Wikipedia, Entziklopedia askea
Jendea bakuen aurrean ilara egiten dirua ateratzeko

1929ko kraka ("Astearte Beltza" ere deitua) oso gertaera historiko garrantzitsua izan zen, Depresio Handiaren hasiera izan zelako. Depresio Handia azken mendeetako krisi ekonomiko larrienetakoa izan zen. Gertaera hau ongi ulertzeko, beharrezkoa da garai hartako egoera ekonomiko eta soziala ezagutzea.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1920ko hamarkadaren amaiera aldera, Estatu Batuetako egoera ekonomikoa izugarri ona zen. Garai horri "1920ko Hamarkada Zoriontsua" deitzen zaio. Hamarkada horretan, industria-ekoizpena asko hazi zen, berrikuntza teknologiko asko egon ziren, eta jendea burtsan neurrigabeki espekulatzen hasi zen. Burtsan espekulatzea dirua irabazteko asmoz akzioak erosi eta gero berriz saltzen aritzea da.

Balore-burtsa garai horretako hazkunde ekonomikoaren ikur bilakatu zen. Burtsako akzioekin espekulatzea gero eta erakargarriagoa bilakatu zen inbertitzaileentzat eta jende arruntarentzat. Burtsan gero eta diru gehiago inbertitzen hasi ziren, batzuetan horretarako maileguak eskatuz, dirua azkar irabazteko asmotan. Espekulazioa neurrigabeki hazi zen, eta akzioen prezioak oso azkar igo ziren, jasangarria ez zen modu batean.

Astearte Beltza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1929ko urriaren 29a, asteartea, balore-burtsaren gainbeheraren hasiera izan zen. Egun horretan, inbertitzaileak beren akzioak ahalik eta azkarren saltzen saiatu ziren, prezioak are gehiago jaitsi baino lehen ahalik eta diru gehien berreskuratzeko. Hainbeste saldu zirenez, akzioek beren balio ia guztia galdu zuten.

Ondorioz, inbertitzaileak guztiz beldurtuta geratu ziren. Akzioen prezioek gainbehera egin zuten, eta milioika akzio saldu ziren oso ordu gutxitan. Izugarrizko diru-galerak egon ziren, eta inbertitzaile askok dirutza handia galdu zuten egun batetik bestera. Bankuek eta burtsako agenteek ere sekulako galerak izan zituzten.

1929ko krakak berehalako ondorioak izan zituen ekonomian. Kontsumitzaileek konfiantza galdu zuten, eta horren ondorioz gutxiago erosi eta inbertitzen hasi ziren. Jendeak enpresen produktuak erosteari utzi zion. Orduan, enpresek ekoizpena murriztu behar izan zuten eta langileak kaleratzen hasi ziren.

Krisi ekonomikoa bankuetara ere hedatu zen. Ekonomiaren egoera txarra zela eta, jende askok bere diru guztia bankuetatik atera zuen, diru hori galtzeko beldurragatik. Honek banku askoren gainbehera eragin zuen, egoera ekonomikoa are larriagoa bihurtuz.

1929ko Kraka ez zen gertakari bakan bat bakarrik izan, Depresio Handiaren hasiera baizik. Depresio handia krisi ekonomiko oso luzea izan zen, eta Estatu Batuez gain, munduko beste herrialde batzuei ere eragin zien. Balore-burtsaren kolapsoaren ondorioak ekonomiaren sektore guztietara zabaldu ziren, nekazaritza eta industria barne.

Gobernuek krisia geldiarazten saiatzeko neurriak hartu zituzten. Hala ere, hartutako neurri horiek ez ziren nahikoak izan krisi ekonomikoari aurre egiteko.

Depresio Handiaren alde okerrenetako bat langabezia izugarri igo zela izan zen. Milioika pertsona lanik gabe geratu ziren, eta familia asko ez ziren gai beren oinarrizko beharrak asetzeko. Pobrezia mundu osoan zabaldu zen, eta jende asko etxebizitza gabe eta etsita geratu zen.

Zer ikasi zuen munduak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1929ko Krakak irakaspen garrantzitsu bat utzi zuen ekonomiaren historian. Bankuak erregulatzeko beharra zegoela eta burtsan neurrigabeki espekulatzea arriskutsua zela erakutsi zuen. Krisi honen ondorioz ikasitakoak hainbat aldaketa esanguratsu eragin zituen finantza-sisteman, etorkizunean horrelako krisirik berriz ez gertatzeko.