Txantiloi:2015-3 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Getaria Gipuzkoako kostaldeko udalerri bat da, Urola Kosta eskualdean. Ekialdean Zarautz du mugakide, eta mendebaldean Zumaia. Herrigunea Gipuzkoako kostaldeko bazter askotatik ikusgarria den San Anton mendi eta penintsularen inguruan zabaltzen da. Penintsula lehorrera lotzen duen istmoaren gainean dago Getariako herrigune zaharra. Historian, Getaria Juan Sebastian Elkano marinelaren jaioterria da, munduari bira osoa eman zion lehena. Arrantzale giroko herria, Euskal Herriko kostako turismogune ezaguna da eta Getariako Txakolina jatorrizko izendapen udalerri nagusia. Cristobal Balenciaga museoa ere han dago.

Gipuzkoako Getariaz gain, Lapurdin ere izen bereko Getaria udalerria ere badago. Bi udalerriak Euskal Herriko kostaldean izanik eta arrantzale usadioa izanik, bi udalerrien izenen esanahi eta jatorrien antzekotasuna bilatu nahi izan da antzinatik. Azken urteetan topatutako aztarna arkeologikoetan oinarriturik, gaur egungo hipotesi nagusia da leku-izenaren jatorria latinezko cetaria hitza dutela, bai Gipuzkoakoak, baita Lapurdikoak ere. Latin klasikoan [ketaria] ahoskatua, arrain kontserbak egiteko tokiaren izena zen. Hain zuzen ere, arrain kontserbagintzako erromatar instalazioen aztarnak aurkitu dira bi herriotan.