Tolteka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gerrari toltekak, Tulako Atlantes estatuetan irudikatuak

Tolteka[1] antzinako amerindiar leinua da. Toltekak Mexiko erdialdean bizi izan ziren VIII. eta XIII. mendeen artean, baina haien zibilizazioaren urrezko aroa 900. urte inguruan hasi zen, ordura arte garrantzi handiko kultura- eta arte-gune izan zen Teotihuacan hiriaren gainbeherarekin batera. Teotihuacanen gainbeheraren ondoren beren hiriburua Tulan finkatu zuten toltekek.

Zibilizazio aurreratua izan zen: besteak beste, arkitektura- eta arte-lan handiak egin zituzten (estatua erraldoiak, zutabe oso landuak), metala eta harria lantzeko teknika bikaina zuten, papera egiten zuten eta astronomia-ezagutza handiak zituzten. Erlijioari dagokionez, X. mendera arte Quetzalcoatl izan zuten jainko nagusia, Artizarraren eta Haizearen jainkoa. X. mendean Tezcatlipoca jainkoaren gurtzaren aldekoak, eskulangileak eta merkatariak gehienak, nagusitu ziren Tulan, eta hala, Quetzalcoatlen jarraitzaileek Yucatan aldera emigratu eta maien inperiora hedatu zuten tolteken eragina (maia-tolteka aldiaren hasiera); baina tolteken barne-gatazka ugarien eta 1168an txitximekek Tula menderatu izanaren ondorioz, toltekek indarra galdu zuten eta aztekak nagusi izan ziren garaia hasi zen, maia-tolteka kulturan oinarritu zena.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Piramide tolteka (Tula)

Arkitektura tolteka ez zen kalitatez Erdialdeko Ameriketako beste zenbait kulturetakoa baino aberatsagoa, haina egikera eta soluzio herriak erabili zituzten, adibidez galeria arkupeduna, barne espazio handietarako sarbide gisa. Garrantzi handiko berrikuntza tekniko bat erabili zuten tenplu zein bizitokietan: zutabea eta habea egitura elementu gisa erabiltzen hasi ziren, eta horrek aretoei sakontasuna emateko eta espazio zabaleko aretoak egiteko aukera ematen zien. Tenpluak karratuak izaten ziren eta bi barne areto zituzten, atari bat eta zutabeekiko areto luze bat, lurrez eta harriz egindako plataforma baten gainean eraikiak. Berrikuntza izan zen, orobat, arkitektura ideologia militarraren indargarri gisa erabiltzea, eraikinen hormetako behe-erliebeen, estatuen eta apainduren bidez; sarritan agertzen dira eszena makabroak, piztiak giza burmuinak jaten, gudari ilarak...

Tolteken bizitoki nagusia Tula izan zen, eta han aurkitu dira aztarna garrantzizkoenak. Tulako aztarnategia Hidalgo estatuaren hegoaldean dago, Mexikotik eta Teotihuacandik 60 bat kilometrora. Hiriaren erdialdean plaza nagusi bat dago, karratua ia, aldeko 120 m-koa; plaza horretan dago hiriko piramide aipagarriena, eta piramidearen iparraldean berriz, plataforma handi baten gainean, Goizeko Izarraren tenplua dago. Tenplu hau piramide tankerakoa da, inguru hartako zibilizazioetan ohi zen bezala, eta gainean gutxienez beste piramide bat izan zuen adituen ustez; hormak behe-erliebe bikainez apainduak zituen, jaguar, puma, arrano eta suge lumadunen irudiekin. Piramidearen gaineko tenpluak sabai laua zuen; sarreran suge lumadun formako bi zutabe zituen, aurrealdean gudari tolteken irudiko zutabeak eta sabaiaren euskarri 4,60 metroko garaiera zuten atlante bikainak, handiak baina aldi berean harmoniatsuak. Tulako beste arkitektura obra aipagarria horma monumentala da; 2,20 m da garai, eta frontisean eta atzealdean erliebe bikainekiko erlaitz bat du.

Eskultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suge-txori jainko antropomorfikoaren irudikatzea, Quetzalcoatl seguru aski, Tlahuizcalpantecuhtli tenplus (Tula).

Eskulturaren alorrean aipagarriak dira atlanteak eta Chac Mool izeneko estatuak.

Atlanteak kariatide erraldoiak ziren, eta oro har gudariak irudikatzen zituzten; kariatideen oinetan suge-buru handiak eta behe-erliebeak, gudari ilarak irudikatuz, agertzen ziren. Oro har obra zurrunak ziren olmeken fintasunarekin alderatuz gero, eta tolteken gizarte militarraren eta ideologia borrokalariaren nagusitasuna islatzen zuten.

Chc Mool estatuak giza irudiko estatua etzanak dira; zangoak tolestuta eta burua zutik dute, ikusleari aurrez aurre begiratzen diotela, eta eskuak sabel gainean dituzte. Adituen ustez, jainkoei eskaintzak egiteko harri gisa erabiltzen ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]