Txantiloi:2013-24 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txernobylgo hondamendia (errusieraz Черно́быльская ава́рия, "Txernóbilskaia avárija; ukraineraz Чорнобильська катастрофа, "Txornobilʹsʹka katastrofa") Ukrainako Txernobyl hirian gertatu zen 1986ko apirilaren 26an. Historiako istripu nuklearrik larriena izan zen, Istripu Nuklearren Nazioarteko Eskalan 7. mailan kokatzen delarik (denetan handiena). Egun hartan, Lenin zentral nuklearreko 4. erreaktorean bat-bateko potentzia igoera bat izan zen. Honek erreaktore nuklearraren nukleoa gehiegi berotzea eragin zuen; ondorioz, bere barnean bildutako hidrogenoa lehertu egin zen, energia elektrikoaren horniketa eten egin zela simulatzeko proba batean. Askatu zen material erradioaktibo kantitateak (1945ean Hiroshiman jaurtitako bonba atomikoak askatutakoa baino 500 bat aldiz gehiago izan zela uste da) ofizialki 31 lagun hil zituen zuzenean, eta Sobietar Batasuneko gobernua beste 135.000 inguru hartatik ateratzera behartu zuen. Europako iparraldeko eta erdialdeko hainbat herrialdetan erradioaktibitatea detektatu zenean, nazioarteko alarma sortu zen. Ondorio ekonomikoez gain, hondamendiak epe luzera osasun publikoan izan dezakeen eragina ere ikertu izan da. Atera dituzten ondorioak eztabaidagai badira ere, guztiak bat datoz honetan: kutsadura jasan duten milaka eta milaka lagunek, beren bizitzako uneren batean pairatu dituzte edo pairatuko dituzte horren ondorioak osasunean. Ukrainako gobernuarekin izandako negoziazio luzeen ondoren, nazioarteko komunitateak zentralaren behin betiko itxieraren kostuak finantzatu zituen, eta 2000ko abenduan bukatu zen itxiera. 2004az geroztik erreaktorearentzako sarkofago berri bat eraikitzen ari dira.