovierrez maitemindu zen, honek ere maite zuelarik sekretuan. Hala ere, inbidiak eraginda, Augustus MayWho izeneko mutil batek Grintxa gaizki tratatzen hasi zen eta bere aurpegi iletsuari buruz barre egiten. Eguberri horietan, Martharentzako, Grintxari aingeru bat oparitzea eta bere aurpegiko ilea moztea bururatu zitzaion, beri aurpegia behin baino gehiagotan zaurituz. Klasera iristerakoan denak barrez hasi ziren bere itxurarengatik, Martha izan ezik. Honek guztiak Grintxari umorea kendu zion eta Gabonei gorrotoa piztu, eta alde egin zuen Crumpit mandira, non orduz geroztik bakarrik eta besteekiko asmo txarrekin bizi izan den.
Cindyk Grintxa izendatzen du herriko Gabonen algaramaisu, MayWho haserretuz, orain alkate dena. Cindy Crumpit mendirantz doa Grintxa ospakizunera gonbidatzeko, eta honek onartzen du, batez ere aukera izango duelako Martha berriro ikusi eta MayWhoz mendekatzeko. Algaramaisu delarik, hainbat ekintzetan parte hartzen hasten eta ondo pasatzera iristen da, MayWhok bizarra mozteko makina bat oparitzen dion arte, bera umiltzeko. Grintxa biziki haserretu eta whovilletarrak eta beraien Gabon-zaletasuna mesprezatzen hasten da. MayWhori ilea moztu eta herriko Gabonetako izeiari su eman eta gero, berriro bere etxera itzultzen da.
Grintxak whovilletarrek beste izei bat dutela aurkitzen duenean zin egiten du beraien Gabon-espiritua izorratzeko hauen opariak, apaingarriak eta jana lapurtuz lo daudela. Hau egiteko bere burua Santa Clausez mozorrotzen du eta Max bere txakurra oreinez, eta Whovillera jaisten da lera batean. Sartzen den lehenengo etxea Cindyrena da eta lapurretan harrapatzen duen arren, Grintxak gezurra esaten dio eta alde egitea lortzen du. Lapurtutako guztia zaku handi batean gordetzen du eta hau Crumpit mendiaren puntura igo, zakua amildegitik bota nahian.
Eguberri goiza iristean, whovilletarrak lur-jota geratzen beraien opariak desagertu direla ikustean, eta MayWhok Cindyri botatzen dio errua Grintxari herriko giro ona zapuzteko aukera emateagatik. Lou Lou Who, Cindyren aita, bere alaba defendatzen hasten da eta arrazoia ematen dio; Gabonetako gauzarik garrantzizkoena familia eta lagunekin egotea dela, opariak eta festa beharrean. Azkenean whovilletarrak bat datoz beraiekin, eta eskuak baturik kantan hasten dira.
Grintxa zakua amildegitik behera botatzear dagoela, herritarren kantak entzun eta ohartzen da bere ahaleginak alferrik izan direla, eta negarrez hasten da Gabonen benetako esanahia ulertzean. Zakua duen lera aldapan behera irristatzen hasten da Cindy bertan dagoelarik, bera bisitatzera etorri baita. Grintxak Cindy eta lera salbatzen ditu eta herrirantz bideratu opariak itzultzeko. Barkamena eskatzen du eta bere burua eman poliziari. MayWhok bere atxilopena eta zigorra eskatzen duen arren, poliziak Grintxaren barkamena onartu eta alkatearen aginduei uko egiten die. MayWho zenbaterainoko maltzurra den ulertzean, Marthak ezkontze-eraztuna itzultzen dio honi, eta bere maitasuna adierazi Grintxari. Biziberrituta, Grintxak herri osoa gonbidatzen du bere etxera Eguberri-eguna ospatzeko.
Aktoreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jim Carrey: Grintxa
- Josh Ryan Evans: Grintx mutikoa
- Taylor Momsen: Cindy Lou Who
- Jeffrey Tambor: Augustus May Who alkatea
- Ben Bookbinder: Augustus mutikoa
- Christine Baranski: Martha May Quienvier
- Landry Allbright: Martha May neskatoa
- Bill Irwin: Lou Lou Who
- Molly Shannon: Betty Lou Who
- Clint Howard: Whobris
- Mindy Sterling: Clarnell
- Jeremy Howard: Drew Lou Who
- T.J. Thyne: Stu Lou Who
- Jim Meskimen: Wholihan ofiziala
- Frank Welker: Max txakurraren ahotsa
- Anthony Hopkins: Narratzailea (ahotsa)
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- The Grinch filmaren iragarkia ikusgai. Youtube.com (Ingelesez)
- Webgune ofiziala (Ingelesez)
- IMDBko fitxa irakurgai (Ingelesez)
- 2000ko filmak
- Ron Howardek zuzendutako filmak
- Jeffrey Pricek idatzitako filmak
- Jim Carreyk antzeztutako filmak
- Taylor Momsenek antzeztutako filmak
- Jeffrey Tamborrek antzeztutako filmak
- Christine Baranskik antzeztutako filmak
- Bill Irwinek antzeztutako filmak
- Molly Shannonek antzeztutako filmak
- Clint Howardek antzeztutako filmak
- Josh Ryan Evansek antzeztutako filmak
- Ron Howardek antzeztutako filmak
- Anthony Hopkinsek antzeztutako filmak
- Bryce Dallas Howardek antzeztutako filmak
- T. J. Thynek antzeztutako filmak
- Verne Troyerrek antzeztutako filmak
- Mindy Sterlingek antzeztutako filmak
- Jim Meskimenek antzeztutako filmak
- Michaela Gallok antzeztutako filmak
- Jeremy Howardek antzeztutako filmak
- Gavin Grazerrek antzeztutako filmak
- Q'orianka Kilcherrek antzeztutako filmak
- Rick Bakerrek antzeztutako filmak
- Rance Howardek antzeztutako filmak
- Caroline Williamsek antzeztutako filmak
- Frank Welkerrek antzeztutako filmak
- Brian Grazerrek ekoitzitako filmak
- Ameriketako Estatu Batuetako filmak
- Fantasiazko filmak
- Umorezko filmak
- Haur filmak
- Eguberriei buruzko filmak
- Kontakizun laburretan oinarritutako filmak