Torrekua dorretxea (Errenteria)
Torrekua dorretxea (Errenteria) | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Errenteriako hirigune historikoa | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Errenteria |
Koordenatuak | 43°18′42″N 1°53′54″W / 43.3117°N 1.898195°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XVI. mendea - |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura gotikoa pizkundetar arkitektura |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0001553 |
30 | |
Torrekua dorretxea Errenteriako Goiko kaleko 11. zenbakian dagoen XV. mendeko Monumentu historiko izendatu den eraikina da.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdi Aroan, Morrontxo dorrearekin batera, Errenteriako ateetako bat zaintzen zuen, Nafarrokoa edo Sanjuangoa deritzana. Antzinako mapan ikus daitekeenez, harresia ibaia eta itsasoarekin babestuta zegoen, eta lurretik zetozen erasoetatik defendatzeko lau dorretxe zeuzkan: Torrekua, Morrontxo, Zubiaurre jauregia, eta Mikelazulo atea. Marea goian zegoenean Errenteriako harresietaraino heltzen zen itsasoa garai haietan.
Ezagutzen den Torrekuako jabetzarik zaharrena 1693koa da, Joanes de Zulaica arotzarena, Magdalena de Albizu emazterengandik jasoa. Familian urte askotan izan ondoren, 1813an hutsik zegoenez ingeles armada aliatuek erabili zuten guda garaian.
1875ean Karlistei bahitu zitzaizkien ondareen artean azaltzen da Dorre Erdia, lehenengoz erdiari buruz hitz egiten dela. Hurrengo hamarkadan jabetza bi erditan, iparralde eta hegoaldekoa, banatua dagoela ageri da udal dokumentuetan. 1864.ean Iparraldeko Torrekua orubea zen eta Hegoaldekoa etxea. Urte gutxi ondoren beste etxe bat eraiki zen Iparraldeko orubean. Hegoaldeko familiak alokairutik jabetzara pasa izanak eraikuntza gure egunetara egoera onean iristea ekarri du, bertan bizi zirenek konponketa eta eraberritzeak eginez. Iparraldekoa, ordea, utzia izan da urte askotan, honek dakarkien kalteekin.[1]
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Torrekuak oin angeluzuzena du, horma batek bitan banatzen du eta harlangaitz-hormaz eta silarriz eraikia dago. Denboran zehar aldaketa ugari izan ditu, batez ere, dorrea etxebizitzetan banatu zenetik, bakoitzak bere banakako beharretara egokituz. Behekoa eta beste bi solairu ditu, oraindik erraz ikusi daitezkeenak aldaketak izan arren. Etxe-aurre nagusian, Goiko kalean, bi ate ikusi ahal dira, lehenengo pisuan dagoena itsutua dago baina garai batean beratara zeramaten eskaileren arrastoa ikus daiteke.[2] Interesgarriak dira bai Goiko kaleko etxe-aurrean dagoen giza aurpegi itxura duen harriak, bai Jaurtalkol plazan dagoen "justizia biribilkia", presoek zigorra jasotzeko lotzen zituzten harrizko zutabea.
Bi orube biltzen dituen Mendebaldeko horma oso lodia da eta, nahiz eta suteren batek hondatuta itxura txarra duen, oraindik indartsua da. Iparraldeko etxaurrea guztiz hondatua dago eta egoera onean dagoena Ekialdekoa da baina XIX. mendekoa denez ez du jatorrizko elementurik.[3]
Iparraldeko erdiaren eraberritzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dorrearen Iparraldeko erdia egoera txarrean zegoen XX. mendean eta 1991. urtean jasan zuen sute baten ondorioz guztiz utzia zegoen[4]. Errenteriako Hirigune Historikoa Birgaitzeko Plan Berezian sartu zen Torrekuaren eraberritzea, lanak 2008tik 2011ra luzatu zirelarik hasiera batean, Euskal Jantziaren Museoak egoitzatzat erabil zezan. Asmo hau hutsean geratu zen eta Jantziaren Museoa Kapitain Etxean gauzatu da[5][6]. Torrekuaren erabilpenarentzat beste asmo batzuk azaldu ostean, 2016. urtean Errenteriako Udalak Habian! Fabrika kreaktiboa (sormenezko ofizioak) eta Habian! Teknologia kreatiboa (teknologia berriak) proiektuen egoitza bihurtu zuen. Proiektu hauek Errenteria 2025 Plan Estrategikoan dute oinarria, ekintzailetza kolaboratibo eta kooperatiboa ditu ardatz nagusiak eta sail hauetako batean enpresa sortu nahi duenarentzat dago irekia. Guztira bitxigintza alorrean 6 postu, ehungintzakoan 4, coworking espazioan 11 eta teknologia kreaktiboaren kasuan 11 postu izan ditu, eskaeren arabera banatuak[7]
Eraberritzearen ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lorategian zegoen eraikin zaharra kendu eta etxaurreak errespetatu egin dira, ekialdekoa ezik, XIX. mendekoa zena baina balio historikorik gabea. Irisgarritasun elementuei garrantzia eman zaie, kanpoaldean igogailua jarriz eta pasabide berria Patxikuren kanpetara doana. Behekoa gehi hiru solairu ditu.[8][4][9]
Barrukaldea garbia eta argitsua da, kolore zuriz eta egur argiz apaindua. Mahaiak, aulkiak eta beste altzariak lan desberdinetarako antolatuak direnez, arinak, mugikorrak eta funtzio anitzetarako pentsatuak dira.[10]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Errenteriako Udala Torrekuari buruzko txostena
- ↑ Oarsoaldea turismoa
- ↑ Errenteriako udala Udalerria ezagutu
- ↑ a b Xanjuarte
- ↑ Oarsoaldea Turismoa Jantziaren zentroa
- ↑ Diario Vasco Adiós al Museo del Traje antes de abrir (Gaztelaniaz)
- ↑ Herribizia Torrekua, ekintzailetza kolaboratiboa eta kooperatiboa bultzatzeko prest
- ↑ Nekar Errenteria
- ↑ Errenteriako Udala Oarso aldizkaria, 2008
- ↑ Juan Álvarez Interiorista Habilitación interior Torrekua (Gaztelaniaz)