Txantiloi:2010-15 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Bethlehemsteel.jpg

Industria lehengaiak eraldatuz produktuak ekoiztu egiten dituzten jarduera eta prozesuen multzoa da. Ekoiztutako produktuak zein diren, industria-jarduera mota ezberdinak daude. Adibidez, automobilgintza izeneko industria-sektorean, automobilak eta automobiletarako osagaiak ekoizten dituzten jarduerak biltzen dira eta metalgintzan burdina eta beste metalak eraldatzen dituzten fabrikak biltzen dira[1]. Lehengaiez gainera, industriak lehengaiak eraldatzeko energia behar du eta azpiegiturak (errepideak, trenbideak, ...) lehengaiak fabriketaraino garraiatu eta bertatik produktu bukatuak banatzeko. Ekonomian, industriak bigarren sektore izenekoa osatzen du, nekazaritza eta arrantza hartzen duten lehenengo sektorearen eta zerbitzuak barne hartzen dituen hirugarren sektorearen aldean[2]. Historian zehar, Industria Iraultza izenekoa izan zen XVIII eta XIX. mendeetan zehar industria gehien garatu zen aldia, ekonomia osoaren produktua nabarmen gehituz. Dena den, munduan zehar industriaren garapena oso ezberdina da eta horrela herrialde industrializatuak eta ez-industrializatuak bereizten dira. Aldi berean, herrialde industrializatuak izaten dira ongizate material handiena izaten dutenak, oraindik nekazaritzan oinarritzen diren herrialdeen aldean. Hala ere, herrialde aberatsetan badago joera fabrikak kostu txikiagoak dituzten herrialdeetara eraman eta bestelako jarduera espezializatuagoak (hirugarren sektorean, esaterako) sendotzeko. Industriaren garapena izan da baita ere, neurri handi batean, egungo ingurumen-arazoen sortzaileetako bat, bere ekoizpen-prozesuetan sortutako hondakinak atmosfera eta ibaietara kontrol eskasarekin isurtzeagatik besteak beste.

Erreferentziak[aldatu iturburu kodea]

  1. Adiera zabalean, zinemaren industria, bideojokoen industria eta industria turistikoa aipatzen dira, besteak beste; baina hertsiki hauek ez dira industria-jarduerak, industriaren definizio zorrotzari jarraituz.
  2. Laugarren eta bosgarren sektoreak ere definitu dira ekonomian.
...gehiago irakurri