Txantiloi:2009-1 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Karlos II.a Nafarroakoa (1332ko urriaren 10a - 1387ko urtarrilaren 1a) Nafarroako erregea (1349-1387) eta Evreuxeko kondea (1343-1387) izan zen. Filipe Evreuxeko konde aitarengandik eta Nafarroako Joana II.a amarengandik aipatutako lurraldeez gain, Normandian ere lurralde franko jaso zituen gurasoengandik, 1328an Champagne, Brie eta Frantziako tronuaren gaineko aldarrikapenei uko egiteagatik. Honela, Frantziako iparraldean Evreux, Mortain, zein Vexinen eta Contentinen zati batzuen jabe zen Karlos.

Aita Filipe VI.a Frantziakoaren lehengusua eta ama Luis X.a Frantziakoaren semea izanda, Karlosek lirio-lorea (Frantziako erregetzaren ikurra) bi adarretan zeukala esatea gustoko zuen. Gauzak honela, amaren partetik Filipe Ederra Frantziako erregearen berbiloba izanda, erregetza nork beteko zuenarengatik sortu zen Frantzia eta Ingalaterraren arteko Ehun Urteko Gerran parte-hartze handia izan zuen Karlosek, bata edo bestearekin aliatuta, beti ere bere helburuak bete nahian. Frantziako koroaren gaineko aldarrikapena onar ziezaioten espero zuen luze. Nafarroari dagokionez, 1350eko udan etorri zen koroa jasotzera, baina bisita txikiez aparte, erregealdiko lehenengo 12 urteak ia-ia soilki Frantzian eman zituen. Hasiera batean, lanesku-iturritzat hartu zuen Nafarroa, Frantzian botere gehiago bereganatzeko.