Juan Sebastian Elkano

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau marinelari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Elkano (argipena)».
Juan Sebastian Elkano
Juan Sebastian Elkano
Elkano irudikatzen duen litografia, 1854koa.
Datu pertsonalak
Izen osoa Juan Sebastian Elkano
Jaio 1476 inguruan
Euskal Herria Getaria, Gipuzkoa
(Euskal Herria)
Hil 1526ko abuztuaren 4a
(Ozeano Barea)

Juan Sebastian Elkano (Getaria, Gipuzkoa, 1476 inguru – Ozeano Barea, 1526ko abuztuaren 4a) euskal herritar esploratzailea eta itsasgizona izan zen. Oso ospetsua da; izan ere, munduari bira osoa eman zion lehenbiziko espedizioan parte hartu zuen, eta azkenengo zatian bera izan zen espedizioko buruzagi. 1519an Sevillatik irtenda, 1522an heldu zen Sanlúcar de Barrameda herrira Victoria ontzia. Elkano eta beste 17 marinel baizik ez ziren bizirik itzuli.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Sebastian Elkano eta Getaria. Ignacio Zuloagaren margolana.

Uste denez, Getaria udalerriko San Roke kalean zegoen Juan Sebastian Elkanoren jaiotetxean jaio omen zen.

Gaztetatik bere jaioterria zen Getariako itsasgizonen bizitzara ohitua izanik arrantzale izan zen, gerora Frantziako portuetan zehar merkatal eta estraperluko jardunetan ibili ondoren bere itsasgizon ibilbidea gehiago osatu zuen.

Bere izaera lehiatsu eta abenturazalea baliaturik, 1509an parte hartu zuen Cisneros apezpikuak Aljer erasotzeko antolatu zuen espedizioan. Era berean, Gonzalo Fernández de Córdoba kapitainak Italian zehar zuzenduriko kanpainetan izan zen, eta han Euskal Herriko beste gizaseme batzuek ere paper garrantzitsua jokatu zuten, adibidez Pedro Navarrok, Olivetoko kondeak.

Magallanesen espedizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzuli ondoren, Elkanok gerraontzi bat atzerritarrei errenditu zienez espainiar legearekin hainbat arazo eta liskar izan zituen, ondorio bezala Sevilla hirira ihes egin zuen, han 33 urterekin Fernando Magallanesen espedizioan zihoan eskifaian izen eman zuen. Espedizio honen lehenbiziko helburua Espainia eta garai hartako Sartaldeko Indiak eta Ekialde Urruna lotuko zituen ibilbidea irekitzea zen, mendebaldetik; hau da, portugaldarrek kontrolatzen zuten ekialdeko bidearen pareko bat, Ekialde Urruneko espezien merkataritzarekin aberasteko modua emango ziena.

Espedizio hura 5 ontziz eta 234 gizonez osaturik zegoen. Elkanori Concepción naoan maisu postua eman zioten.

Hasiera batean Magallanesen espedizioa osatzen zuten ontziak
Ontzia Tonak    Eskifaia
Trinidad 110   55  
San Antonio 120   60  
Concepción 90   45  
Victoria 85   42  
Santiago 75   32  
    Denera: 234 
Espedizioak Magallanes itsasartea igarotzeko egin zuen ibilbidea.
Elkanoren eskaintza, munduari bira egin ondoren lehorreratu ziren unea irudikatzen duen koadroa, Elias Salaberriak 1924an egina.

Espedizioa 1519ko abuztuaren 10ean Sevillatik atera eta irailaren 20an Sanlúcar de Barramedan itsasoratu zen, ondoren Kanarietan geldiune bat eginda Brasilgo kostaldera zuzendu zen, hau Hegoaldeko norabidean zeharkatu eta 1520ko martxoaren 30ean San Julián deitu zuten ibaiaren bokalean gelditu (gaur egungo Patagonian) eta han neguan igaro zuten. Leku honetan Magallanesek Juan de Cartagena eta beste hainbat kapitain eta itsasgizon ugarik sorturiko batzordeari aurre egin behar izan zien, aurrera jarraitzeari uko egin eta matxinatu egin baitziren. Matxinatuek Elkanori San Antonio naoaren ardura militarra eman zioten.

Bi alderdien arteko liskarrak modu bortitzean konpondu ondoren, Elkano aurretik Concepción ontzian zuen kargura itzuli zen. Postu horretan ziharduelarik, urte hartako azaroan, gerora Magallaes itsasartea izenez ezagutuko zen itsasartetik igaro ziren, eta Ozeano Barearen handitasunean barneratu. Gorabehera eta gertakari ugariren ostean 1521eko udaberrian Filipinetara heldu ziren, ordurako espedizioari bi ontzi besterik ez zitzaion gelditzen, eta jada hilak ziren espedizioa osatzen zuten itsasgizonetako asko, gaixotasunez. Han zeudela, 1521eko apirilaren 27an, Cebutik hurbil dagoen Mactan uhartean espedizioko buruzagi Magallaes hil zuten.

Elkanok Victoria ontziko eta espedizio osoko agintea hartu zuen. Moluka uharteetara iritsi eta ontzi bat bertan deseginda geratu arren, bestea espeziez kargatu eta itzulera antolatu zuten.

1522ko ekainaren 6an itzuli ziren Sanlucar de Barramedara, hiru urteko bidaldiaren ostean, eta irten ziren 265 gizonetatik 18 baizik ez ziren heldu. Karlos V.a erregeak Elkano Valladoliden hartu zuen, eta bere armarrian munduaren irudi bat ezartzeko baimena eman zion, honako esaldi hau ipinita: "primus circumdedisti me" ("zuk inguratu ninduzun lehena"). Handik hiru urtera beste bidaia batean abiatu eta Ozeano Barean hil zen. Gorpua kareletik behera itsasora bota zuten.

Magallanesen Victoria ontziaren itsasbidea (urdinez), Elkanok Filipinetatik aurrera agintea hartua (gorriz), munduari lehen bira eman ziona.

Munduari emandako lehen itzuliaren amaieran bizirik iraun zutenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Magallanesen espediziotik bizirik iraun zutenen izenen zerrenda. 1956eko maiatzaren 7an datatutako idazkia, Sanlúcar de Barramedako udaletxean gordea.
Hamazortzi gizon hauek itzuli ziren Sanlucar de Barramedara Victoria ontzian 1522an
Izen-deiturak eta jaioterria Kargua
Juan Sebastian Elkano (Getaria, Euskal Herria) Kapitaina
Francisco Albo (Axio —gaur egun Kios—, Grezia) Pilotua
Mikel Rodaskoa (Rodas, Grezia) Pilotua
Juan Akurio (Bermeo, Euskal Herria) Pilotua
Antonio Pigafetta (Vicenza, Italia) Nabigatzailea
Martin de Yudícibus (Genova, Italia) Nabigatzailea
Hernando de Bustamante (Alcantara, Espainia) Marinela eta bizargina
Nicolás el Griego (Nauplio, Grezia) Marinela
Miguel Sánchez (Rodas, Grezia) Marinela
Antonio Hernández Colmenero (Huelva, Espainia) Marinela
Francisco Rodrigues (Sevilla, Espainia) Marinela
Juan Rodríguez (Huelva, Espainia) Marinela
Diego Carmena (Baiona, Galizia) Marinela
Hans Akisgrangoa (Akisgran, Alemania) Kanoilaria
Juan Arratiakoa (Bilbo, Euskal Herria) Itsasmutila
Vasco Gómez Gallego (Baiona, Galizia) Itsasmutila
Juan de Santandrés edo Santander (Cueto, Espainia) Itsasmutila
Juan Zubileta (Barakaldo, Euskal Herria) Morroia

Monumentuak eta jaiotetxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Juan Sebastian Elkano Aldatu lotura Wikidatan